Gontzal Mendibil "Nire bihotzak zure begiak ditu" (2014)

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2023-09-11 13:54

pyromanya@hotmail.com 1694434040203

                      URRATS BERRI BAT

Artikulu hau Entzun liburuan atera zen lehen aldiz, 2014ean.

Disko berria dauka Zeanuriko abeslariak, hain zuzen bere ibilbideko hamahirugarrena. Duela hiru urte argitaratu zuen Neure txiki polita Gorbeia aldeko kantu zaharren berreskuratzea izan bazen ere, disko hartan bi abesti berri ere bazeuden. Oraingoan, haatik, abesti guztiak bereak dira. 11 guztira. Nahita bilatu duen ala ez, ez dakit, baina disko osoan halako bakezko sentimendu bat antzematen dut. Herri bat gara, Edan itzazu egunak edo Ez dakit dakizun baina…, adibidez, harmonia horren adierazle onak dira. Ez dakit Gontzalek bakea topatu ote duen, baina sakonetik atera zaion diskoa dirudi, oztopo guztien gaindi bere musikarekiko pasioa nabarmendu nahi izan balu bezala.

Askok jakingo duzuen moduan, bere enpresa produktoreak (Keinu, bere hainbat disko eta espektakulu aurrera atera zituena) porrot egin zuen duela hiru urte, 2007an TVEk La Botica de la Abuela saioari kontratua berritu ez zionetik milioika euroko zorretan sartu baitzen. Hondamendi honen aurrean, sormenaren aldeko apustua egin du, disko benetan gomendagarri honetan islatu dena. CDko lehen bi abestiak, Badakizu zer den gure herria? eta Nire bihotzak zure begiak ditu, benetan zoragarriak dira, eta aurrerantzean bere errepertorioan faltako ez direlakoan nago. Eta, abesti ederrez ari garela, Handia izanen naizenean hunkigarria da. Letra zertxobait sinplea izanagatik, oso eraginkorra eta ederra da. Aparta. Diskoa ixten duena, hil berria den Alex Angulo aktoreari eskainia dago (Nola liteke), beste emozioz betetako letra batekin. Ez dezagun ahaztu Gontzal bera dela, betidanik, bere abestien letragile nagusia, nahiz eta euskal poeten hitzak musikatzea ere atsegin duen.

Diskoa, instrumentazio sinple baina kalitate bikainekoaz osatua dagoena, artistak lortu duen heldutasun artistikoaren adierazlea da. Baikortasun sentsazioa ematen du, nahiz eta amodio ezaren abesti bat ere egon (Maite ninduzula). Dena den, onena zain daukagulakoan nago: abendutik hasita aurretik daukagun kontzertu sorta, alegia; oholtza gainean sekula hutsik egiten ez duen artista baita: 3an Bilbon izango da, eta 19an Laudion, 26an Donostian, 27an Gernikan, 30ean Azpeitian eta urtarrilaren 9an Barakaldon.


Utzi iruzkina: