Kadira "Kadira" (Mukuru)
EREINDAKOA JASO
Lorea Zulaikak (Ziortza-Bolibar, 1996) zuzendutako talde berria dugu Kadira. Oso gaztetan hasi zen Lorea kantuan; youtubera igo zituen abesti hainbatetan bere ahotsaren indarra erakutsi zuen lehen urte haietan. Gero, 2016an, Azalera taldea sortu zuen Ondarroako hiru musikarirekin batera. 2018an argitaratu zuten diskoa eta hurrengo urtean “Etxelila” kantua. 2019an banandu zen laukotea. Orain, 2023a amaitzear dela, Kadira taldearen lehenengo diskoa iritsi da, azkenik.
Lan berri honetan bere soinua topatu duela esan genezake. Horretarako, talentu handiko hiru musikarirekin talde lana egin du: Aritz Aramendi (baxua), Aitor Aristondo (bateria) eta Oier Ponce (teklatua), Lorearen gitarra eta ahotsari batu zaizkio. Diskoa entzun eta gero argi geratu zaigu zortzi kantu berri hauek bere ahots tonuarekin guztiz bat egiten dutela. Lehenengo kantutik nabaritzen da: “Adio”-k bakea eta oparotasuna transmititzen ditu. Instrumentazioari buruz, ez dugu minimalista dela esango, baina haien erabilera arrazionala eta hedatzailea da. Hau da, kantuei arnasa ematen die eta haien dohain melodikoak indartzen ditu.
Oierren teklatuak ildo horri segitzen dio “Aieneka”-n ere. Lorearen ahotsa, hedagarria ez ezik, baliosa ere bada pieza honetan. Gainera, Mikel Maniega gonbidatuaren fliskornioak magia berezia sortzen du. Kantuak aztertzerakoan, erritmo basearen papera norabide anitzekoa dela esan genezake: kantuen oinarria izan daiteke, baina pasarte askotan kantuak koadro abstraktu eta harmoniatsu baten moduan janzten ditu. “Hiru tiro hots”, adibidez, aitaren batean pasatzen den soul-funk-reggae ariketa estimulagarria dugu. Aritzen baxu sarkorrak, baita Oierren teklatuak ere, paisai iradokitzaileak marrazten dituzte bateriaren swingak dena sostengatzen duen bitartean.
“Euriari” kantuak soul balada zantzuak dauzka hasiera batean, tarteka rock pultsazioak gailentzen diren arren. Giro ezberdinak bisitatzeko grina horrek estimulagarria egiten dute berriz ere. Horregatik Loreak gitarrari ematen dion botereak ia berehalako kontrapuntuak topatzen ditu, kantuari interes gehiago erantsiaz. Diskoko kanturik rockeroena “Salbazioa” da, Loreak gitarrari ematen dion indarragatik, besteak beste. Foroya Camara senegaldarraren kongek bere lekua daukate kantu honetan zein “Egarri”-n. Bigarren hau delikatuagoa da, eta teklatuaren erabilerak bereziki edertzen du.
Bien tartean, “Oasia” zehaztasun bereziko pieza dugu, erritmo baseak eta teklatuek erraztasun osoz markatzen baitituzte tenpoak zein giroak. Badauka kantu honek bere rock eztandatxoa ere, kantuari berari ezin hobeto datorkion kontrastean. “Maitaleen swinga” kalitatezko amaiera da. Swing kutsagarria, kez beteriko 1930.hamarkadako New Yorkeko areto bat iradokitzen du. Dotorea da, inondik ere, eta errepikatzeko arriskua dugun arren, Lorearen ahotsarentzat pentsatua dirudi. Gauzak horela, lan honekin eman dezake azkenik Loreak merezi duen jauzia.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: