Lorea Zulaika (Kadira) elkarrizketa Uhagon Kulturgunean

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2024-10-14 20:18

pyromanya@hotmail.com 1728942018770

LOREA ZULAIKA (KADIRA) “Disko hau bilaketa moduko bat izan da, beste eragin batzuk izan ditut”

Pasa den azaroaren 24ean kaleratu zen Kadira taldearen lehen diskoa, eta abenduaren 13an plataforma digitaletan. Lorea Zulaika (Ziortza-Bolibar, 1996) dugu laukotearen bihotza, nahiz eta beste hiru musikariek presentzia handia izan duten azken emaitzan. Aritz Aramendi Martin (Bidania-Goiaz, baxua), eta Aitor Aristondo (bateria) eta Oier Ponce (teklatua) ondarrutarrek sakontasun berezia eman diote Lorearen kantuei. Zulaikak bere ahotsaren tonua eta konposizio mota idealak topatu ditu eta heldutasun handiko lana erdietsi du.

Duela bost urte elkarrizketatu genuen Lorea hementxe bertan                                                                      https://www.badok.eus/elkarrizketak/emakumeen-ahalduntzeari-buruzko-kanta-da-etxelila/ . Orduan, Azalera taldearen diskoa eta “Etxelila” singlea aurkezten ari ziren. Hitzordu berria, nola ez, Markina-Xemeingo Uhagon Kulturgunean egin dugu berriz ere. Kadira taldeari buruz dena jakin nahi dugu, eta galdera sorta prest daukagu jada.

Azaroan argitaratu zen Kadiraren izen bereko diskoa. Nola funtzionatu du? Durangoko Azokako Ahotsenean aurkeztu zenuten zuzenean. Lehenago, hementxe (Uhagonen) jo zenuten, diskoa atera zen egun berberean.

Bai, Okerra Crewk antolatuta, hemen jo genuen azaroaren 25ean MICE-rekin. Bezperan iritsi zitzaizkidan diskoak etxera, eta kontzertuan salgai jarri genituen.

Jendeak, orduan, “Adio” singleaz aparte (pare bat aste lehenago atera zena) beste kantak ez zituen ezagutzen.

Hori da, “Adio” bideoklipak jada bi urte dauzka. Kanta honek bi bertsio dauzka: bideoklipekoa (akustikoan egina) eta diskokoa (talde formatuan). Konfinamendu garaian herrian asko egon ginen. Foroya Camara senegaldarrak eta nik elkar ezagutu genuen eta elkarrekin entseatzen hasi ginen. Berak bere kantak erakutsi zizkidan, eta nik berari neureak. “Adio” ordurako eginda neukanez, bion arteko kolaborazio bat izan zen bideoklip hori.

Disko hau jauzi handia izan da zentzu guztietan. Heldutasun handia dauka bai hitzetan zein musikan.

Bilaketa baten modukoa izan da. Azaleran rocketik gehiago zegoen, eta hemen beste eragin batzuk daude. Musika ezberdina entzun dut, eta beste ukitu batzuek nabari dira diskoan; taldekideek ere beste gustu batzuk dituzte. Nik Michael Kiwanuka asko entzuten dut. Inspirazio bat izan da, adibidez, “Adio” kantarako. Dena den, horrek ez du inola ere diskoak bere estiloa daukala esan nahi; kanta batzuek pop eta rockerantz jotzen dute gehiago, baina estilo aldetik anitza da diskoa. dira. Baxu jolea (Aritz Aramendi) oso soul, funky... orokorrean musika beltz zalea da. Ikusten da eragin hori.

“Hiru tiro hots”-ek badauka soinu hori, funk-soul estiloa alegia. Balada soul bat ere badago: “Euriari”.“Euriari” kantu lasaia da hasieran.

Baliteke. “Adio”, hala ere, souleroagoa da, amaieran rockerantz jotzen duen arren.

Zure barnekoa ateratzen utzi duzu, ez dirudi estilo konkretu bat bilatu duzunik. Azaleran argiago zegoen hori, “Are ale” lehenagotik konposatua zegoen arren, estilo horretara moldatu zenuen: rock bizia eta kañeroa.

Hor ikusten da taldea berriak aniztasun handia daukala. Neuk ere, ez dakit eraginik edukiko duen, baina Foroyarekin egon naizenean, reggae musika asko jo dut. Estilo hori eta orokorrean musika beltz asko entzun dut.

Aniztasun hori heldutasun kontua ere bada, bide oso zabaletara eraman zaituena. Hor sartu dezakegu swinga, baita jazza ere. “Maitaleen swinga”, diskoa ixteko ere oso aproposa da.

Bai, alaia da. Horri nahiko buelta eman genizkion. Kantuen ordenari, alegia.

Zugandik sortu da hau dena. Hitzak ere bai, Sarai Roblesekin batera egin duzun kantua (Euriari) kenduta. Konposizioak zugan jaio dira.

Bai, melodiak nigandik hasten dira. Horretaz gain, taldekideak asko tematu dira gitarra soinuan. Ni akustikotik nator eta akustikoan konposatzen dut. Orduan, talde formatura eta gitarra elektrikora pasatzerakoan, eta ni taldeko gitarra jolea naizenez, aldaketa handi bat egin behar izan dut. Hor ikasketa bat izan da niretzako, eta kostatu zaidan arren, emaitzarekin gustura geratu naiz.

Azaleran zu abeslaria zinen, nahiz eta zure hasiera urteetan gitarra akustikoarekin aritzen ziren. Orain, abeslaria izateaz gain gitarra jolea ere bazara Kadiran. Pausu handia izan da, erantzunkizuna handia da.

Bai, egokitzen nabil eta pixkanaka ikasten. Niretzako, jotzeko zailtasuna baino gehiago da besteekin bat etortzea. Fusio hori egiten ari naiz, hori da ikasten ari naizena.

Ikasketa prozesu batean sentitzen zara, beraz. Grabazioan ondo sentitu zara?

Grabaketak konzientea izaten laguntzen dizu. Entseguan agian ez naiz konturatzen, gauzak kanpotik baten batek esatea behar dut. Grabaketak hori argiago edukitzen laguntzen du. Eta ez da izan erraza, baina asko ikasi dut. Azkenean bi gitarrak grabatu ditut (akustikoa eta elektrikoa), baita ahotsak eta koruak ere.

Zuk bakarrik egin dituzu koru guztiak?

Bai. Lan handia izan da.

Zure ibilbidea ikusita, bakarka berriz aritzea pentsatu duzu inoiz?

Hasieran, konfinamendua amaitu zenean eta berriz ere proiektu bat egin nahi nuenean, berriro ere Lorea moduan hasi nintzen, baina talde formatua gehiago atsegin dut. Nahiago dut proiektu baten atzean egon, nahiz eta front woman-a izan. Besteen lana balorean jartzeko modu bat ere bada.

Non ezagutu zenituen musikariak? Aritz gipuzkoarra da, eta beste biak ondarrutarrak.

Aritz Aramendi Donostian ezagutu nuen filosofia ikasten ari nintzenean, duela hamar bat urte. Gero, ordea, Magisteritza Musikala egin nuen.

Azalera taldea sortu baino lehenago.

Hori da. Aritz melomano totala da; oso musikari ona, autodidakta, taldearen ezinbesteko zutabea izan da. Bera gabe, emaitza ez litzake hain elegantea izango.

Gero, Aitor Aristondo eta Oier Ponce ondarrutarrak dauzkagu.

Taldea sortu zenean, hasieran Azalera taldeko Urki Gojenolaz bateria jolearekin egon nintzen; kontzertu batzuk ere jo genituen elkarrekin.

Diskoa grabatu baino lehen.

Bai, 2021 amaieran edo. Gero, utzi egin genuen eta Urki jada Shibari taldean zebilen. Aurrerago Azpeitiako Arkupe Hotsak deialdira nire proiektua bidali nuen, eta onartu egin zuten. Eta eskerrak horri, ze bestela agian ez genuke diskorik aterako.

Hor jada diskoko kantu batzuk zeuden.

Bai, gehienak bai. Eta udazkenean idatzi zidaten Arkupe Hotsak-ekoek, Dinamokoek. Eta proiektu horren erremate modura, kontzertu bat jo ahal duzu Azpeitiko San Agustin Kulturgunean.

Eta Idoia Asurmendirekin kantatu.

Hori da, berarekin kantatu genuen. Dinamoa kristoren gunea da. Espazio hori entseatzeko edo nahi duzun proiektua aurrera eramateko eskatu dezakezu. Lokalik ez genuenez, aprobetxatu egin genuen berriz elkartzen hasteko. Urtarrilean Aitorri idatzi nion eta Aitorrek baietz esan zidan, bi kontzertu jotzera animatzen zela. Maiatzerako prestatzen ibili ginen.

Oier izan zen azkena taldean sartzen. Diskoaren grabazioa gertu zegoela sartuko zen.

Bai. Azpeitian, adibidez, hirukote formatuan jo genuen. Foroyak ere parte hartu zuen kontzertu hartan. Eta hor ja Aritz eta biok kantuekin bueltaka denbora generamala ikusten genuenez, uztailean grabatu nahi izan genuen, emaitza bat edukitzeko. Ikusten duzu badauzkazula kantu batzuk balio bat daukatenak. Pixka bat erlojuaren kontra izan zen. Uztaila eta abuztuan grabatu genuen, eta Ponce ere hortxe hasi zen; berak post-produkzioa egin zuen. Kantu guztiak grabatuak zeudenean, hark teklatuak sartu zituen.

Mutrikuko AME estudioa ezagutzen zenuen, Azaleraren “Etxelila” kantua hor grabatu baitzenuten. Behin probatuta, argi zenuen hor grabatu nahi zenuela?

Bai, Axularrekin lan egin nahi nuen, oso hurbilekoa baita. Egia esan, ni oso gustura egon nintzen berarekin, asko laguntzen duelako eta lan hau niretzako erronka bat zenez, hurbilekoa den pertsona batekin egin nahi nuen.

Portada eta barneko diseinua Haizea Madariaga eta Ibai Madariagak anai-arrebek egin dituzte.

Bai, lagunak dira. Gustora portadarekin, buelta emandako aulki bat da. Taldearen izena ere argi ikusten da. Lehen diskorako izena ikustea garrantzitsua da.

Fliskornoa Mikel Maniegak jotzen du.

Bergarakoa da, oso musikari ona. Hau ere estudioko sasoian ezagutu nuen. Axularrek ezagutzen zuen eta berarekin kontaktatu zuen. “Aieneka” abestian, haizezko instrumentu baten solo bat nahi genuen, baina ez genekien zein instrumentu. Eta berak proposatu zuen.

Tronpeta ere jo du, ezta?

Bai, hori Maitaleen swinga-n. Fliskornioaren soinua oso polita da, oso melankolikoa.

Popa aipatu duzu, baina soinua sakonagoa, eleganteagoa dela esango nuke. Oso atsegina da; zure soinua topatu duzula uste dut, zure tonua.

Azalera taldeak indarra eskatzen zuen, eta hemen oso eroso eta gustura sentitu naiz ahotsekin. Konfinamendu garaian abesti batzuek baneuzkan. Ez dakit zenbat, baina “Euriari” izan zen lehenengoa.

Letra hori zuk hasi zenuen eta gero Sarai Roblesek borobildu zuen, edo elkarlana izan zen?

Elkarlanean izan zen. Gogoratzen dut nola behin Hendaiako hondartzara joan ginen. Berak zati bat eginda zeukan eta hor ibili ginen borobiltzen eta gero kantatzen joan ahala aldatzen joan naiz. Agian kontzertu batzuetatik besteetara esaldi batzuk aldatu ziren.

Kantu asko bi urte horietan, 2020a eta 2021ean, gutxi gora behera, konposatu zenituen. Garai arraroak izan ziren, neurri bereziak eta murrizketak egon ziren...

“Adio”-ren letran asko ikusten da hori. Garai horretan sentsazio bat banuen, oso erraz gobernatu ahal gintuztela. Gainera, jende asko lanik gabe geratu zen eta desolazio hori islatzen du: ez gara ezer. Nahi dutena egin dezakete gurekin.

Lehen aipatu duzu, funkyaren eragina... Aritzengandik dator?

Bai, baina denak oso jazzeroak dira eta musikalki ahalmen handia daukate. Kristoren musikariak dira.

Gauzak sinple egitea... hori da zailena.

Bai, eta horren aldekoak gara. Zortzi mila gauza ipini beharrean... batzuetan kentzea ere ondo dago.

“Hiru tiro hots” kantuan diozu: “Ehiztariek esnatu naute, nik nahi nuen lotan gelditu”. Eta gero: “Atzetik ditut ehiztariak baina ez naute topatu”. Zer esan nahian zabiltza?

Diskoaren beraren prozesuaz ari naiz apur bat. Prozesua ez da erraza izan, eta batzuetan etsipena sentitu dut, aurrera ez zela aterako pentsatzen bainuen. Mezua pixka bat airean geratzen da. Beldur horri egindako kantu bat da. “Exijentziaren larra” esaten du. Zure buruari exijitzen diozu baina gero oztopoak topatzen dituzu behin eta berriz, eta horiei aurre egin behar zaie. Oztopo horiek izan daitezke ehiztariak... ez dakit. Ez daukat argi (barreak).

Rocka aipatu dugu lehen. Disko honetan, rocka beste elementu eta errekurtso bat da, gauzak borobiltzen dituena. Momentu konkretu batzuetan sartzen da eta horregatik efektua oso ikusgarria da. Adibidez “Euriari” kantuan.

Indarra hartzen du amaieran, sorpresa moduko bat da. Egia da “Euriari”-ren melodia oso modu organikoan sortu zela, eta ez dago ezer aldatuta. Amaiera indartsua dauka, akustikoan kantatu nuenean ere bai, eta gero taldera ekarritakoan rockerantz joatea eragin du agian.

“Oasia” izango da diskoko gogorrena edo gogorrenetakoa.

Amaiera bai. Hori da kanturik berriena.

“Kaosa, bakea, eta kaosa elkarri eusten”.

Hori Sarairena da. Momentu batzuetan badirudi gauzak ondo daudela, dena perfektua dela, baina horren atzean zer dago? Jendea kokoteraino dago, lanarekin topera... Bake antzeztu baten bizi gara, baina barruan, kaosa dago gure gizartean. Zenbat jende daukagu depresioa, antsietatea, lan prekarioak dauzkana?

Lehen aipatu dugun Foroya Camara senegaldarrak-k kongak jo ditu diskoan.

Bere ahotsa sartzeko gogoarekin geratu naiz... baina tira, hurrengoan izango da. Ahots afrikanoa dauka, oso tinbre berezikoa. Badaukat kolaborazioa egiteko gogoa eta pentsatzen dut zor diodala. Bai berak eta bai nik, badauzkagu kantu batzuk.

Bost urte pasa dira aurreko elkarrizketa egin genuenetik. Denbora honetan Azaleraren bira egin zenuten, gero Azalera desegin zen... eta garai horren bueltan pandemia etorri zen.

Berriz ere bakarlari moduan hasteko gogoa etorri zitzaidan. Justu Zaldibarko gaztetxetik deitu zidaten 2020an. Orduantxe kantu berriak egiten ari nintzen, eta esan nuen “kantu hauek joko ditut, zergatik ez?” Gero, Oihanederreko sariketa heldu zen.

Gasteizko Euskararen etxea, ezta? “Egin leku” deialdian irabazleetako bat izan zinen.

Hori da, eta hor kontzertu bat jo nuen. Gauza txikiak ateratzen joan dira.

2023an lehen aipatu dugun Arkupe Hotsak proiektua etorri zen. Bi urte lehenago Kadirarekin hasia zinen.

Bai, gogoratzen dut Aritz eta biok lehen aldiz geratu ginenean, Donostian, ezin zen Gipuzkoara joan, baina nik ibiltzeko baimen bat nuen. Geratu ginen lagun baten etxean kantuak erakusteko. Pixkanaka pixkanaka eta kostata egin dugu, bidea ez da erraza izan. Eskertu dut, baita ere, adibidez, pandemia garaian Birkit Alonsok idatzi zidala elkarrizketa bat egiteko, NAIZ irratian berak egiten zuen podcast baterako. Eta berak hori esatea eta kontuan hartzea, eta nigan fijatzea, momentu kritiko hartan... eskertzen da. Egin dugu, eta egia da ez dugula eduki atzean kristoren azpiegiturarik marketing-a egiteko.


Utzi iruzkina: