Borondatearen gainetik, beharra
Badirudi HPS-k oraingoan kristonak eta bi egin behar dituela lan munduan euskarak lekua izan dezan, abian duten komunikazio kanpainak behintzat hori iradoki dezake. Oraingoz ziurtagiri berri bat aterako dutela esateraino iritsi dira. Hori bai, orain arte Kontseiluak landutako bideak faltan omen zituen ezaugarriak edukiko omen ditu: serioa, prestigioduna eta profesionala. Hamaika ikusi-entzuteko jaio gara!!!
Guzti honek ordea txikitatik entzun izan dudan kontu baten inguruan hausnartzera ekarri nau. Betidanik entzun izan dut, euskalduna eta lana banatu ezinezko binomioa izan dela. Orain ordea, badirudi euskaldunok ez dugula lanarekin batere harreman onik… zer ote da? Izan daiteke beharbada euskaldunok ez dugula lanik egiten iada? Euskadi Tropikala uste baino lehenago iritsi al zaigu ba? Ez da ba izango, politika ankerren ondorioz erdaldundutako lan-mundua berreuskalduntzeko politika berri bat egiteko ausardia faltak berebiziko eragina izan duela euskara lan-mundutik hain urruti egoteko? Inork sinisten al du errespetuz, borondatez… lortuko dela gaur egungo egoera iraultzea?
Lana eta hitza ardatz dituzten esamolde batzuk bidelagun, hemen zenbait hausnarketa:
- Lan txarra egitekotan, askoz hobe geldi egotea. Barkatu atrebentzia, baina 25 urtetan administrazioaren euskalduntzeak porrotak besterik ez ditu ezagutu. Sinistu behar al dugu norbere etxerako balio ez duen politika egiteko modu horrek eremu pribatuko lan-mundua euskalduntzeko balioko duela? Edota PDCA famatuak, hobekuntza jarraituaren gurpil zoroa den horrek, mirariak egiten ditu? Gurpil hori mugiaraziko duen ardatzaren ezaugarriei zinez erreparatu al diozue?
- Lanean baino hobeki elean. Urteetan zehar hori erakutsi diguzue, oraingoz ere argi ikusten da lehengo lepotik daukala lepoa HPS-k. Horrekin batera proposamen bat, lan mundurako prestatu duzuen Lanhitz programari aldatu hurrenkera hitz konposaketan, eta ipin iezaiozue Hitzlan. Zuen jarduerari hobeto egokitzen zaio, ala?
- Lan hasia, jada erdi egina. Hamaika bider elkarlan eskaerak bideratu izan dira euskalgintzatik gai honen inguruan ere, azken finean orain arte eginiko bidea aurrera begira ere balio eta eskarmentu handikoa izan daitekeenaren ustean. Baina honetaz ere jabetuak egongo diren arren, nola onartu ba herri mugimenduak orain arte eginiko bidea baliagarri izan daitekeela?
- Oren batez bortz urtetako lana desegin daiteke, edota gertuagokoa izan daitekeen bat… Zegaman, egunez ikusi eta gauez eraman. Ondo ikasia izango da gaztetan mutikoa inguru haietan zehar itxuraz. Nor izanez gero zergatik ez dira abian diren proiektuak zapuztera dedikatu beharrean, berauek lankidetzaz nola aberastu daitezen pentsatzen jartzen?
- Aldameneko etxeko lanak beti eginik. Hori gertatzen zaio itxuraz administrazioari euskalgintzarekin, ez naiz hemen zerrendatzen hasiko azken urteetan zehar egin nahi izan dituen proiektuen bikoizketak, ongi ezagunak dira eta. Baina zer pentsa eman behar lioke administrazioari behin eta berriro egoera berdinarekin aurkitzeak.
- Eskerrak lan hori ez den inork aginduta egiten ari, argigarriago agian: Zekena ohoinentzat eta gobernamenduarentzat ari da lanean. Esplika ditzake jarrera batzuk, protagonismo neurriz kanpokoa adibidez, edota gaur egun legediarekiko atxikipena eta defentsa hertsia…
- Horiekin ur garbia ateratzen lan ederra dago. Eta bai, jendilaje horrekin nahiko lan izan dugu euskaltzaleok urteotan eta zoritxarrez aurrerantzean ere izango dugula irudikatu beharrean aurkitzen gara.
- Inorekin faltatu gabe behar da hitz egin. Beharbada norbaiti irudituko zitzaion gaurkoan faltatzeraino ere iritsi naizela. Bakoitzak uler bitza hemen idatzitako hitzak nahi dituen gisan, baina hemen argi dagoena da lan-mundua euskalduntzeko beharrezkotzat jotzen diren ezaugarrietatik (adostasuna, borondatea, errespetua eta lankidetza) bakar bat ere erabiltzeko prest ez dagoela Baztarrika jauna euskalgintzarekin, eta hori onartezina da.
Bukatzeko, lan mundurako proposamen berri honen helburuak ez dira inondik ageri, edo ez dira behintzat oso ozen esan. 1800 bisita egingo omen dira enpresetara, bisita adeitsu, borondatetsu eta errespetuzkoak noski. Utzi ditzagun behingoz epelkeri horiek. Eskubideak bermatzea helburu izan beharko lituzkeen politika eta legea behar ditu euskarak. Horien ezaugarriak borondatean baino derrigortasunean izan beharko luketelarik oinarria.
Nire herri bueltan, lana, behar hitzaz ere ezagutzen da, euskararen normalizazio prozesuan hitz klabea dudarik gabe. Ea ba politika antzuak alde batera uzten ditugun behingoz, eta lan-munduan ere euskaren beharrezkotasuna lortzeari begira lanean hasten garen!!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: