Amama
Urtez urtez ikasi dut ez dela beharrezkoa antxintxiketa azkar bat egitea, bizitza poliki poliki dastatzeko plater bat dela ikasi dut. Sukaldaritza maite dut, janariak prestatzeak bakea ematen dit eta nire amamarekin konektatzen nau. Urte asko igaro dira bera nire albotik joan zela baina sukaldean sartzen naizenean bera dut nire alboan, isilik, baina begirada azkar batekin, janariari zer bota eta zer ez bota behar diodan esaten. Horrela sentitzen dut nik. Benetan ez dit esaten, sentitu egiten dut, bere ahotik ez da soinurik ateratzen, bere ahotsa hemezortzi urte bete baino lehenago entzun nuen azken aldiz. Giltza pean dudan kutxa batean daukat bere ahotsaren soinua zinta baten barruan. Hogeita sei urte pasa dira joan zenetik eta oraindik ere ez daukat entzuteko kemenik.
Ditudanak baino urte gutxiago bizi nituen bere alboan, baina oraindik ere ikaragarri botatzen dut faltan. Oraindik gogoan dut urtarrileko lehen egun hura, modurik zakarrenean esnatzen ninduten hitz haiek, bera jada ez zegoen. Amamak bezperan nirekin hitz egin nahi izan zuen, eta nik hurrengo egunera atzeratzea erabaki nuen, hainbeste maitatzen ninduen ahots hura berriro inoiz entzungo ez nuela jakin gabe. Gaur egun ere, idaztea oso gogorra iruditzen zait eta ezin dut malkoak kontrolatu gabe idatzi, ezta pentsatu ere. Hainbeste sumatzen dut faltan, inork ez daki nik zenbat maite nuen eta maite dudan emakume jakintsu, gogor eta samur hura, txikitan lotarako kantatzen zidana, bakarrik sentitu nintzenean lagun egin zidana eta hain maitatua sentiarazi ninduena.
Nire amama maitea, Marenek Bulego taldearekin abesten duen kantuan dioen bezala, gauzak nola diren, ia ahaztu nuen, nola baretzen nauten zure begi berdeak eta bide beteik, En Tol Sarmientok, Iñigo Etxezarretaren ahotsarekin esaten dizut: Zurekin lo hartzen nuen, nire egun iluneta, zurekin amets egin dut, gaur gauean. Heldu nazazu eskutik, soilik zuk dakizun bezala, gelditu dezagun denbora, begiradan, ta esaidazu belarrira, beste behin mesedez amama, zure bihotzaren zati bat eramango dudala...
Nire bihotzaren zati bat eraman zenuen eta nik, beti eramango zaitut nirekin, nire bihotzean eta oroimenean.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: