Bakardadea
Bakardadeaz hitz-egiteko kemena aurkitu dut. Atzera begiratu eta askotan sentitu izan naiz bakarrik. Bakardadea izan dut askotan lagun bakarra. Isiltasunean nire buruaren jarioa entzun arazten zidan eta dit. Lehen, orain eta beti.
Urte asko igaro dira bakardadea lehendabizikoz bizi nuenetik. Oraindik ere gogoratzen dut eskola denborako bakardadea. Batxilergoa ia guztiz ezabatua neukan nire buruan baina azken denboraldian ametsetan agertzen zaizkit ikastolako gela eta errekreo lekuak. Beti bakarrik. Nire buruari galdetu izan diot zergatik egiten zidaten ihes klasekoek, zergatik sentitzen nintzen hain bakarrik. Txirrinak jo, liburuak gorde, eta mahaitik jaiki baino lehenago jadanik ez zegoen inor gelan. Nora joaten ziren? batek daki, nik ez. Bakardadearen ondorioz erretzen hasi nintzen, bakardadean egon behar banuen, gutxienez izkina batean gorde eta han sua eta kearen bidez bizitza xurgatzen nuen.
Hamabost urterekin horrelako hutsunea sentitzeak bihotza gogortzen du, edo hori pentsatzen nuen nik, baina urteak pasa hala konturatu naiz, bihotza minduta gelditu zitzaidala, nire harreman sozialetan kriston mina eman zidaten eta nire buruak, oroitzapen haiek ezabatu nahian, isildu egin zituen.
Orain, hogei urte baino gehiago igaro direnean, terapia gisa nire bizitzaz idaztea pentsatu dut. Agian sentitzen dudana horri batean jarriz kapitulu hori atzean utziko dudala pentsatzen dut. Seguruenik ez da horrela pasako, urte gehiegi dira nire barruan mina dudanetik. Beldurra ematen didate pertsonen arteko erlazioek, beldurra diot gaitzespenari, nola esango diot nire barneko haurrari ezer egin gabe gutxiespena jasan zuen horri, aurrera begiratzeko? Nola? Nola ikasiko dut orain aurrera bidea, atzean bizitakoak nire oinarri guztiak suntsitu baditu.
Nola azalduko diot nire 15 urteko pertsonari, ezagutu gabe, mespretxatu zutena, nola esango diot arbuio horren arrazoia. Ez dago munduan horrelako desairerik jasateko arrazoirik. Ez luke inork horrelako gauzetatik igaro behar.
Bizitza nahiko gogorra da bera bakarrik, inguruan jende gaizto eta xuhurra aurkitzeko.
Betik pentsatu izan dut, bizitzan ondo egin behar dela, ez dela begiratu behar zeini, baizik eta zer, beti onerako.
Txikitan oinarri finko eta gogorrak landatu zituzten niregain, bai senitartekoak eta baita moja eta irakasleak. Betik esaten ziguten laguntzeko prest egon behar ginela, beti. Beti esku zabal, beti abegitsu. Eta hala ikasi nuen nik, eta hala egiten nuen nik, eta orain ere egiten dut nik. Baina ez da beti horrela izan. Nire kasuan bai, beti izan omen naiz lagungarri, abegikor eta oso ulerkorra. Ez dut nik esaten, ezagutzen nautenek hala diote, hori omen da nire bizitza eredua.
Ez dira horrela izan nirekin eta horrek min handia ematen du.
Iruzkinak
2024-11-10 14:21 #1
"Ez dago munduan horrelako desairerik jasateko arrazoirik" diozu, eta arrazoia duzu. Baina ziur nago bai badagoela azalpena (15 urteko zure pertsonari eman nahi diozuna). Nola den hainbeste jendek jasan eta jasaten duela, duela 20 eta 50 urte bezala gaur egun ere. Nahi baduzu, gai horri buruz idatzi nuen azaroaren 5ean, BLOGAK honetako "Labirintologia (1. maila): Igeldo" sarreran.
Utzi iruzkina: