Lehenbizikoz
Bizitzaren ekuatorera iristean berrasmatu beharra dagoela dirudi. Sekula nire lekua aurkitu ez dudanean, orain, tristurak jota, minaren bidez, nire bizitza berrorientatu beharrean aurkitzen naiz. Etxetik seiehun eta berrogeita hamasei kilometrotara aurkitzen dut nire burua. Gaztetan ez nuen distantzia nabaritzen, orain berriz, ikaragarrizko pisua dauka niretzat kilometrotan neurtzen den hori.
Etxe-minak jota eta ezin txertatu gaixotasun gogor honen aurkako sendagairik.
Idaztea pentsatu dut, baina zein gogorra den oroitzapenei laguntza eskatzea. Zein gogorra den memoria dominatzea. Karmele Jaiok Ez naiz ni liburuan esaten du: "Zailena ez da zahartzea, zahartzen hastea baizik". Ez naiz zahartzen hasi, baina nagusitzen bai. Gure garaiko bizi iraupena laurogeita bostean badago, nik horren erdian aurkitzen dut nire burua. Ez naiz zaharra, ez naiz gaztea. Zer naiz orduan? Bizitzan zehar hegaka doan txantxangorri baten irudia ematen dut.
Lehenbizikoz aho biziz esaten diot nire buruari hegan egiteko momentua dela.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: