Gatibu "Azken zoramena"
BIXOTZA SUTEN, GATIBUREN AGURREAN
Pasa den abenduaren 13an eman zuen Gatibuk, Barakaldoko BEC aretoan, azken agurra. ETBn ikusi ahal izan genuen han bizi izan zena, beraz hura bai telebistan zein zuzenean (abenduaren 6ean, 12an edo 13an) ikusi zutenek badakite zertaz ari garen. 25 kantuko zuzeneko disko bikoitz hau (taldearen bigarrena), aldiz, Gernikan ekainaren 7an eman zuten kontzertuan grabatu zen. Argi dago, noski, BECen egon zen jendetza baino gutxiago egon zela hemen, baina emanaldi oso arrakastatsua izan zen. Disko hau abenduaren hasieran argitaratu zen, hain justu BECeko azken kontzertuen egun beretsuetan, eta askok kontzertua amaitutakoan BECen bertan erosi genuen.
Gernikako emanaldi hau ere oso beroa izan zen, grabazioan antzematen den moduan. 25 urteko ibilbideari errepasu ederra eman zioten, nahiz eta batik bat lehen hiru diskoetan zentratu ziren. Zuzeneko honen lehenengo diskoa klasikoz josita dagoen grabazio lehergarria da: Hemen daude hainbat eta hainbat klasiko: Bilusik, Lorak eskaintzen, Inpernuen ate joka edota Pailazo ahaztezinak. Soinua ona da eta berehala girotzen du entzulea. Abesti batzuen artean, orokorrean, bai Alexek bai Haimarrek publikoari hitz egiten diote, eta horrek han bizi zen giroa islatzen du, baina erritmoa ere pixka bat moteltzen du. Helburua bete dute, ordea: han gertatutakoa era fidelean deskribatzea.
Bigarren CDan, garai berriagoetako kantu dezente sartu dituzte, klasiko hainbatekin partekatuta bada ere. Honela, Salto-rekin hasten da bigarren diskoa, eta azken bi diskoetako kanturik ez dagoen arren, aurreko lau lanetako klasiko “berriak” ez dira falta. Kontua da kantu hauek bere lekua egina daukatela jada Gatibutarren bihotzean, eta Iraultza alaia, Euritan dantzan, Gora kopak! edota Aske maitte klasikoen pareko maila daukatela frogatzen dute. Tartean, betiko kanta hilezkorrek, hala nola Urepel, Bixotza suten, Musturrek sartunde edota Zeu zeu zeu!, topera igotzen dute tentsioa, klasiko berriek baino beroago egin ere, ikuslegoaren erantzunari jaramon egiten badiogu. Diskoa amaitzeko, ordea, 2012. urteko Gabak zerueri begire aukeratu dute. BECeko kontzertuan bezain besteko erantzuna jaso zuen Gernikan, eta lana amaitzeko modu bikaina da, inondik ere.
Soinua, lehen aipatu dugun moduan, zuzeneko diskorik onenen parekoa da, eta garbi eta indartsu nabari dira kantu ia guztiak. Haimar Arejitaren gitarra riff hard-rockeroak, sinpleak eta hiltzaileak, bereziki gomendagarriak dira, tarteka sartzen dizkien wah-wha eta bestelako efektuak ahaztu gabe. Eta Alex Sardui, gure eszenako front-manik onenetakoa, oholtzaren jabe da, beti motibatua eta momentuoro publikoa animatzen maisua izateaz gain. Gatibuk agur esan digu, eta gure eszenak hutsune handi bat dauka orain. Nork beteko du taldeak utzitako hutsunea? Edonola ere, epitafio honekin gailurrean utzi dute eta hiru makro-kontzertu haiek ahaztezinak izango dira.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: