2025eko balorazioa , berria Egunkarirako
Gure herrian etengabe talde eta bakarlari gazteak sortzen ari dira; hobekuntza teknikoek ere berebiziko aurrerapena dakarte. Programazio zein efektu digitalak gure eszenan txertatuta daude jada, eta errekurtso horren erabilpenak, ongi erabiliz gero, eragin positiboa izan lezake. Arriskua hor dago, baita ere, eta horregatik uste dugu talde edo bakarlari batzuek efektu horiek erabiltzeko, edo gehiegi erabiltzeko, tentazioan erori litezkeela. Horren aurrean, kontrako norabidean doaz artista zenbait: analogikoan grabatu, biniloan soilik editatu, momentuaren indarra eta bultzada aprobetxatu... Bi norabide kontrajarri diren arren, gehiengoak moderazioz landu du soinua zein efektu digitalak erabiltzeko aukera.
Areto txiki zein gaztetxeen zirkuitua aipatu izan dugu aurreko urteetan ere, baina berriro ere eszena horren garrantzia azpimarratu nahi dugu, ekosistemak arnasa hartu dezan beharrezkoa baita. Zirkuitu horretan hasi eta arrakasta handia edukitzera pasatu dira hainbat talde. Haatik, artistak sailkatzeko hiru kategoria bereiztu izan ditugu: areto txikietan jotzen duten talde berriena zein historiko hainbatena, batetik. Erdi-klasea edo Kafe Antzokiaren tamainako aretoak betetzeko gaitasuna daukatenena, bestetik. Eta azkenik, goi mailako ospea daukatenena.
Orain, ordea, makro kontzertuen garaian gaude eta beraz laugarren kategoria bat gehitu zaie: pabilioiak, arteo erraldoiak, eta are gehiago, futbol zelaiak betetzeko gaitasuna daukatenena. Honetan ere, hainbat kategoria aipatu beharko genituzke: beren ibilbidea amaitzeko kontzertu bat edo gehiago antolatu dituztenak, bananduta zeuden baina itzuli egin diren taldeak, eta azkenik, Zetak-en kasuan gertatzen den bezala, bere onenean dauden artistak. Azken hau da seguru aski biderik autentikoena eta pozgarriena: behetik hasi eta gailurrera nostalgiarik saldu gabe iritsi direnena. Zetak taldearen igoera oso azkarra izan da, eta bospasei urtetan Mitoaroaren kontzeptuarekin Illunbe hiru aldiz betetzera eta orain San Mamesen sarrerak agortzera iritsi dira. Harrigarria eta ezohikoa da. Izaro ere bere onenean dago, eta ez du ez agur birarik ez itzulerarik egin. Gainera, BECen jotzea lortu du, eta hori oso kontuan hartzekoa da.
Nostalgia saltzea esan dugu, baina ez dugu inolako arazorik kontzertu mota horiekin. Gainera, pozgarria da garai batean hain garrantzitsu izan zirenen obra eta jarraipena gisa honetakoak izatea. Merezitako azken agurra lortu dute askok. Batzuek agur kontzertuak egin dituzte, baina beste batzuk, Delirium Tremens bezala, bi disko berri argitaratu dituzte hiru urte t’erdian. Urtz taldeak ere bide horri eutsi dio: kantu berriak egiten dituen taldea da, bizirik mantentzeko gasolina sormenak eman die, baina zoritxarrez ez da gorago aipatu dugun fenomeno masibo horretan txertatu. Ez dakigu, edo oso zaila da, talde baten itzulerak izango duen arrakasta aurreikustea, baina puntu interesagarri batetara iritsi gara: fan mugimenduak beste korronte bat ekarri du. Korronte honek milaka ikusle dakartza esparru erraldoietara, ia ia jotzen ari den artistan erreparatu gabe.
Hots, fenomeno berri baten aurrean gaude, baina horrekin ez dugu ongi etorriak ez direnik esan nahi. Ez dugu fenomenoa gaizki iruditzen zaigula esan nahi. Areto txikiak vs. barruti erraldoiak, denak dira zaindu beharreko emanaldiak. Beraz, eta konbibentzia zaila izan litekeela uste dugun arren, bi formatuak dira zilegiak. Arazoa betikoa da: areto eta artista ez masiboei eta txikiei aukerak emango dizkien azpiegitura bat behar dugu. Azpiegitura hori egon, badagoen arren, esparru horretan lan asko dago egiteko.
Pantxoa eta Peiok BEC-en iragarri duten kontzertuko sarrerak agortu dira. Justizia poetikoa da hau, benetan pozgarria eta merezi duten azken agurra ematea ahalbidetuko diena. Horrelako itzulera edo agur gehiago egon daitezen nahi dugu, baina ez genuke nahi fenomeno horrek berak talde txikiak eta ertainak babesterik.
Soinu urbanoak, autotunea, programazioak... gazteek entzuten duten musika agian guk uste baino askotarikoagoa den arren, joera horrek agintzen du eta onartu beharra dago musika bizitzeko modu desberdinak daudela. Jaialdi erraldoiak ere (Azkena Rock, Bilbao BBK Live) osasuntsu daude eta jada bi hamarkada baino gehiago (24 urte) dauzkan ARF jaialdiak rockzaleen gotorleku izaten jarraitzen du. Rock musika askotan lurperatu nahi izan dute azken 60 urtetan, baina hor jarraitze hutsak izpiritu garaiezina frogatzen du. Gaur egun rocka egitea kontrakulturala denik ez dugu esango, baina erresistentzia puntu asko daude eta haiei aurre egitea batzuetan heroikoa ere bada.
Ezezez taldearen arrakasta ikusgarria izaten ari da, Sua taldea forma oso onean dago, Rodeok stonerra lantzen jarraitzen du, Karmak ere bai nolabait... argi dago talentua soberan dagoela eta euskaraz kantatze hutsa ere berebiziko erabakia dela. Bejondeiela. Amaitzear dagoen urte honen balorazio musikala positiboa da, bizirik dagoen eszena bat daukagu eta euskara hutsez kantatzen duten taldeak barra-barra daude. Soulak eta funk-ak ere osasun ona daukate euskaraz (Arima Soul, Bele, Sara Azurza), baina baliteke aurtengoan heavy metal estiloko disko berriak nahiko murriztuak izatea. Dena den, Latzen taldearen itzulera eta Lotura taldearen indarra aipatu beharko genituzke, eta batez ere, Naiz Presidente (NaizRoxa eta Vicepresidentesen ibilitako musikariarekin) taldearen sorrera oldarkorra.
DISKORIK ONENAK
Nazioartekoa: Marilyn Manson "One assassination under God-Chapter 1" (Nuclear Blast)
Euskal Herrikoak: 1.- Ezezez “Kabakriba” 2.- Naiz Presidente “Naiz presidente” 3.- Rodeo “X”

Iruzkinak
Utzi iruzkina: