Euskara eta zenbakiak
Azken bolada honetan, post eztabaidagarriz eztabaidagarri ibili naiz eta agian harea higikorretan sartu naiz, ez dakit...
Giroa lasaitzeko hemendik aurrera nire euskara traketsari buruz egingo dut berba, ea horrela bakea itzultzen den blogara.
Hori da nire asmoa une honetan, baina honela noiz arte iraungo dudan ez dakit, oso aldakor bainaiz.
Goazen bada gauza berri batekin, aurreko postetik guztiz aldenduta.
Badakizue “ Loroaren teorema” irakurtzen ari naizela. Matematika eta zenbakiari buruz idatzitako liburu hau gau mahaitxo liburua daukat. Eta eleberri honen eraginez nire euskara eta zenbakien arteko harremana azaldu nahi nizueke.
Nire lanpostuan, jende askorekin egiten dut berba egunero, bai telefonoz baina baita dendan bertan ere.
Gaur egun, naiz eta batzuetan arazoak eduki, norbait badator euskaraz, nik ere euskara erabiltzen dut. Jeneralki ez ditut problemak besteei ulertzeko, baina , ai, zenbakiak agertzen direnean. Zenbakiak eta euskarazko zenbakikuntza ikasi dut eta badakit, baina gauza bat da jakitea, eta beste gauza bat da erabiltzea eta elkarrizketetan ulertzea edo ziztu-bizian esatea.
Nire lanagatik zenbaki asko apuntatu behar dut, normalean bezeroen telefono zenbakiak baina baita ere kontu korronte zenbakiak eta halakoak, orduan arazoak bezeroek datuak azaltzen dituztenean.
Badaude era ezberdinak zenbakiak esateko. Zenbakiak banan-banan ahoskatzen dituztela, errazenak ditugu...bederatzi, lau, hiru.... Hauekin ez daukat problemarik, zenbakitzen duen pertsonak antxitxiketan ez badira ibiltzen behintzat.
Besteekin tamalez, arazo gehiago daukat. Pertsona hauek zenbakiak taldeka ahoskatzen dituzte, eta jeneralki oso bizkor gainera: laurogeita hamalau, hogeita hamaika...eta halako kantinela botatzen dutenean ahoa zabalekin geratzen naiz normalean.
Kasu honetan, zelako tonto aurpegi jartzen dudan arabera, aurrean daukan pertsonek astiroago errepikatzen didate, edo askotan zenbakiak gaztelaniaz azaltzen dizkidate eta kitto.
Badakit arazo hau gainditzeko denbora edo praktika gehiago behar dudala, baina badirudi zenbaki eta hitzak leku ezberdinetan kokatu egin direla nire garunean, eta batzutan zenbaki madarikatu haiek ezin dut inondik topatu ere...
Baina badirudi horrelako zerbait pasatzen zaie hainbat euskaldunei, eta ez bakarrik euskaldun berriak garenoi, baizik eta euskaldun zahar batzuei ere.
Azken asteotan sarri pasatu zait, solaskide batekin euskaraz eginean, berak euskaldun peto-petoa izan arren, zenbakiak berezi batzuk esaterakoan ( telefonoak adibidez) gaztelera pasatzea eta berehala euskarara berriro joatea.
Konturatu naiz ohitura hori nahiko zabalduta dagoela gure aldean, eta batez ere adineko euskaldun zaharren artean. Agian zenbaki memorizazioarekin lotuta dago kontu hau, auskalo, baina benetan bitxia iruditu zait.
Zoritxarrez estrategia horrek harrapatu nau pittin bat, eta neuk ere batzutan erabiltzen dut gaztelera, zenbaki madarikatuekin trabatuta ez geratzeko. Espero dut etapa hau gainditzea, baina ez du ematen erraza denik...
Aholkuren bat baldin badaukazue esadazue mesedez
Iruzkinak
Benito 2008-03-12 22:29 #1
Zenbakiak telefonoz esaten badizkizute, apuntatu ondoren esan dizunari banan-banan errepikatu konprobatzeko: "hiru-bost-lau-zortzi-hutsa-zazpi.... Ondo dago?" adibidez.
Arrazoia daukazu dena dela, jende askori kostatzen zaio zenbaki luzeak euskaraz erabiltzea. Neuk ere nahiago izaten dut zenbakiak banan-banan (sei-lau-hiru-zortzi) esatea binan-binan baino (hirurogeita lau, hogeita hamazortzi...).
Klaseetan praktikatzeko askotan oso teknika ezaguna erabiltzen da, baina lagun batzuk behar dituzu egiteko: Bingoa.
Beste ideia bat. Joan hona, idazten duzuna ahoz esaten duen programa bat da. Idatzi zenbaki luzeen sorta bat (1254 78596 21547 5247 adibidez), submit botoari eman eta entzun egingo dituzu, entzun ahala saiatu apuntatzen. Behin eta berriro entzun ahal dituzu asmatu arte. Zenbakiak apuntatzen praktikatzeko balio ahal dizu.

flap 2008-03-13 16:50 #2
Eskerrik asko Benito. Ea zure aholkuekin nola konpontzen naizen...

Utzi iruzkina: