Tutankamón

No profile photo Egipto | 2008-12-29 12:30
1

Zergatik da hain ezaguna Tutankamón?



Aurreko batean esan nuen bezala, faraoi baten ehorzketaren berri zabaltzen zenean lapurrak altxorra aurkitzeko prestatzen ziren, eta kasu batzuetan, altxorra lapurtzeaz gain faraoiaren momia ere suntsitu egiten zuten. Triskantza horiek ikusirik, apaizek suntsitu gabeko momiak bildu eta ezkutuan gorde zituzten beste leku batzuetan.

Tutankamonen hilobia izan zen, hain zuzen, lapurreta horiei ihes egitea lortu zuen hilobi erreal bakarra eta horregatik da ezaguna Tutankamon handia, bere hilobian aurkitutako altxorra baita orain arteko altxorrik handiena eta osoena. Baina egia esan Tutankamonen hilobia Erregeen Haraneko hilobirik txikienetariko bat zen. Itxura denez lapurrek hilobiaren pista galdu eta ez ziren hilobia aurkitzeko gai izan, Tutankamon Egiptoko historiako faraoi ezagunenetako bat bilakatuz.
 
Badirudi, milaka urte beranduago ere, arkeologia-indusketa garaian, beste hilobi bat induskatzean indusketa horretako harriak Tutankamonen hilobiaren gainean erori zirela eta horregatik ezin izan zutela berandu arte aurkitu. Aurkikuntza hori Howard Carterrek egin zuen 1922. urtean.



Tutankamón (K.A.1372 - 1354) XVIII. dinastiako faraoia da. Ez dago argi nortzuk izan ziren bere gurasoak horren inguruko hainbat hipotesi baitaude.

Hipotesi ezagunenaren baten arabera, garai hartan faraoia zen Akenaton handiak eta bere emazteak, Nefertitik, 6 alaba izan zituen. Akenatonek oinordeko bat behar zuenez, Nefertitik esklabu bat aukeratu zuen bere senarrari oinordekoa eman ziezaion. Esklabu horrek Kiya zuen izena eta  Tutankamon erditzean hil zen.

Tutankamonek bederatzi bat urte zituela Akenaton faraioa hil egin zen eta Tutankamon Egiptoko faraoi berria bilakatu zen. Tutankamon haurra zen bitartean Egipto Ay-k, Nefertitiren aitak, eta Horemheb-ek, Egiptoko armadako generalak, zuzendu zuten.

Tutankamonek Egiptoko gobernuan aldaketa garrantzitsuak egin zituen: bere agintaritzako 3. edo 4. urtean Aintzinako erlijioa ezarri zuen, Amon jainkoa gurtzen zuen erlijioa, eta Egiptoko hiriburua berriz ere Tebas-ko herrian finkatu zuen.

Tutankamon 19 bat urterekin hil zen, beraz esan genezake Tutankamonen agintaritzak hamar bat urtez iraun zuela. Gaur egun ere, ez dago argi nola hil zen Tutankamon hainbat hipotesi baitaude.

Lehenengo hipotesi baten arabera, historialariek pentsatu zuten Tutankamon tuberkulosia edo antzeko gaixotasunen batengatik hil zela. Momia aztertzen hasi ahala pentsatu zuten agian kolesteroleko arazoak izan zirela bere heriotzaren arrazoia, baina momiari x-izpien azterketa egin ostean konturatu ziren burezurrean golpe bat eta koagulua zituela eta hanka bat hautsita zuela, horrekin ondorioztatu zuten seguraski bere gobernua lortzeko buruan jota hil zutela eta historialariak momia hilobitik ateratzerakoan hautsiko ziotela. Hala eta guztiz ere, beste ikerlari batzuk pentsatzen dute ehizan zebilela gurditik jausi, buruan golpea hartu eta hanka apurtu ondoren zaurien ondorioz hil zela.