Euskaldunak Txinara, lehen eta orain (V)

No profile photo Euskal Herria & Txina | 2019-07-26 11:42

EUSKALDUNAK TXINARA, LEHEN ETA ORAIN (V): GAUR EGUN (1990ETIK): ZERBITZU ARLOETAKOAK

 

EiTB-ek Txinan egindako Vascos por el Mundo (VXM: Shanghai eta Hong Kong) programak erakusten duen arabera, enpresekin batera iritsitakoak izan ezik, bere kasa lana aurkitu edo praktika ordainduak (bekak) lortu dituzten euskaldunak ere badaude, batez ere zerbitzu arloetan dihardutenak, hala nola, bankugintzan, gazteleraren irakaskuntzan eta futbolaren entrenamenduan.

Lehenik, bankugintzari buruzko daturik ez dugu aurkitzen, baina ziurrenik Hongkongen izan daiteke euskal jatorriko banku-langileen presentzia, hiri hori nazioarteko bankugintza eta finantzaren toki garrantzitsuenetako bat baita.

Bigarrenik, Latinoamerikarekiko harreman komertzial dinamikoa dela-eta, gazteleraren irakaskuntza gero eta beharrezkoagoa da Txinan. Kasu batzuetan, txinatar irakasleak baino, natiboak nahiako dituzte. Hemendik dator euskaldunen aukera. Gainera, atzerritar umeentzako nazioarteko eskoletan eta eskola publiko batzuetan ere irakasten da gaztelera.

Hirugarrenik baina ez azkenik, azken urte hauetan, Txinako futbol-harrobien kopuruaren hazkundeak entrenatzaile gehiago eskatzen du. Gazteleraren irakaskuntzan gertatu bezala, hemen ere, atzerritar jatorriko entrenatzaile kualifikatuak nahiako dituzte. Gaztetxoak ez ezik, txinatar entrenatzaileak ere entrenatu behar dituzte. Fenomeno honen atzeko motor nagusia Txinako gobernua da. Izan ere, 2015ean, gobernu horrek Txinako Futbolaren Erreforma eta Garapenaren Plan Orokorra berretsi zuen; planaren helburuetako bat futbolari gaztetxoen kopurua haztea zelarik. Adibide zehatz bat jartzearren, El Correo-n argitaratutako artikulu baten arabera (2018), Guangzhou Evergrande Futbol Klubaren harrobi batean, Espaniatik etorritako 22 entrenatzaileen artean, sei euskaldun daude; horietako bost EAEar jatorrikoak dira; eta beste bat, berriz, nafar jatorrikoa.


Utzi iruzkina: