Bigarrenez
Egunak igaro dira eta burua ia bere lekuan jartzeko momentua iristear dago. Buelta asko ematen dizkiot goiko honi baina gutxitan egiten dut azkenean pentsatzen dudana. Nire akatsetako bat, asko ditut, gehiegi esango nuke gainera, gauzak atzeratzeko teknika perfektua daukat eskuen artean.
Musika belarrietan, beti, euliak zeruan eta nire burua bere munduan.
Beldurrez betetako pertsona bat naizela esango nuke, askotan autista izango naizenik ere pentsatu izan dut, baina pentsatu bakarrik. Beldurrak ere geratzen nau, antsietateak blokeatu egiten nau, Paula Matheus-ek esaten duen moduan, nahiago dut baretasuna intentsitatea baino. Ez zaizkit jendez betetako lekuak batere gustatzen, fisikoki apurtu egiten naute. Zarata handiak ere benetan gorroto ditut. Lasaitasuna eta itsasoa maite ditut. Baretasuna, sosegua aurkitzea nahi dudanean, itsasoko kresala da nire droga. Arnasa gogor hartu, birikiak bete eta bihotza lasaitzen zait. Ez dakit nola egiten duen, ez dakit, zergatik, baina itsasoaren beharra daukat nire burua bere lekuan mantentzeko. Oreka ematen dit itsasoa, usaindu, ikusi eta barru barruan sentitzeak. Euskalduna izanik ez naiz batere mendizalea, egia esan behar badut, nahiko gorroto handia diot mendira igotzeari, nahiz eta gero liluratuta geratu behin goian egonda. Baina niretzako ez du merezi hainbeste sufrimenduk, nahikoa daukat itsasoa ikustearekin gauza bera sentitzeko, eta sufrimendu gutxiagorekin.
Euskalduna naiz, bai, baina ez naiz mendizalea, itsaso-zalea baizik.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: