Jorge Oteiza eta Itziar Carreñoren hilobia
Ekaitz Santazilia, CC BY-SA 4.0, via Wikimedia Commons
Jorge Oteiza (Orio, 1908/10/21 - Donostia, 2003/04/09) Alzuzako (Eguesibar) hilerrian dago lurperatua bere emazte Itziar Carreño Etxeandiarekin batera (Atxuri (Bilbo), 1904 - Alzuza, 1991/12/30) eta azken honen anaia José Luisekin batera.
Bere lan eskultorikoengatik ezagun egin bada ere, hona alor ideologikoa ekarri nahi dugu, euskarari dagokiona hain zuzen, blog honi dagokion gisan. Izan ere, Oteizak hizkuntzalaritza eta etimologia egin nahi izan zituen euskararen bidez euskaldunen arkaikotasuna eta pentsaera islatzeko asmoz, eredu latindarrarengandik at. Gisa horretan, hizkuntzalari plantak eginez, euskara bezalako hizkuntza ustez neolitikoaren bidez esplikatuko du euskaldunen artearen eta forma geometrikoen funtsa: finean, bere ustez hizkuntzaren forma dago euskal geometriaren sorburuan. Horrek (nire aburuz) balio eskasa duen hausnarketa linguistikoak egitera bultzatu zuen eskultorea, horren adierazgarririk nabarmenena 1995ean argitaratutako Nociones para una filología vasca de nuestro preindoeuropeo lana izanik. Ez dugu halere, beste jakintzagaietan lan ona egin zuenik ukatu nahi, bistan da: bakarrik, hori baloratzeko kapaz ez naizela aitortzen dut.
Hilobia berak diseinatutako gurutze bikoitzak dekoratzen du. Originala muesoan dago baina haren brontzezko kopia lapurtua izan zen eta orain beste bat dago. Tunba aurkitzea oso erraza da: Alzuzako (herri zaharra, ez beheragoko urbanizazioa) elizara igoko gara eta bertan dago hilerri ttiki ttikia. Gaur egun ez da erabiltzen eta beraz, bertan dauden tunba bakarrak aipatu hiru hauenak dira, mende batzuk zaharragoak diren hiruzpalau hilarri borobilekin batera. Egia esan, hilari borobilak dira benetan hilerrian daudenak eta Oteiza-Carreñotarren tunbak alboan daude.
Gehiago jakiteko:
Iruzkinak
Utzi iruzkina: