Gatibu (BEC; Barakaldo) 2025-12-13
MILA DOINU AIDIEN
Irteera lehergarria
Agur hunkigarria bizi genuen bart Barakaldoko BEC-en. Musika munduan hogeita bost urte betetzea ez da batere erraza; Gernikarrek ordea lortu dute, maila ona emanez gainera. Abenduaren 6an eta 12an hementxe jo zuten, eta azken kontzertua bart gauekoa izan zen. Zaila da bizitako sentipen guztiak deskribatzea, baina ikuslegoak barren-barrenean sentitu zituen kantu guztiak, batez ere lehen hiru diskoetakoak, baina baita beste zenbait harribitxi berriago ere. Bozgorailuetatik The Black Keys taldearen Lonely boy entzun dugu, justu Gatiburen Bixotza suten baino lehen. Sutan irten da taldea, hasieratik aretoa txikitzera. Segidan, geldialdirik gabe, jo dituzte aipatu kanta hau, Lorak eskaintzen eta Mila doinu aidien klasikoak.
Oholtzara irteera ezin brutalagoa izan da, eta hasiera-hasieratik ikuslegoa puri purian jarri dute. Bolumena izugarri altua zen, eta Alex Sarduiren ahotsa ere bereziki indartsu eta altu entzuten zen. Lehergailu gehiago: Inpernuen ate joka (Alexek publikoa besoak alde batetik bestera mugitzen jarri du, eta Xabier Bengoaren koruak benetan ozenak izan dira bai kanta honetan zein beste batzuetan ere) eta Zoramena, zeinetan Oiartzungo Bengo rapeatzera eta break dancea egitera irten baiten. Itzela benetan. Hil berri den Extremoduro taldeko Robe Iniestari keinua egin diote Kalekatue kantuan, Extremoduroren So payaso abestiko zati bat jo dutenean. Musika munduan dabiltzenei omenaldia egin diote segidan Hartu berriz gitarrie abestian.
Geldialdi taktiko bat
Erreflexio modura, argi zegoen lehen diskoa izango zela kantu gehien ordezkatuta izango zituena, Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik-ekin batera, eta halaxe izan da. Zazpi kantoietan laurekin eta Euritan dantzan ere ondo ordezkatuak izan dira, lau eta hiru kantekin. Azken bi diskoen arrastorik ez, ordea.
Festak Pailazo asmo-deklarazioarekin jarraitu du, bertaratutakoen ahotsa bereziki altu entzuten zelarik, eta lehen faseko azken txanpan Bizitzeko gogoa motibatzaileari ekin diote. Burrunba izugarria ateratzen zuten bozgorailuek, musika oso altu eta garbi entzuten baitzen. Beherakada erlatibo bat etorri da segidan. Zer da? eta Zumarragako trena ez dira gaizki geratu, batez ere bigarrena nahiko txukuna izan da eta gainera Aitor Lakaren kolaborazioa izan du, baina goranzko bidea eten egin da nolabait. Ondoren etorri den Gaur gure gaba da ta-k riff zirikatzailea du, eta Haimar Arejitaren soloa luzea bezain itzela izan da, baina gero geldialditxo bat egin dute eta pantailetatik agurtu dute taldea Nerea Arruti aizkolariak, Amaia Uribe kazetariak, Aritz Erkiaga pilotariak eta Mikel Goñik. Azken honen bideoa jarri dutenean eztanda egin du aretoak. Ikusgarria.
Erritmo jaitsiera honek lehen bederatzi kantuetako leherketa baretu du eta kosta egin zaie berriz ere lehergarritasun maila horretara iristea. Nire ondoan bazina oholtzaren ertzean interpretatu dute: Haimarrek akustikoa jo du eta Gaizka Salazar bateria joleak kaxa flamenkoa. Diskoteketan egoten diren moduko bi bola erraldoi jeitsi dira sabai aldetik, eta segidan Bang-bang Txik-txiki Bang-bang jostalariarekin BEC-a berotu dute. Palestinako ikurrina atera da segidan pantailetan, eta jendea “Palestina askatu” oihukatzen hasi da Ez dot sinisten kantuan. Bulego taldeko Tom Lizarazuk Urepel kantatu du Alexekin batera, berriro ere oso ozen. Hori da ahotsa biena ere!
Pixkanakako goraldia
Salto! berpizte honen protagonistatako bat izan da (publiko dena saltoka jarri du Alexek) eta batez ere Itziar Ituño Eztanda egin arte kantatzera atera denean ikuslegoaren orrua handia izan da. Dantza sensualak egin ditu Alexekin, eta kantuaren efektua biderkatu du. Gabak zeuri begire altxorra da, eta besoak eskuinera zein ezkerrera mugitzen jarri du pista osoa, baita armailak ere. Gero, Niko Etxarten taularatzeak harrera itzela izan du, eta Benito Lertxundiren Loretxoa kantatu du Alexekin. Pieza hau Exkixuk ere bere garaian grabatu zuen, baina country rock ukitu oso nabarmena eman diote oraingoan. Gure ustez rock kanta bat askoz ere hobeto izango litzake, testuinguru honetan, Nikorentzat, baina egia da txukun gelditu zaiela. La Oreja de Van Gogh-en ibilitako Leire Martinez taularatu da gero Aske maitte kantatzera. Lehenengo aldia zen oholtza batean ikusten genuena, eta bai karisma eta jarrera aldetik, baita ahotsez ere maila altuan ibili da. Alex Sarduik bertso bat bota du gero, eta jarraian Agur kapitaina jo dute, berriz ere formatu intimoan, eta honekin erretiratu dira.
Azken txanpa garaiezina
Bisetan etorri da hasierako energiaren bultzada bera. Gora Kopak!-en Alexek kopa hartu eta zigarroa ere erre du. Jendeak ere bere edalontziak altxatu ditu musikaren erritmoan. Orduan, Alex nabarmenki hunkituta nabaritu dugu, malkoei eutsi ezinda egon baita. Emanaldiaren bukaerara hurbiltzen ari ginen, baita Gatiburen ibilbidearen amaierara ere, eta horrek zirrara eragin du bai musikariengan zein ikuslegoarengan, baina batez ere Alexi nabaritu zaio. Zeu, zeu, zeu! gaueko onenetakoa izan da: jendea pozez zoratzen, martxa bizia, errepika garaiezina (Stadium Rock totala) eta lehen hitzetik bukaerara milaka pertsonek kantatutakoa. Alex eta Haimar belauniko, bata kantatzen eta bestea gitarra solo hiltzailea egiten eszenatokiaren ertzean, Hard Rock festa gogoangarrian. Haimarrena itzela da: Gainera, Hard Rocka aipatu dugunez, gure herrian estilo hori asko landu duen taldea da Gatibu, eta bereziki Haimarren sei soken riff eta soloak aipatu beharrean gaude. Berriz erretiratu dira, laster Euritan Dantzan kantuari ekiteko. Alexen dantzak ikusgarriak izan dira berriz ere, kontzertu osoan bezala. Karisma eta kemena soberan ditu, baina gaurkoan horri hainbat alditan erori zaizkion negar malkoak ere gehitu behar zaizkio. Musturrek sartunde izan da Gatiburen azken emanaldiari amaiera epikoa eman diona. Akabo da. Gure oroitzapenetan geratuko dira taldearen disko guztiak, eta noizbait itzuliko direnaren esperantza ere edukiko dugu. Gora kopak!

Iruzkinak
Utzi iruzkina: