Ataskutik ateratzeko, Astronomia
Jope...azken bolada honetan ezinean nabil, edo lan gehiegi daukat, edo jai giroan sartuta nago, edo ideiaz eskas..., baina bloga elikatzeko nahiko petral nabil.
Beno ohitura edo/eta
soltura berreskuratzeko lerro batzuk idatziko ditut, nahiz eta zeri buruz
idatzi ez jakin. A bai, orain bururatu zait, zer moduz astronomia pixka bat?
Astronomia izugarri gustatzen zait, Astronomia esan dut, eta ez askok oker ulertzen duten bezala, Astrologia. Nik pseudozientzia horri izen berri bat ipiniko nioke, zentsu ulergarriagoa edukitzeko: "Astologia" hain zuzen.
Garbi dago horoskopoen kontua ez dela niri gustatzen zaidana, baizik eta, planetak, izarrak, galaxiak eta unibertsoan dauden gauza guztiei buruz jakitea eta posible baldin bada ikustea.
Nahiz eta luzaro zaletasun hau eduki, azken urteotan zeruaren behaketa gutxi egin ditut. Bakarrik une puntual batzuetan atera dut nire teleskopioa ganbaratik . Justu-justu, ilargiaren eklipse bat ikusteko, Artizarraren eguzkiaren aurreko transitoa begiratzeko, edo eguzkiaren eklipse partzial bat behatzeko.
Ez gara bizi leku aproposenean gaueko zerua ikusteko. Herriak eta hiriak argi artifizialekin beteta daude eta argi-kutsadura horrek ia zeruko izar eta astro guztien dirdira zapaltzen du.
Horregatik hiritarroi gaueko zerua ez zaigu batere erakargarria suertatzen, ilargia ere apenas ikusten dugu eta. Eta hau oso penagarria da, gauero, firmamentuak eskaintzen digun espektakulo zoragarria galtzen ari gara eta. Nire zaletasuna mantentzeko, astronomiaren aldizkariak irakurtzen ditut, ea gaueko zeruak ze berri dakartzan jakiteko, eta horrela jakin dut azken hilabete honetan sekulako kometa ikus ahal daitekeela. “Holmes” du izena kometa izugarri honek, eta oraindik ikusgai dago, begi hutsez. “Holmes” kometa ezaguna zen, 1892. urtean behatua izan zen eta. Aldi hartan eztanda batzuengatik argitasun itzela hartu zuen.Gaur egungo pasadan, ordea, zientzialariek ez zuten espero hainbeste argitasun hartuko zuela.. Baina Holmes kometak denak aho zabalekin laga ditu, eta aurreko pasadan eduki zuen argitasuna nabarmen gainditu du. Eta ez hori bakarrik, kometen behaketa guztien artean, Holmes-ena da argitasun-absoluturen bigarren marka handiena erregistroetan.
Une argitsuenak pasatu arren oraindik ikus dezakegu kometa hau, eta prismatikoekin behaketa interesgarriagoa bihurtu dezakegu. Pentsa ezazue une dirdiratsuenetan Kometak eta bere hauts eta gasen komak eguzkiaren tamaina baino handiagoa zeukatela, harrigarria...eta guk geuk lurrera begira... Gizajoak!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: