Gontzal Mendibil "Hazia" (Egilea Editore)
Auzolana. Eraldaketa. Hazia.
“Hazia” musikala Jose Maria Arizmendiarrieta apaiz Markinarraren bizitza eta obraren errepresentazioa edo antzezpena da. Jose Maria (1915-1976) Arrasateko kooperatiben sustatzaile eta ideologoa izan zen. Gontzalek egin duen obra honetan bere bizitzako eta gure herriko gertakizunik garrantzitsuenetako batzuk kontatzen dira: Gernikako bonbardaketa, errepresioa... e.a. Jose Mari 1941ean iritsi zen Arrasatera eta hor hasi zuen bere obrarik handiena: Mondragon Kooperatiba.
Obra honetan kontatutako zein kantatutako istorioak entzun ditzakegu. Partaideen artean narratzaile bat, bi koru, hamaika musikari eta hamabi dantzari izango dira oholtza gainean. Gontzal Mendibilenak dira gidoia, zuzendaritza, narrazioa eta nola ez, musika bera. Ez da, gainera, lehen aldia Gontzalek halako lan anbiziotsu bat egiten duena, hor baitaude “Iparragirre hegalaria”, “Olentzaro”, “Elorri loratua”, “Arrupe” eta “Gau magikoa” obrak ere.
Gauzak horrela eta planteamendua bera dela eta, hemeretzi kantu eta ordu eta laurdeneko iraupena duen musikal honen soinu banda lan kontzeptuala dugu. Lan mota hauek narrazioak berak markatu ohi dituen arren, horrek ez du kantu ederren edo luzimendurako momentu zenbaiten kontra jokatu beharrik. Diskoak bete-beteko hasiera dauka “Hazia zen hasieran” kantuaren melodia polita eta koruaren eraginkortasuna direla eta. “Ez ahaztu nor zaren” Ainhoa Tabuyoren ahots magikoak goratzen du, Gontzalek berak ere kantatzen duen arren. Kantua hunkigarria da, Gontzalen tradizio melodiko eta barnerakoienean egina eta iraungo duen trinkotasunaz beztitutakoa.
“Espetxeratuena”k nostalgia melodiko kutsu bat dauka eta José Luis Canalen pianoak efektua biderkatzen du. Solemnitate gozagarriz jantzitakoa da “Lurralde estuan”. Laster bosgarren martxa sartzen du Gontzalek bateria, perkusioa eta erritmo sinkopatuak dituzten kantu segida batean. Gizonezkoen koruak (“Ezina, ekinez egina”), emakumezkoenak (“Amaren sua” aparta) eta mixtoak (“Mundu berri bat” estimulatzailea) lan luze honen hainbat bertuteren erakusgarriak dira.
Karibeko erritmoak ez dira falta “Auzolan” dantzagarrian. Azken honetan dagoen lan korala entzunda antzeman ditzakegu antzezlanean emango dituen handinahizko fruitu ederrak. Lehen aipatu bezala, antzezlanak markatutako fase edo etapaz osatua dago diskoa, bere igoera eta intentsitate jaitsierekin, betiere ikuslegoan sortuko duen efektua helburu dutela. Aipatu ditugun koruak, perkusioak, bateriak eta ahotsek badituzte bidelagun gehiago ordea: “Konpromisoa” eta “Mintza hadi” kantuen biolina (Mai Zienkiewich), Iñaki Dieguezen soinua (adibidez “Itxaropenezko kantuan”) eta Gontzalen klasiko garbi horietako bat: “Zu, nor zaitugu”. “Ni joango naiz”ek amaiera koral eta solemnea ematen dio gutxiago merezi ez duen obrari.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: