Kukutzari buruzko liburua: "alternatiboak" ere euskara mespretxatzen?
Abenduaren 23an sei gizonezko helduk Bilboko Kukutza gaztetxeari buruzko liburua aurkeztu zuten. Erdaraz idatzia (egile nagusia, Lutxo Egia, euskalduna eta ustez euskaltzalea izan arren), "Ellos por dinero, nosotras por placer" du izenburua. Alegia, "Haiek (maskulinoz) diruagatik, guk (femeninoz) plazerragatik".
Historia nork idazten duen garrantzitsua izanik, gazte eta emakumeek ez egin-aurkeztu izana aipagarria iruditzen zaigu. Hala ere, hemen noski, hizkuntz-zapalketaren haritik helduko diogu gaiari.
Kontakizunaren oinarrian bi eredu kontrajarri daude: Bata haiena, elitista, klasista,indibidualista, patriarkala,... eta bestea alternatiboa, herrikoia, parte-hartzailea, parekidezalea,...Baina argi esan dezagun: eredu hori ere, herri honi haiek (kasu honetan espainiar eta frantziar inperialistek) inposatzen dioten hizkuntza arrotzean mamitzen bada, kulturalki ,eta beraz nazionalki eta sozialki, ALIENATZAILEA bihurtzen da.
Euskaraz eredu patriarkala defendatuko balu norbaitek, arrazoi osoz kontrabotere feministaren salaketarekin egingo luke topo. Aldiz, eredu alternatiboa hizkuntz inposatuan defendatzearen kontraesana batzuei gutxi axola zaiela dirudi. Eta hor euskaltzaleon jarrera epelegia ere nabarmendu behar da, mugimendu sozialetan euskara baztertzea herri-mugimenduan bertan euskararen alde ari garen guztionganako mespretxua ere bada eta!
Alda dezagun beraz jarrera: euskaldunok ofentsibara!
Gaztetxeak aurrera eta euskara gaztetxetan aurrera (eta beraz erdara atzera)! Euskaraz eta kitto!
Iruzkinak
Lotsagorritzerik ez 2011-12-29 21:55 #1
Nik ez dut nehor jujatzen egiten duenaz edo ez duenaz.
Bloga hau iduritzen zait izigarri "ez sanoa". Hemen idazten denak eta bereziki erabili tonoak ez du deus aitzinarazten istorioan. Aipamen positiborik egitea ez zaizue burutik pasa, ez duzue holakorik ikasi zuen komunikazio ikasgaien artean?
Behar bada bigunegia niz, behar bada ez niz aski tinkoa, zorrotza.
Berdin zait, ez zait batere gustatzen.
Baina ez naiz ere ez itsua.
Zuen blogaren baitan publizitatea onartzen duzue.
Biziki ontsa.
Eta hor agertzen dena ZERGATIK EZ DA EUSKARAZ????
EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ-ekoak
eta mota guzietako komisarioa linguistikoak ere...
EUSKARAZ LA OSTIA!!
Lotsagorritzekoa behar bada zuena da!
Maialen 2011-12-30 09:36 #2

Ez noski, "istorioa" aitzinarazten duena betiko epelkeria da...Aitzineko mezu hori darabilten berak dira euskararen etsaiei ipurdia milizkatzen dietenak eta ez dute onartzen beren jarrera higuinaren parean jarrera duin eta zorrotzik agertzea LOTSAGARRI gelditzen direlako.

Ez duela jujatzen eta gero komisario linguistiko deitu...bo, ez dezagun denbora gal halako iruzkinekin beharbada hau Max Brissonen komisario bat besterik ez dugu ta!

Ane 2011-12-30 14:53 #3
Zoriontzen dut blog hau horrelako artikulua idazteagatik. Euskal gazte mugimenduak sortu ditu gaztetxeak, ez helburua izanik gaztetxea baizik eta tresna bat aisialdi alternatiboa, euskal kultura... garatu ahal izateko.Eta noski, guzti hau euskaraz egin behar da,azken finean euskal gazte mugimendua,Euskal Herriko gazteriaz osatuta dagoena euskalduna da, edo behar luke, eta hauek sorturiko lekuak euskaraz bete behar ditu, beraz ulergaitza egiten zait Kukutzako lagunek liburua argitaratzea espainolez, eta ulergaitzago egiten zait Lotsagorritzerik ez-ek idatzi duena,euskaltzalea izanik euskararen defentsa egin behar dugu.Hobeto izango zen gure hizkuntza egoera onean egotea eta horrelako blogak ez existitzea, bitartean salaketak egin behar ditugu! Euskal Herrian Euskaraz!
Ardibeltza 2012-01-04 16:37 #4
Egileen esanetan, eta Kukutzako asanblada dago tartean, presak behartuta atera zuten lehenengo espainolez, etekinekin euskerazko bertsioa aterako dute, bai ala bai.
Dena den, beharbada eurekin hitz egitea (euskaldunak direlako batzuk, ez denak, baina batzuk bai), ez legoke txarto halakoak bota baino lehen, ezta?

maia 2012-01-07 03:34 #5

Dirudienez presek espainolez egitera behartzen gaitu, eta etekinak lortzeak ere. Gerora....etekinak lortuz gero, eta lasai hartuta....euskaraz argitaratuko da. Lehentasunak beraz gaztelera eta dirua. Hori behar genuen eredu askatzailea!

Aurrera Kukutza euskalduna!!! aurrera gure gaztetxeak!!!

manu 2012-01-08 19:44 #6

Neuk ere nahiago nuen lehenengo euskaraz atera izan balute baina halere ez dut gustuko berriaren tonua. Errekaldetik gertu bizi naiz eta hasieratik izan nintzen Kukutzaren erabiltzaile (jantokia, kontzertuak, etab.). Hamahiru urte hauetan euskararen presentzia indartuz joan da modu konszientean landu delako kontu hau. Asanbladako guztiek ez dute grin berbera gure hizkuntzarekiko baina, esan dudan bezala, aurrerakada bistakoa izan da.

Bestalde, Errekalde ezagututa argi dago tarte luze batean euskaraz gain gaztelaniak (eta agian beste hizkuntza batzuk ere bai) bere lekua izango duela hurrengo gune okupatuan. Ba hori, ez dezagula erabili hankasartze bat edozein tontakeri esateko (etekinak helburu etab.).

Paki 2012-01-16 21:59 #7
Penagarria artikuluaren tonua, barka iezadazue. Tamalgarria iruditzen zait "ofentsiba" delakoa, horrek destaina barnebiltzen badu bestearekiko. Eta bide batez derrazuedan, euskara sustatzeko modu baldarra, pobrea eta erabat, baina erabat antzua iruditzen zait. Guk, gure etxeko sukaldean, sekulakoak botatzen ditugu. Minak, bidegabekeriak, umiliazioak, horrela kitatzen dira askotan. Alabaina, plaza publikoan kausa bat defendatu behar baldin bada, --eta are gehiago giza-talde baten izenean edo ordezkari legez, euskaltzaleoi gertatzen zaigun bezala,--izan dadila dotoreziaz; limurtze edo konbentzimendu edo elokuentzia gaitasunez; hitz batez esanda, inteligentziaz. Irainak inteligentziaren antipodetan daudela badakigunez, ala?
"Ustez" da Lutxo euskaltzalea, gaztelaniaz idazteagatik argitaletxe batek enkargatu diona? "Ustez" izango naiz ni euskaltzalea suedieraz idazteagatik liburu bat, suediera menperatzen badut eta gogoa ematen badit? Euskaltzaleagoak gara sekula liburu bat idatzi ez dugunok noski; euskal literaturari ezein ekarpen egin ez diogunok; baldin eta, hori bai, gure burua gaztelaniaren kalko semantiko cool asko batez aurkezten badugu geure burua, euskarak ez baitu enfasi-esapiderik batere, OSTIA tú, qué putada-- "Epela" eta noren eta "etsaiaren ipurdi-milikatzailea" omen, eztabaidan bere iritzia ematen saiatzen dena. Errazagoa dun hurkoa iraintzea, etsai horren aurrean zer nolako jarrera duin eta ausarta dinagun guztioi erakustea baino, moñoña. Lotsari buruz zer edo zer esango nizuke baina hire ondorioztatze gaitasunaren esku utziko dinat.
Txalaparta argitaletxearen lan bati buruz ari gara, lagunok, ez Kukutzako asanbladak egindako lan bati buruz. Txalaparta argitaletxeak Kukutzari buruzko liburu bat egitea pentsatu zuen, gaztelaniaz. Txalapartak jakingo du zergatik, eta berari galdetu beharko genizkioke arrazoiak; ziur erantzungo lizkigukeela. Ados geundeke? Ez? Bueno, horrela egiten da bidea: Eztabaidatuz, elkar adostuz. Bagenuen guk, beste guztiok, norbanakook zein taldeok, lan hori euskaraz egitea. Lan hori eta beste zientoka, milaka lan, literaturaren eta musikaren eta kazetaritzaren eta artearen eta otutzen zaizkigun alor guztietan, ala? Txalapartak liburu mordoa argitaratu du eta argitaratzen du euskaraz; tartean oso liburu onak, bai jatorrizkoak, baita itzulpenak ere. Txapalartak plataforma paregabea, hauspoa eta babesa eskaintzen dizkie euskal idazle askori, alegia: Euskal kulturari. Egin lezake lan hori, egun, Euskal Herrian, gaztelaniaz fitsik ere argitaratu gabe? Gaztelaniaz argitaratzen duena salatuz zer kristo espero dugu? Izan gaitezen SERIOAK faborez eta arren.
Segi herriko edo auzoko gaztetxeetara eta jaso mahukak; euskarak hausporik behar baldin badu, lanean harrapa gaitzala.

Pitxi 2012-01-17 10:19 #8

Moñoña-ka aritzea da aipatzen duzun "dotorezia" eredua Paki? Barkatu zuk, baina penagarri zu zabiltzalakoan nago. Hainbeste erretolikaren ondorio bakarra zein da azkenean? Espainolaren erabilpenaren justifikazioa, besterik ez.Beraz penagarria hori!

Suediera eta espainolaren arteko desberdintasuna Euskal Herrian ez baduzu ulertzen lezioak emateko zabiltza ba...Hemen suediera ez da euskara ordezkatzeko inposatzen den hizkuntza,konturatzen zara aldeaz?

Bestetik Txalapartaren papera bera oso eztabaidagarria da.Euskal kultura euskaraz egindakoa soilik dela defendatu izan du euskalgintzak eta horren aurka espainolistak eta abertzale erdaldunak biak agertu izan dira. Txalapartan gure hizkuntzari presentzia oso eskasa ematen zaio eta abertzaletasun erdaldunaren erreferentea da batez ere. Ondo legoke Txalaparta justifikatzen aritu beharrean euskara gehiago eskatzea ere.

Tira, Manuk ere adibidez bere kritika egin zuen,baina gaztetxekoen hankasartzea gutxienez onartu zuen. Zu Paki, erdararen abokatu lanetan ari zarela ohartzen al zara? Erdaraz idazten duenak zure txaloa izango du, nererik ez behintzat!

Utzi iruzkina: