Gauzak argitzen Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sari Nagusian

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2010-02-16 18:43
1

Herenegun, hilak 14, jokatu zen Zumarragako Beloki pilotalekuan 2010eko Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sari Nagusiko 2.jardunaldia. Goizeko 11:00etan eman zitzaion hasiera jaialdiari. Hona hemen emaitzak:

2010eko otsailak 14, ZUMARRAGA, 11:00

Housset-Manzisidor

26

Espinar-Bordagaray

30

Muneta-Serre

30

Urkizu-Montes

25

Housset-Manzisidor, 26 Espinar-Bordagaray,  30

Lehen partida gogorra bezain berdindua izan zen azken txanpara arte. Hiru ordu laurdenetik gorako iraupena izan zuen. Gainera, pilotariek bi atsedenaldi labur bakarrik hartu zituzten, beraz, erritmoa ere ez zen nolanahikoa izan.

Hasierako tantoetatik nabarmen geratu zen bi bikoteek garbi zeukatela garaipena (ia) ezinbestekoa zutela txapelketan aurrera egiteko. Horrenbestez, ez ziren lanerako alferkeriaz kantxaratu. Partida tantoak amaitzeko erraztasunak desorekatu zuela esan liteke neurri batean. Izan ere, bikote urdinak lan erdia eginda lortzen zuen tantoa bereganatzea gorriekin alderatuz gero. Gorriek, aldiz, tanto kopururik handiena besteen hutsei esker egin zuten. Hala eta guztiz ere, 26-26 berdindu zuten azkenekoz markagailua. Aurretik, beste hiru aldiz ere jarri ziren gorriak urdinen parean, baina ez zuten aurrea hartzerik lortu. Bukaeran, beraz, lehen puntua eta finalerdietarako txartela eskuratu zituzten Espinar eta Bordagarayk. Housset-Manzisidor bikoa, berriz, finalerdietara sailkatzeko batere aukerarik gabe geratu da, ligaxkako bi neurketak galdu ondoren.

Muneta-Serre, 30 – Urkizu-Montes, 25

Partidaren lehen laurdenean, 7. tantora bitarte-edo, Urkizu eta Montes aurretik izan baziren ere, behin jokoan sartu eta tanto ia guztietan nagusi izan ziren, Muneta eta Serre izan ziren ligaxkako euren bigarren garaipena eskuratu zutenak. Bikote oso orekatu, indartsu eta gogorra osatzen dute gorriek, ondo konpenetratua, gainera. Partidaren hasieran hutsen bat edo beste egitearen ondorioz atzetik hasi baziren ere, euren jokoa atzean oinarritu zuten, Itsaso Urkizu berastegiarra ia beti pilota goitik pasatzen ikustera behartuz. Horregatik, atzean tantoa landu eta aurrean amaituz joko erakustaldia eman zuten beste behin ere. Hala ere, 24nako berdinketa lortu zuten urdinek azken txanpan, lan gogor eta saiatuari esker. Hortik aurrera, ordea, Munetak tantoak amaitu eta balantza euren alde desorekatu zuen, Alegian bezalaxe.

Ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldia Urretxuko Ederrena pilotalekuan jokatuko da igandean, hilak 21, hau ere goizeko 11:00etatik aurrera. Bertaratzen denak ez du damurik izango, ikuskizuna ziurtatuta egoteaz gain txapelketako finalerdietara nor igaro ere bertan erabakiko delako.

Momentuz, eta azken bi partiden zain, Muneta-Serre, Espinar-Bordagaray eta Elguezabal-Ruiz de Larramendi sailkatuta daude. Laugarren bikotea nor izango den jakitea falta da. Etchelecu-Arozena eta Urkizu-Montesen arteko partidako irabazlea sailkatuko da.

etxebe

etxebe 2010-02-18 00:17 #1

Igandean Zumarragan izan nintzen eta, beste behin, harrituta gelditu nintzen emakume pilotariek duten mailarekin eta eskaintzen duten ikuskizunarekin: tanto borrokatuak, pilotakadak errebotera, errebes ikusgarriak, ezinezko posturak...

Eta ez dut nik bakarrik esaten, edo neskek bakarrik, ikusleen artean zegoen gizonezko batek baino gehiagok pilotariek zuten maila handia aipatu zidaten; inoiz nesken partidaren bat ikusi gabeak ziren eta aitortu zidaten ez zutela, inondik inora, horrelako joko mailarik espero. Pentsa zenbaterainokoa izango zen harridura, bakarren batek esan zidala ondo legokeela partida mistoren bat antolatzea!

Animo, beraz, emakume pilotariei; jarraitu hain gogotsu, gure kirolarentzat, euskal pilotarentzat, balio handiko ekarpena baitzarete.

Eta, pilotazaleei, emakumeen partidak ikustera animatu. Badakizue, gauza guztiak behin dastatu behar dira gutxienez; nik seme-alabei hala esaten diet, behintzat. Ziur naiz ez zaizuela damutuko.

Utzi iruzkina: