Sua "Bide ilunek argitzen zuten dena"
Hirugarren disko honetan, bizkaitarrek rock potentea eta alternatiboa landu dute. Are gehiago, diskoaren zati handi batean grungea oso presente dago, betiere berezko nortasuna mantendu duten arren. Sutea eta Etsaiak kantuek hasiera boteretsua ematen diote lanari. Eta segidan, doinu zoragarri bat, diskoko onena, Loratzen kantuarekin. Ahotsa altu dago eta bihotz-bihotzetik ateratako notak dira, oso biziak. Nirvanaren eragina ere badaukate, kantu horretan zein beste batzuetan. Eta batez ere Dover gogorarazten digute (Madrildarren garairik gogorrenak, noski) hainbat piezetan: Santu edo heroi, Know it all eta abarretan. Martxoa-k Suaren aurreko diskoetako melodia motak gogorarazten dizkigu. Garapen bereziki interesgarria dakar Emakume jantzia-k, melodia polita eta gitarra indartsuak izateaz gain. Eta amaiera Rollercoaster garaiezinarekin dator. Nazioarteko hit bat dirudi, eta kolaborazio harrigarri bat dakar: The Baboom Show taldeko Cecilia Boström abeslaria. Itzela.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: