Eski estaziotako zabalkuntza, sasoiak, espekulazioa eta ziklo alderantziklatuak

No profile photo Elurrartean | 2006-11-30 16:06

Elurra eta eski mundua orain urte batzu ezagutu genuenok, azken urte hautean apur bat harrituta lotu gara (era lehun batez esateko) eski estazio askok euren eremua zabaldu behar dutela entzunaz.

Niretzat, eski estazio batek bere eremua handitu nahi izatea ez da arazo oso larria. Azken batean, teleski edo teleaulki bat edo beste gehiagok, mendiari mina egiten badio ere, ez du sarraski bat egiten.

Hala ere, horretarako, arrazoi oso sendoak egon behar direla uste dut. Baina, oso famatuak diren eski estazio batzutan, hasierako beharrezko baldintza horiek ondorio bihurtzen dira.

Eski estazioek eskizaleoi arrazoi legez pisten masifikazioa aipatuaz, gure babesa lortu nahi dute, eta egia da, berez, egun zehatz batzutan, jende piloa egoten dala eskiatzen. Baina,egun horiek, gutxi izaten dira, "zubi" bat edo beste, asteburu batzu, Gabonak eta Aste Saindua kenduta, orokorrean oso jende gutxi topa ahal duzu pistetan.

Beraz, egun haietan joaten bagara, agian, arrazoia dutela pentsa dezakegu. Beste egunetan bagoaz, orduan ez.

Beraz, jestio politika aldatuko balute, orduan haiek diru sarrera berdinak izango lituzkete eta mendia ez litzateke ukitu behar. Hauxe da, azken batean, nire herrian "eremu eta denboraren optimizazioa" delakoa.

Baina, azken urte hauetako handitze edo zabaltzeek badute asmo izkutu bat, eraikuntza. Formigalen, esaterako, apartamentu baten prezioa 6000 €/m2 koa da, eta apartamentu gehiago eraiki behar dira, zabaltzearen aitzakipean.

Cerler'en, beste hainbeste, Aramonek, eski estazioaren handitzea etxebizitzak eraiki ahal badira egingo dela esan du, bestela, mistela.

Eta beste hainbestetan, gauza bera.

Orduan, sasoi osotik zehar eskizaleak bana daitezen eskeintza ekonomikoak egin beharrean, eskizaleok denak batera joan gaitezen antolatzen jarraitzen dute, halan, eskizaleon aprobazioa dute estazioa zabaltzeko, eta horrela, espekulazioan sustatutako interes ekonomikoa aurrera darraie inolako arazorik gabe.

Beste egun batean, politika honek bailaretara daramatzan ondorioei buruz egingo dugu berba.

Ez dute nire aprobazioa eukiko, behintzat!

Agur!


Utzi iruzkina: