GATIBU UNI Frontoia (Markina-Xemein) 2021-7-9

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2021-08-29 15:27

pyromanya@hotmail.com 1630244764493

“Zoramena”rekin konkistatu gintuzten eta musikak salbatuko gaituela erakutsi digute. Garai zail hauetan, erakutsitako ahalmenagatik, ikuslegoak emandako maitasunagatik eta oholtza lehertarazteko grinagatik, egun dagoen zuzeneko eta estudioko talderik onenetakoa dela esan genezake zalantza handirik gabe. Musikarien mailak bultzatutako oinarri sendoarekin, Alex Sarduik berak bakarrik pilotalekua sutan jarri zuen ordu eta hogei minutuko saio lehergarrian. Gauzak horrela, euskal rock gogorra eta kalitatezkoa bermaturik daukagu urte askotarako.

Hamarrak eta laurdeneko buelta horretan jeitsi ziren hiru partaide kantxara: lerroan jarri, eta erdira iristean, gugana biratu eta eskua altxatuz agurtu gintuzten, pilotairiak bailiran. Keinu dotorea eta originala batetik, eta bere ironia puntua ere izan dezakeena bestetik, Ruperrek frontoietan jotzen duen bakoitzean egiten dituen komentarioak kontuan hartzen baditugu. Oholtzara igo eta bere azken laneko “Musikak salbatuko gaitu”ri ekin zioten. Zein kanta aproposa emanaldiari hasiera emateko, oraindik ere gaurkotasuna duen koronabirusak bere horretan (hobetzen, ordea) jarraitzen baitu. Hor zeuden Alex, Haimar Arejita (gitarra) eta Gaizka Salazar (bateria). Ezkerraldean, hutsune bat; eta kontrabaxu bat. Non zegoen Mikel Caballero baxu jolea? Eta zer egiten zuen kontrabaxuak hor? Denbora batez egon behar izan genuen misterio hura argitzeko.

Nola konponduko ziren hirurak, gainera akustikoa izango zen kontzertu honetan, kantak moldatzeko? Lehen kantaren feelinga eta gorputz sakona duintasunez imitatzea lortu zutela ikusita, hain justu batere erraza ez den kantuarekin, gure esperantzak hazi egin ziren, gorantza besterik egin ez zuten hurrengo 16 kantuetan. Hiru musikariak oholtzaren atzealdean eserita egonik, ikuslegoa urrun, kontzertu akustikoa eta gainera Mikel Caballeroren faltan, esan genezake Gatibuk afera nota oso altuarekin gainditu zuela. Markinako eta “alboko herrixetako sorginentzat” “Sorgin”i ekin zion Alexek: formatu honetan jotzeko zaila den beste kantu bat, grooverik falta ez duena; lehena bezain ondo geratu ez bazitzaien ere aski dotorea gelditu zitzaien.

Kontzertuaren lehen erdi honetan azken lau diskoetako kantak bakarrik jo zituzten gainera. Dena den, ikuslegoari ez zion eragin asko egin horrek, izan ere Alexek eserita egonda ere, bere dantzak egin baitzituen eta kontzertua magnetismoz busti, eszenografia zutik balego bezala maneiatuz. “Azken indioak” diskora egin zuten jauzi bakarra “Salto!”rekin gauzatu zuten. Lehen zati honetako kantatuenetakoa izan zen: motibatzailea, aurreranzko bidea egitera animatzen duena… eta bere hip-hop moduko momentutxoekin borobildutakoa. Alexek erakusten duen nagusitasun eta profesionaltasunak ez dio beste taldekideei bere tartetxoak ematea eragozten. Honela, Haimarrek aurkeztu zuen “Nire ondoan bazina” Euskal preso eta haien familiei eskaini zien bertaratutakoen esku zarten artean. Kantu azkarra eta frenetikoa den arren, formatu honetan energia pixka bat galdu zuen zoritxarrez, baina beste mota batetako kilowattak igorri zituztela ere ebidentea da. Akaso batzuetan mezuari indar gehiago emanez, gainera.

2020ean Gatibuk 20 urte bete zituen, baina “pandemia puta honengatik ezin izan genuen ospatu”, esan zigun Gaizka atabal joleak “Bixotzetik” kantua aurkezterakoan. Kanta hau taldearen auto-omenalditzat har genezake eta egiazki, “Musikak salbatuko gaitu”ren moduan, asmo-deklarazio hutsa da. Mezua oraindik hedakorragoa da, eta ikuslegoari zein euskal entzuleei zuzenduta dagoela susma genezake bi kantuotan zein beste hainbatetan. Hurrengoa ere azken laneko kantua izan zen (“Egunero”), zeinetan azkenik oholtzaren ezkerraldeko misterioa argitzerik izan baikenuen: Alexek, honela, Gernikako Ekain Alzola kontrabaxu jolea aurkeztu zigun. 24 urteko musikaria, Kherau eta Inun taldeetan aritutakoa, bere presentziak eta soken loditasun sakonak handik aurrerako kantu guztiak urrez beztitu zituen. Gero, “Euritan dantzan” diskoko “Bertsoa” egin zuten, aldaketa batzuekin ordea: amaieran “kanpoan zeozer egosten dabil/mugitu zaitez etorri/ta zure harrixe jarri”ren ordez “musika probatu nahian/zuen unibertsitatean” kantatu zuten. Pilotaren unibertsitatea baita Markina-Xemeingo UNI pilotalekua.

Zer esanik ez horrek ikusleak sutan jarri zituela, are gehiago “Egurre mon” lehergarriak emandako bultzadarekin. Honarte, hortaz, kontzertuaren lehen zatia. Garai zaharretara egindako lehen saltoa “Mila doinu aidien” mitikoarekin egin zuten, hain aldatuta, ezen eta ezin baitzen ia melodia besterik konparatu jatorrizko bertsioarekin. Egia errateko, esan genezake ia kantu guztiek ba zeukatela halako egitura erritmiko-musikalaren bariazioren bat, baina honetan eta azken kantuan izan ziren nabarmenenak akaso. Lehen diskoa utzi gabe, “Ihes” eta “Urepel”ekin jo zuten gailurra. Sentiberak, pasarte gogor eta zitalak ahantzi gabe, bi hauetan sekulakoa izan zen Ekainen kontrabaxuaren efektu baltsamiko eta biderkatzailea, kantuek berez daukaten boterea anplifikatu eta gorpuztu zuena. Itzela. “Urepel”i buruz, Alexek azaldu zigun taldeak egin zuen lehen kantua izan zela, eta gainera kontzertu guztietan jo dutela.

“Biarritz”, berez akustikoa, izango zen agian aldaketa gutxien izan zuena. Karmen jaiak laster hasiko dira Markinan. Koronabirusaren erruz, eta tentu onez, kontzertuak aurreratu egin dituzte ordea. Bezperan hementxe bertan Chill Mafia izan bagenuen, orain Gatibu eta hurrengo egunean Zetak arituko ziren. Alex: “Karmenak. Ederra dakate peligrue. Garai baten… Bueno, beti izan dabe”. “Disko Infernura” bisita bakarra “Doniene”kin egin zuten, bere melodia eta atmosfera ederrak bultzatuta formatu honetara ondo moldatu zena. Kanta honek beste sorpresatxo bat eman zigun amaieran eman zuten azelerazio meteorikoarekin.

“Ez dot sinisten”, lehen diskoari grand finallea ematen ziona, izan zen hurrena: pizgarria, motibatzailea, autolaguntzako liburu guztiak zakarretara botaraziko dizuna. Gatiburen errepertoerioan gai errepikari edo zirkularrak daudenik ez dugu ukatuko. Haietako garrantzitsu eta indartsuenetakoak positibotasuna, harrotasuna eta motibazioa dira. Ahaztu itzazue coach pertsonalak, terapia emozionalen eta esoterismoaren guruak eta entzun Gatiburen musika!!

Eta hain justu orduan gertatu zen: Alexek, lehen 14 kantuetan gelditu gabe baina eserita egon zenak, zutik jarri eta “Euritan dantzan”i ekin zion. Argiak piztu eta ikuslegoa argitu zenean, leherketa momentua izan bazen, zer esan “Aske maitte”rekin errematatu zutenean? Gatibu forma ezin hobean dago, eta kontzertu elektrikoetara bueltatzen direnean itzela izango da. Ikuslegoa, bide batez, aski ondo portatu zen: ezin diogu askoz gehiago eskatu urte eta erdi zigortuta daraman gaztediari. Maskarak ez kentzea, hori bai, baina zutik jartzea ia ekidin ezina duten bulkada delakoan nago.

Argiak itzali eta agurtu gintuzten arren, laster hartu zuen mikroa Alexek: “zer entzun dut hor? Alkondari? Aber… beste bat”. Azkenean, dena den, alkondari jo zuten, hau da, “Musturrek sartunde”. Era kuriosoan, hori bai. Egia esan, lehenago ere egina zeukaten bertsio akustikoan zuzenekoetan. Guztiz aldatua, berriz ere melodia mantendu baina erritmo latino oso markatuarekin jantzi zuten, “La bamba” kantuari eta (iraganeko kontzertuetan bederen) “Hasta siempre comandante”ri egindako keinua barne. Orain bai, bere errepertorioko 67 kantuetatik 17 eskainita, azken agurra egin ziguten. 80 minutuak oso motz egin zitzaizkigun bertaratutako guztiei, gauzak ondo egin zituztenaren seinale.

Lehen disko erdia jo zuten (5 kanta) eta azkenekotik 4, hau da, bien artean errepertorio erdia baino gehiago. Besteak banatuago egon ziren, nahiz eta gehiengoa “Aske maitte, aske bizi”rentat (3) izan. Harrigarria badirudi ere, “Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik” diskotik batere ez zuten jo. Egia esateko, Gatiburen errepertorioan bi “Greatest Hits” osorik betetzeko materiala badago, eta set list posibleak, asko.

Etorkizun hurbilari begira, eta taldearen orain arteko erritmoari errepaso eginez gero, kantu berri sorta bat jada eginda daukatela pentsa genezake, eta birusaren egoera berria eta txertoen aurrerapenekin, 2022a apurtzailea izango dela zalantzarik gabe panorama orokorrean: jaialdi eta kontzertu handien itzulera, birusari irabaztearen eta presio guztiaren liberazio psikologikoak eragindako euforia… momentu politak dauzkagu zain aurretik. Bitartean, bixitzeri egurre emon Gatiburekin!


Utzi iruzkina: