Azalera "Emakumeen ahalduntzeari buruzko kanta da 'Etxelila'"
Ondarroako hiru mutilek eta Bolibarko neska batek osatzen dute Azalera: Beñat Bidegain (gitarra), Urki Gojenola (bateria), Jon Lasarte (baxua) eta Lorea Zulaika (ahotsa). Azken honek, bakarka sortutako abestiak Youtubera igo ostean, talde bat sortzeko beharra sentitu zuen eta horren emaitza da Azalera. Iaz lehen diskoa kaleratu ondoren, duela gutxi argitaratu dute kanta: “Etxelila”. Bere hastapenetan dagoen arren, esperientzia hartzen ari da laukotea eta jada aurrerapenak nabaritzen dira taldearen sorkuntzan. Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean egin dugu hitzordua Lorea Zulaikarekin.
Ekainean atera zenuten diskoa, baina orain abesti berri bat daukazue: “Etxelila”. Diskoarekiko eboluzio handia nabari da, askoz ere gorputz handiagoa du kantu berriak.
Bai, kanta helburu batekin egin izanak seguru aski lagundu digu, zer transmititu nahi genuen ere zehaztuago baitzegoen. “Etxelila-n kolaboratzen duen batek proposatu zigun hura egitea. Horretaz gain, diskoa ekainean atera genuenez, askotan entzun dugu geroztik eta buelta asko eman dizkiogu, eta denbora eduki dugu zerk funtzionatzen duen eta zerk ez hausnartzeko.
Zer da Etxelila eta zergatik egin duzue kanta?
Udazkenean jaso genuen Ondarroako Etxelila Emakumeon Topalekutik 5. urteurrenerako abestia egiteko proposamena. Abestian Ondarroako beste zenbait emakume musikarik ere hartu zuten parte: Goretti Serrano, Nerea Larrinaga eta Alba Idoiagabeitiak. Horrez gain, hitzak Uxue Alberdik egin ditu. Abestia egiterako orduan emakumeen ahalduntzea eta urteurrenaren ospakizuna genituen buruan, beraz indarra eta alaitasuna transmititzen dituen abestia dela esan daiteke. Horrez gain, kantuaren amaieran Etxelilako emakume baten ahotsa entzuten da. AME estudioan geundela, bereziki polita izan zen grabazio hori kantuan jarri genuen momentua: pentsatuta genuen zein zatitan sartuko zen, baina ez genuen denbora neurtu. Kontua da, zati horretan neurtuta balego bezala sartu zela. Abestiaren amaiera hori leherketa bat da.
Taldearen sorrera noiz izan zen?
2016an Beñat eta biok hasi ginen, eta udazkenerako denok geunden jada. 2017ko hasieran, hemen (Uhagonen) emanaldi akustikoa jo genuen, bateriarik gabe, eta abendu aldera lehenengo kontzertua jo genuen laurok batera, Ondarroan, Txilixoka musika kolektiboaren jaialdian.
Grabaketa Amorotoko Musikorta estudioan egin zenuten, Xabi Navarro Jota-ren gidaritzapean. Argitaratu zenuten bideo batean soinu-mahaia ageri da, eta haren gainean Itoiz taldearen Ezekiel diskoaren kasetea. Soinu-mahai hori Xoxoa diskoetxe mitikoaren mahai berbera da.
Bi zatitan grabatu genuen diskoa: lehenengo lau kanta eta gero beste laurak. Diskoa osatzeko abesti batzuk falta zitzaizkigun eta bigarren aldi batean grabatzea pentsatu genuen. Denbora horretan, Xabi Navarrok Xoxoako soinu-mahaia berreskuratu eta konpondu zuen, eta diskorako grabatzea falta zitzaizkigun azken kantak bertan grabatuko genituela esan zigun. Polita izan zen balio historiko hori duen mahai batean grabatuko genuela jakitea, bertan grabatu baitziren Itoizen Ezekiel, Mikel Laboaren Lau-Bost eta beste hainbat… Gainera, hain justu momentu horretan, abesti bat ari ginen lantzen lokalean, baina ez zuen ez letra ez melodiarik. Soinu-mahaiaren historiarekin inspiratuz sortu zen “Zirkuituetatik” abestiaren letra. Iraganeko euskal musikariei egindako omenaldi txiki bat da, zentsura garaian euskaraz abesten hasi ziren horiei; gaur egun euskaraz sortzen jarraitzeko transmisio lan hori egin zutenei. Era berean, guk ere bide horretan jarraitzeko asmoa dugula diogu kantuan, “asmatu zenituztenak errepikatu ezin ditugun arren”.
Gustura gelditu zineten emaitzarekin?
Nik uste dut pixka bat aldrebes egin genituela gauzak. Disko osoa ez dago batera grabatuta. Diskoa atera nahi genuen udan kontzertuak egiteko, eta presarekin egin genuen. Uste dut denbora gehiago hartu behar genuela emaitza hobeak lortzeko. “Igaro”kantaren amaieran dauden ahots guturalak (Ruben Bernedorenak), adibidez, ez zeuden aurreikusita. Esperientzia hartu genuen, ordea, promozioa egin eta taldea martxan jartzeko garaian. Zoramena izan zen garai hura. Alde batetik, bideoklipa grabatzen ari ginen, crowdfundinga martxan ipintzeko. “Hare ale” abestiaren bideoklipa atera genuen lehenago, eta gero beste bideo hori. Marketinga egiten ikasi behar izan genuen.
Beñat Etxabururena da azala eta diseinua. Lan harrigarria egin du.
Beñat Etxaburu ilustratzailea da eta laguna dugu. Taldetik oso hurbil dagoen pertsona da, gure kontzertu gehienetan egon ohi dena. Diskoaren maketazioa zein atera ditugun kartel guztiak egin ditu. Nolabait, estetika bat eman digu. Diskoko portada “Hare ale” abestian ageri den elementu batean inspiratuta dago, harezko erlojuan. Erloju hori hautsita ageri da, harea galtzen. Irudia erakutsi zigunean taldekide guztioi gustatu zitzaigun hasiera-hasieratik eta egia esan diskoaren maketazioan ere lan zoragarria egin du.
“Hare ale”, diskoan rock estilora grabatu duzuena, Youtuben formatu akustikoan argitaratu zenuen duela hiru urte. Baita, besteak beste, Ismael Serranoren “Papa cuéntame otra vez” kantaren bertsioa ere; momentu honetan 24.000 ikustaldi baino gehiago ditu.
Bai, beste bi abesti propiorekin batera igo nuen Youtubera kantua. Kantu propioak egiten hasi behar nintzela sentitzen hasi nintzen garai horretan. Beste bi abestiak askoz aurrerago sortuak dira, baina tira, publiko egitea erabaki nuen musika sortzen aritu nahi nuela erabaki nuelako. Bestalde, oso biluziak dira kantu horiek, eta horretaz kontziente izanda hasi zen nire partetik talde bat sortzearen nahia. Hortik oso gutxira hasi ginen Beñat eta biok batzen, hasieran formatu akustikoan. Bestalde, Ismael Serranoren kantu hori zoragarria iruditzen zait, XX. mendeko gertaera ezberdinen epika sortzen duelako. Horregatik da hunkigarria. Uste dut sentimendu hori transmititzen asmatu nuelako eta aldi berean abesti hori erdaraz dagoelako dituela horrenbeste bisita.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: