Willis Drummond Jane Jauregia (Ugao) 2021-9-25
Willis Drummondek formatu erdiakustikoan eman zuen azken kontzertua izan zen Ugaokoa. Sarea Sound System kolektiboak antolatutako ekitaldia izan bazen ere, kontzertu formatu soilean egin zen oraingoan. Alegia, ez zen hitzaldi musikatua izan, beste hainbatetan egin izan duten bezala. Pandemiak eragindako gorabeherak direla eta aldaketa batzuk egin ditu iparraldeko taldeak, hortik lehen aipatu dugun formatu erdiakustikoa, eta bira honetako nobedade nagusi modura Vincent Bestaven “Botibol” behin-behineko presentzia.
Pandemia egoera hau aldatu artean, Jane Jauregiko ganbaran 60 pertsona bakarrik sartu ahal dira. Haatik, (egoera) laster aldatuko denaren zantzu oso ebidenteak dauzkagu, arazoak arazo. Xan Bidegain (baxua), Iurgi Ekiza (gitarra, ahotsa) eta Felix Buff (atabalak) hirukotea zutabe izan da taldearen historian, hirurek disko guzietan parte hartu baitute. Urte batzuetan hirukote, laugarren partaide postuan bi gitarra jole handi izan dituzte urte guzti hauetan. Haiekin urte mordoa egon zen Rafa Rodrigo (lau disko grabatu zituena) batetik, eta Joseba B. Lenoir, 2016ko “Tabula rasa” ahaztezinean gitarra sartu zuena, bestetik (lehen diskoan teklatua jo zuen Stephane Paulini 'Pollux' ahantzi gabe, noski). Geroztik hirukote bihurturik, Donostian grabatutako zuzeneko hartan erakutsi zuten zer-nolako boterea duten hirurek, eta 2019ko “Zugzwang” dotorean heldutasuna eta kalitatezko soinua gauzatu zituzten, oldarkortasun trazak guztiz galdu gabe.
Koronabirusa dela eta 2020an gauzak asko aldatu ziren, eta iparraldean Frantziako Gobernuak ezarritako murrizketek hegoaldera begira jarri zituzten denbora batez. Hala bada, laugarren partaide baten behin-behineko etorrerarekin apustu ezberdina proposatu zuten. Horrela iristen gara irailaren 25era eta formatu honen azken emanaldira. Arratsaldeko 18:30ean lehen saioa egin zuten, eta gu bigarrenean sartu ginen, 21:00etakoan hain zuzen. Giro atsegina nagusi, eta kontzertu berezi bat bizitzeko ikusmina nabari zitekeen ikuslegoan. Oso puntual taularatu ziren, eta kanturik berrienarekin ekin zioten, “Ane” (Amania Films 2020, David Pérez Sañudo) filmaren amaieran ateratzen den kantu berarekin egin ere: “Nahi eta nahi ez” kantuaz ari gara, pasa den abenduaren 23an estreinatu zen bideoklipa ere badaukana.
Zinez pausatua, lau ahotsetan efektu hipnotikoa eman zioten, emanaldi osoan errepikatuko ziren ahots-harmonia konbinazio gozagarriek jantzi zutena. Botibol aurkeztu eta lehen kantua azken diskoko “Galdera(k)”ekin lotu zuten, eta egia esateko aurrekoarekin nolabaiteko lotura daukala esatera ere ausartzen gara. Izan ere, mantra bat bezala errepikatzen diren pasarte musikalak, erritmo errepikakorrak eta “Amodioa” hitza behin eta berriz errepikatzeak trantze moduko bat sortzen baitute. Horrekin batera, Felix jada bere deabrukeriak egiten hasia zen, gustu onez jantzitako tinbal eta kaxa kolpe jario amaiezin bezain mozkorgarri haiekin.
Aurrekoarekin eta hurrengo hirurekin, lan berriko lau kantu segidan entzun ahal izan genituen. Zalantzarik gabe, azken lana izan zen emanaldiko protagonista nagusia, lan hartatik zazpi jo baitzituzten. Kantu berriari gehituta, errepertorioaren erdia baino gehiago osatzen dute. Felixen erritmoetan murgilduta jarraitu genuen, beraz, “Zugzwang” zoragarriki korapilatsuan. Bere sareetan harrapatzen zaituen pieza sarkor honekin, mantso hasi eta konturatzerako dezibelio zurrunbiloan sartu dute ikuslegoa. “Bigarren aukera” proposatu digutenerako taldea makina bat bezalakoa dela ohartu gara. Kantuen exekuzioak, pasio apurrik galdu gabe, harrigarriki neurtua dirudi. Lau ahotsetan egindako harmonia zoragarriek azken sorpresa bat ere ekarri ziguten, kantu horretan bertan aurrerago a capella egin zuten zati gogoangarriarekin. Jatorrizko grabazioan Anarik ahotsa sartu zuen arren, hemen ez genuen horretan pentsatzeko denborarik ere izan. Amaiera aldera, Botibolen gitarra zorrotzaren eztandak lehen oldarkortasun zantzuak erakutsi zituen, txalo zarta beroa jaso zuen kantu borobil honetan.
Xan Bidegain mikroaren jaun eta jabe egin zen publikoa animatu, txantxak egin eta giroa berotzeko erakutsi zuen berezko senarekin. “Lurrunaren atzean”en iluntasunak erritmoaren mantsotzea ekarri zuen akaso, nahiz eta ziur asko zenbaiti Nirvana estiloko pasarteren bat edota (bereziki) Botibolen teklatu magikoa biziki gustatu zitzaizkien. Eta gero, Felix; beti Felix. Edozein momentutan entzulegoari sorpesa emateko prest. Iurgi, lehen piezetan bereziki kontzentratua nabaritu genuena, aski dirdiratsu ikusi genuen “A ala B”tik aurrera. Jendea txaloak jotzen hasi zen musikaren erritmora, eta Xanek baxuaren sakontasuna sentitu genuen berriz ere barne-barnean. Zalaparta gero eta handiagoa zen, Felixek kaxa trapu batez tapatua bazuen ere. Lehen diskoko “Ur gainean” (2007) jo zuten zaharrena eta indartsuenetakoa (basatiena ez esatekotan) izan zen, dudarik gabe. Parte hartze handienetakoa erdietsi zuen “Ur gainean”ek, Mikel Labaoren bertsioa etorri zen arte. “Gaztetasuna eta zahartasuna” 2010eko “Txinaurriak” izeneko disko-omenaldi hartan grabatu zuten lapurtarrek. Bertsio ona izanda ere, haren ordez beste kantu propio bat jotzea eskertu izango genuke, akaso. Baina hauek ñabardura txikiak besterik ez dira.
Garai zaharretara beste jauzi bat “Noiz da gero?” bizigarriarekin. Kantuaren itxurazko sinpletasunak ez du inola ere daukan zehaztasun ikusgarria iluntzen. Are gehiago, guztiz harrigarria da laukoteak lortzen duen elkar ulertzea eta bat egitea. Koru izugarriak, oldarkortasun hori... Benetan gogoangarria. Disko berriko hurrengo bi piezek (“Behin baziren” eta “Oraintxe bertan”) maisutasun trazak eskaintzen jarraitzen dute, lehenaren errepikan (oraindik gehiago aurre-errepikan) eta Botibolen (berriz ere bera!) gitarraren zorroztasunean, batetik, eta bigarrenaren crescendo eta mardultasunean, bestetik (lau ahotsetan egindako harmonia zoragarriak ahantzi gabe). Biek ere, beste behin, aski potentzia eta botere erakusten dute, edozein eszenatoki sutan jartzeko beste.
Gezurra badirudi ere, “Tabula rasa” (2016) diskoko kantu bakarra jo zuten: “Joan ikustera”k nazioarteko hit bat dirudi, bai horixe, bere exekuzio guztiz profesionala, berezko gantxo dantzagarria erta Iurgiren nota altuen erakustaldi paregabeak direla medio. Arnasa hartzeko momentu taktikoak eta Xanen baxuaren oldar estrategikoak festa borobiltzen dute, eta errematea Botibolen gitarra soloak ematen. “Lehentasuna” taldearen nortasun berriaren (azken diskoaz ari gara) adierazle izan liteke. Argi daukagu edonola beste inork egiten ez duen moduan egiten dutela, eta lagunok, soinu berezi horretan Felixen atabal kolpeek zer ikusi handia daukate.
“A ala B” diskora itzulera amaieran etorri zen, lan erabakior hartako bi piezekin. “Ilegala” festa amaiera moduko eztanda izan zen. Erretiratu ziren, orduan, baina laster atera behar izan zuten azken agurra emateko. Ikuslegoa sutan zelarik “Komedia”rekin intentsitate ezberdin bat proposatu ziguten, gitarraren loditasunak eta erritmo astunak bustitako patroi erritmiko heavy bezain dastagarriekin. Gorenean utzi zuten, beraz, eta eserita jota ere lortu zuten lehergarritasuna egiaztatu ondoren, berriz ere hiruko formatuan baina zutik egingo dutenaren esperoan egongo gara. Kolosala izango da.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: