IRITZIA. Tolosan ere emakumea pilotari

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2009-11-19 17:14
2

Iragan larunbatean, hilaren 14an, Tolosako Usabal kiroldegian jokatu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko 3. finalerdian ere present izan zen emakume pilotarien egoera. Ainhoa Agirreazaldegi eta Uxue Alberdi bertsolariek hausnartu zuten gaiaren inguruan elkarrekin zortziko txikian egindako bertsoaldian. Jarraian duzue oso-osorik.

Gaia: zu, Ainhoa, pilotaria zara eta partida bat jokatu behar duzun bakoitzean kandela bat jartzen dio Uxue amonak Ama Birijinari. Azkenaldian, ez duzu partida bakar bat ere irabazten.

1. Ainhoa

Nahizta kandela ari den

pixkanaka urtzen

goitik inortxok ere

neri ez dit laguntzen

jainkoarekin nago

hasita beldurtzen

neska pelotariak

ez ditu ezagutzen

2. Uxue

Pelotan neskatila

hau dabil galako

galtza txuriak jantzi

dejada ta salto

jainkoa zure alde

ez da jartzen bapo

baina justu jainkoa

gizona dalako

3. Ainhoa

Frontoian gehiegitxo

ez dira bi paret,

baina, nere kasara,

zer egin dezaket?

Nola lagunduko dit

gizon jainko batek?

Zure sorginkeritan

gehio sinisten det

4. Uxue

Nere ustez ona zen

kandelan taktika

baina aldatuko det

neraman praktika

irabaziko dezu

partidua ti-ta

Anbotoko Mariri

kandela jarrita

5. Ainhoa

Anbotoko Mari da

dama dotorea

ta hark ni laguntzea

a zer ohorea

hari kandelarikan

ez jarri, ordea,

amona jarriozu

eguzkilorea

6. Uxue

Ekiren babespean

ondo egongo zara

neska ta pelotari

dena duzu traba

hartu zazu amonan

muxu ta eupada,

zuk jolastea soila

irabaztea da

Gure eskerrik beroenak hemendik biei, 1700 lagunen aurrean goxotasun eta egiazkotasun izugarriz egindako gogoeta honengatik.

Espero dezagun bakarren bati eragingo ziola zer pentsatua. Izan ere, Jainkoak ez dakit, baina, lurtar asko eta askok ez dakite gu bagarenik ere, eta beste bakarren batzuk nahiago lukete izango ez bagina. Hala ere, gure bidean jarraituko dugu, inurri lanean, emakume pilotarien ahotsa ahalik eta txokorik gehienetara hedatzeko asmoz.

Uxue Fernandez Lasa

gatiaz

gatiaz 2009-11-19 22:13 #1

Poztekoa da horrelakoak entzutea (kasu hontan irakurtzea).
Inurri lan hori epe luzerako izanten danez, lortu behar diranak eta bi lortuko dira. Pasa dira daoneko 4 urte eta Emakumea Pilotari proiektua sasoitsu dabil ekimenean batez ere. Laguntza ekonomikoak falta dira soilik, bestetan denon bulkadakin aurrera aterako baita.

Uxue Alberdi

Uxue Alberdi 2009-11-20 14:06 #2

Kaixo, neskak!
Bene-benetan poztekoa da Ainhoa eta niretzat zuei poza eman ahal izatea. Uxue (fernandez), zuri ere eskerrak: gaia entzun aurretik ikusi zintudan publikoan, eta erabakiorra izan zinen gaiari heldu genion moduan heltzeko.
Muxu haundi bat, eta segi dezagun bideak marrazten!!

Utzi iruzkina: