Innerarityren hitzaldia HUHEZIn

egunilun 1456132069370 egunilun | 2008-05-13 12:03

Informazioaren aroan nola biziraun. Hori izan zen Daniel Innerarity filosofoaren hitzaldiko ardatza. Bere hitzetan guzti-guztia eskura daukagu eta hori zerbait liluragarria da baina aldi berean, puntu beltz bat ere ba omen dauka, izan ere, informazio gehiegi daukagu inguruan eta ez omen gara ohartzen honen garrantziaz. Hori kudeatzeko erronkak eta konpetentziak garatzea garrantzitsu ikusten zuen Innerarity-k.

 

Informazioaren gizarteak pixka bat tontotzen gaituela ere aipatu zuen eta hori argudiatzeko gure aiton-amonen adibidea jarri zuen: jakin ahal zen guztia zekiten. Jakiten zuten guztia lehen eskutik zekiten eta egun, zeharo desberdina da kontua. Hau da bigarren eskuko informazioa eta informazio horrek mundu ezezagun batetako parte egiten gaitu. Tontoa ez omen da ezjakina; arazoa nahastuak bizi direnak dira. Horretarako ezjakinari liburu bat eman behar zaion bezala, nahastua bizi denari liburua kendu egin behar zaio. Hori behin eta berriz azpimarratu zuen Innerarity-k hitzaldian zehar informazioa kentzearen ideia. Publizitate larregi dugu inguruan, supermerkatuan ere produktuen aniztasuna nabaria da, berdina gertatzen da jatetxe bateko karta batekin… eta horrek nahasmena sortzen duenez, bere aburuz informazioa suntsitu behar da.

 

                  innerarity

 

Azkenik bost aholku edo estrategia proposatu zituen:

1. Arreta kudeatzea: arraroak omen gara gizakiak. Ezin ditugu bi gauza batera egin eta horrek arreta gaitasun gutxi dugula suposatzen du. Beharrezkoa da arreta kudeatzea.

2. Ahazteko gaitasuna: ezin dugu informazio guztia prozesatu. Zakarrontzia elementu ederra da bulego batean eta diskriminazio inteligente bat egiteko aukera eskaintzen du.

3. Gu geu izatea, guk geuk pentsatzea: gizartea erredundantzian oinarritua dago, hau da, besteek pentsatzen dutena pentsatzen dugu. Horrek topikoen artean bizi garela esan nahi du.

4. Konparaketa: denbora aurrezten diguten sistemak bilatu behar dira, horregatik guztia ongi antolatuta baldin badago mundua sinplifikatzeko aukera egongo litzateke. Honengan konfiantzak eragin zuzena du kontrolatzea ez da gobernatzearen sinonimo.

5. Labur jokatzea: sintesiak, laburpenak behar dira eta konpetentzia hauek garatzea ezinbestekoa da.

 

 


Utzi iruzkina: