COBRA + WILLIS DRUMMOND 2011-11-24 KAFE ANTZOKIA (BILBO)
Kronika hau duela 8 urte baino gehiago idatzi nuen, baina arrazoiren batengatik argitaratu gabe gelditu zen. Ineditoa guztiz, beraz, baina orain COBRA itzuli dela ospatzeko lehen aldiz argitaratzeko aitzakia topatu dut. Cobra taldeko David Gonzalezi elkarrizketa egin berria diot, eta disko kritika ere laster argitaratuko da. Biek erdaraz, ordea, Mondo Sonororako. Egin dezagun 2011 urtera jauzi, Kafe Antzokian bizitu genuen kontzertu indartsu hori gogoratzera:
Ikusgarria, benetan, Kafe Antzokiak eskaintzen zigun panorama: Ostegun gau batean jende-multzo hau biltzea artista gutxiren esku dago; harrigarria, beraz, baina eskaintzaren maila ikusita merezimendu osokoa.
Bilbokoa Willis Drummond, iparraldeko ekaitz basatiak, hegoaldean egindako egitasmo arrakastatsuen artean handienetako bat izan zela pentsatzeak ez dirudi erokeria bat denik. “Ez da dudarik” eta “Begi erreak” entzute hutsak ikuslerik lasaiena ere erotu dezake, eta “Ur gainean”, taldearen abestirik onenetako bat, Antzokiaren jaun eta jabe egin zen, COBRA taldeari gauzak benetan zail jarriaz. Mikel Laboaren “Gaztetasuna eta zahartasuna” era benetan originalean moldatu dute, eta dagoeneko ohartu gara taldearen estilo ezberdinak batzeko gaitasunaz. Kontzertuetan dena emateaz gain (“Zenbat gramo”, “Haustura” edo “Nun daude” bortitzetan, kasu), rock and rolla eta bere eratorrien lurraldeak arakatzeko grina naturalak, berezi eta benetan kontuan hartzekoak egiten ditu. Momentuz gaur egungo talderik onenetako bat da, eta taldekideen doai indibidual zein globalak ematen dieten botereak, eszenatoki-gose horri gehituta, rock gogorraren podiumera hurbiltzen ditu, are gehiago Sexty Sexers taldeak agur esan zigunetik. Amaitzeko, Neil Young-en “Rockin’ in the free world”-en bertsio bikainak (COBRA-ko abeslariaren laguntzarekin) ia edozein estilorekin ahal dutela baieztatu zigun. Erne lapurtarrekin!
Eta egurra emateko orduan hutsik egiten ez dutenak Cobra taldeko mutilak ditugu. Merkatuan dauzkaten bi disko boteretsuen (“The Strong arm of the law” eta “Thriller”) eta Antzokia birrintzeko gogoen eskutik, Metal basatiko lezio bat eman ziguten han bildutako danoi (bestalde, nahiko eklektikoa zen ikuslegoari). Hemen ez dago treguarik, lehenego notatik azkeneraino egurra, eta egur hutsa, emango digute. Guk nahi dugun egurra. “Memories”, “Winchester” eta “The Interceptor”-ek ez dute dudarako betarik uzten. Haritz Lete abeslariak, Phil Anselmo baten modura, bere presentzia eszeniko eta ahots-jario boteretsuaz armaturik, begietara begiratzen digu bere inglesezko abestiak interpretatzen dituen bitartean. David González baxujolea (Berri Txarrak-en dabilena eta PI.L.T.-n aritutakoa), bere instrumentu erraldoia eta pose eraginkor horiekin, taldearen beste zutabea dugu, Josu Luengo gitarrajolea eta Ekain Elorza bateria ahaztu gabe. “Randolph Aviator”, “Ezkeiel”, “Miyagi”, “The ugly, the very ugly & the ugliest”... bi diskoen artean ondo orekatuta egon zen errepertorioa, eta denak eraginkorrak diren arren, linealtasun horrek sorpresa faktorea deuseztatzen du, eta pertsonalki, aniztasun musikal zabalago baten beharra nabaritzen dut. Dena den, “Crossroads”en botereak, eta “Ground Zero” mardulak (Black Sabbath-en eragina begibistakoa izanagatik), zertara etorri garen gogorarazten digu: kontzerturik basatiena bizitzera. Dagoeneko “Pressing catch” borrokalari baten moduan jantzitako pertsonaiak bere agerpena egina izango zuen, ikuslegoa probokatu eta gure artera borrokatzera jeitsita. Eta azken txanpan “Rebel scum”, “Cimmeria”, “General Lee” eta “Life is too short to drive slowly” enbata baten moduan erori ziren. Jendea gehiagoren gogoarekin gelditu izana eta publiko aldetik lortutako arrakastak harro aski egoteko moduko argumentuak dira bi taldeentzat.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: