Lapeyre Ardoak

euskarazoak 1456132591400 EUSKARAZOAK | 2007-05-14 17:58

Batzuetan oso gauza bitxiak gertatzen dira, benetan. Hona hemen joan zen barixakuan pasatu zitzaidana. Baina gauzak ondo ulertzeko nire lehen abizenari buruz hitz egin behar dizuet.

Lapeyra-tarrok gara etxekoak, horrela idatzita berehala konturatuko zarete ez garela bertokoak, gure abizena hego Frantziatik dator eta. Han gure abizena “Lapeyre” idazten da eta Frantziako hegoaldean nahiko arrunta da. Badirudi familiako adar bat Espainiara etorri zela eta denborarekin abizena atzean zeraman “e” hizkia “a” bihurtu zela. Lapeyra horiek Ipar Euskal herritik hego aldera pasatu ziren XVII. mendean eta Hego Euskal herrian finkatu ziren. Pedro edo Pierre Lapeyre agertzen da 1675 urtean Andoain herrian olagizon moduan. Nire arbasoek metalezko industriarekin harreman estua eduki zuten eta galdaragile eta tobera egileak izan ziren garai hartan. Urrestilla aldean antzinako burdinola hartuz, euren biziko lekua topatu zuten eta baserri-errota hartan jarraitzen dute gaur egun familiakoek. Baserriaren izena “Toalle” edo “Tobera egile” da gaur egun ere, nahiz eta aspalditik burdinarako labeak desagertu eta errota garia edo artoa irina egiteko erabili. Baserritik leku batera eta bestera joan ziren Lapeyra-tarrak bere ofizioa zabaltzen. Batzuk Azpeitiako aldean geratu ziren eta abizenari beste aldaketatxo bat egin zioten, eta gaur egun “Lapeira”, i latinez idazten dute. Beste batzuk Eibarrera etorri ziren eta beste batzuek Iruñera edo Bilbo aldera jo zuten. Gaur egun ere Lapeyra gehienak Euskal herrian zehar aurki daitezke, nahiz eta Catalunyan ere beste Lapeyra dexente izan.

Badirudi Lapeyra edo Lapeyre abizenek  “Harria” edo “ Haitza”  daukatela bere esan nahia eta occitanotik datozela. Pirineoko mendikatean mendi bat aurki daiteke “lapeira” izenarekin, Respomuso aterpetik gertu, eta “La Facha” eta “Balaitous”-en artean. Hego Frantzian herrixka batzuk daude “lapeyre” izenarekin eta hainbat eta hainbat toponimo “peyre” sustraiarekin topa daiteke: Lapeyrade, Peyresourde, eta abar.

Beno txapa hau bota eta gero,"porfin" joan zen barixakuan pasatu zitzaidana kontatuko dizuet


Banenbilen nabigatzen interneten eta erreferentzia interesgarri bat topatu nuen: “Clos Lapeyre-ren ardoenena  hain zuzen. Berehala klikatu nuen esteka eta sartu nintzen haren web orrian. Edukiak irakurtzen ari nintzenean bat-batean konturatu nintzen, web atal hori, euskaraz idatzita zegoela. Gainera harremanetan jartzeko aukera euskaraz ematen zidan. Harrituta geratu nintzen, Lapeyreren upategi hau Euskal Herritik kanpo dagoelako. Gero hobeto begiratzen, leku-web hau hiru hizkuntzetan idatzita zegoela konturatu  nintzen. Frantsesez, Ingelesez eta Euskaraz. Aukera aprobetxatu nuen eta euren ardo tarifak eskatu nizkien. Kontatuko dizuet...

Harrigarriena da Frantzian ardoa eros daitekeela euskaraz.eta Euskal Herrian bertan ia ezinezkoa izatea.  Ea noiz ikasten duten hemengo upategietan.


Utzi iruzkina: