Erlijio gertakaria

No profile photo I dont love anyone | 2008-04-16 12:01
1

Aurreko egunean erlijio gertakariaren inguruko hitzaldi batera joateko aukera izan nuen. Hona hemen handik lortutako ondorioak. Espero dut interesgarriak izatea niretzat diren moduan.

Erlijio gertakaria

Erlijio hitzaren jatorria etimologikoa: religiónè re-ligare: berriz lotu; berriz lotu gu eta gure jatorria.

Erlijioek pertsonen dimentsio sakon bati ematen diote erantzuna. Oinarrizkoa da erlijioak ulertzeko eta errespetatzeko erlijioa termino bezala ulertzea eta errespetatzea.

Erlijioa: gizakia gizaki denetik erlijio agertu izan da. Gizakiarekin lotuta egon da beti, bere jaiotzetik. Bizitzaren edo existentziaren jatorriarekiko, iturriarekiko harremanak bilatu izana da.

Existentziaren jatorria edo oinarria diogunean honakoa esan nahi dugu: existentziaren inguruko azken galderak, nondik gatoz, nora goaz, zer gara…baina, zer daukagu horiek erantzuteko: esperientzia pertsonala, gure antzinakoek esandakoa eta pentsatutakoa, zeintzuk dira ditugun pista kulturalak? Existentziaz ari garela gure osotasuna eta jakituria gizaki bezala ez nahikoa zaigu erantzunak bilatzeko, beraz, begirada atzera botatzen dugu. Ondorioz, erlijioak kulturen ehunka urteen emaitzak izan daitezke, hizkuntzen antzera.

Erlijio ezberdin asko dauden arren, beharrezko da horiek komunean dituzten ezaugarriak edo kontzeptuak aztertzea, guztien artean irakur dezakegun batasuna; zer dute komunean?:

Lau elementuetan banatu daitezke:

            1.-Sakratutasunaren dimentsioa: ez dute egunerokotasunetik aparteko errealitatea batez hitz egiten, baizik egunerokotasunaren azken galderetatik abiatzen dira egunerokotasunaren oinarrietara jotzen dute, bizitzaren sakratutasunetik. Zein dimentsiotan kokatzen garen arabera, gauza batez edo bestez arituko gara. Laburbilduz, erlijioak bizitza dimentsio sakratua batetik aztertzen du.

            2.-Misterioa: erlijio guztietan dagoen elementu nagusia da. Bizitzaren iturria, jatorria da. Aztertu beharreko bi puntu ezberdintzen dira:

                        -transzendentzia: haratagoko dimentsio baten kokatzen da. Misterioa gugandik haratago dago, gainditu egiten gaitu. Gizakiaren kapazitate mentala gainditzen duten galderak egiten ditugu. Misterioarekin harremanak landu ditzakegu baina ezin gara hori ulertzera heldu, inurri batek fisika edo kimika ulertu ezin dezakeen antzera.

                        -gizakiari barru barrutik eragiten dio. Bere barnean dauden galderetatik dator, beraz, ez kanpo faktoreren batetik.

Erlijio guztietan batasun horrekiko sentitutakoaren arabera honakoa ondorioztatu dezakegu: izugarria da gizakiaren eta Misterioaren arteko proportzio-gabetasuna eta baita liluragarria ere.

            3.-Jarrera erlijiosoa: hiru “bide” zehazten dira: pentsamendua (burua), sentimendua (bihotza) eta ekintza (eskuak).

Erlijioa ez da iritzi kontu bat. Jarrera ez da bakarrik Misterioa ulertzea, baizik eta bizitzan egiten, pentsatzen eta sentitzen duguna horren bilaketara zuzentzea. Ez da sinismen kontu bati mugatzen.

            4.-Hierofania: sakratutasunaren agerpena da. Nola izango dugu Misterioaren dimentsioarekin harreman ezin badugu hori ulertu. Beraz, gizaki erlijiosoak bere bizitzan kokatzen du harremana: mendian, izotzean, zeruan…

Sakratutasuna gizakiaren errealitatean agertzen da, islatzen da. Bizitza antolatzen da sakratutasunarekin harremana izateko. Kristauen ogia: ogian agertzen dela sinisten du edo ikusten du ukitu ezin den misterioa.

 

Erlijio zehatzetaz

Budismoaz: Buda printze bat zen eta seme bat zuen. Bizitza ona zuen, ez zitzaion ezer falta, nahi zuen beste izan zezakeen, baina oinarrizko galderen erantzuna falta zitzaion. Bizitza osoan bere jauregian bizi zen, beraz, erantzun bila jauregia utzi eta sufrimendua ezagutu zuen handik kanpo. Printze kondizioari uko egin eta munduan zehar egiaren bila abiatzen da. Bizitzaren esentzia ezagutzen du eta hori erakusten hasten da. Egun ere, ezkutatzen zaizkigu Bidari jauregian ezkutatzen zitzaizkionak. Herria da bere esperientzia espiritualaren inguruan erlijio bat sortzen duena, Jesukristorekin gertatu zen bezala.


Budismoaren arabera, sufrimendu gehienen jatorria desio adiktiboetan kokatzen da. Beraz, horiek gainditu eta gure desio eternoetan kokatu behar gara. Adikzio nagusia Ni kontzeptua da.

Judaismoak, bestalde, herrian kokatzen du Misterioaren gakoa. Liburu sakratuek deskribatzen dute herriaren eta Misterioaren arteko harremana eta maitasuna. Jainkoaren ezaugarri nagusia maitasuna da, baina, gizakia beste pasioetan galtzen denean galdu egiten da.


Nazareteko Jesusek aldarrikapen erradikala egin zuen. Maitasun eta intimitate harremana sortzen du bizitzaren jatorriarekin, aita harreman bat. Ulertu ezin dezakegunez maitasuna azpimarratzen du gakotzat.

Erlijioen bihotza zein den ulertzea behar-beharrezkoa da horiek ulertu ahal izateko eta ondorioak ezagutu ahal izateko.

Islamak batasun bakartzat ulertzen du Misterioa. Mahomak ulertzen du Jainkoa ukiezina eta urruna dela, ezin dela berarekin aita harreman bat izan, aldi berean, inpultso adiktiboak kontrolatzeko bost arau proposatzen ditu, ramadana eta errezoa bezala.

Sakonean, erlijioek badute intuizio komuna. Hori azaltzeko metafora bat erabil daiteke.

Gurpilaren metafora: existitzen da ulertu ezin dugun misterioa, baina, gutxienez, hurbildu gaitezke eta horretan saiatu behar gara, espiritualki hurbilago egoteko. Orduan eta Misterioaren hurbilago egon gure artean ere hurbilago egongo gara, beste erlijioetako sisdunak izan arren.


Erlijio bakoitza gurpilaren erradio bat izango litzateke, Misteriora hurbiltzean beste erradio edo erlijioekiko hurbilago egongo gara.

Bestalde, bada beste kontutan hartzeko puntu bat. Misterio ulertu eta ezagutzen ez dugun zerbait dela kontutan izanda, izan daiteke horren zehaztasunera hurbilketa ezberdinak egitea. Bost itsuk elefante bat ukitzean zer den ez dute jakingo baina ezagutzen duten gutxiarekin irudi bat sortuko dute. itsu bakoitzak, ukitu izan duen, elefantearen atalaren arabera, ideia hurbilago edo urrunago bat izango dute. Erlijioek duten Misterioa ulertzeko eran antzera gerta daiteke.

Garikoitz

Garikoitz 2008-04-22 15:07 #1

Asko gustatu zait artikulua. Zaila da erlijioari buruz iraina ez den zerbait irakurtzea. Eskerrikasko.


Utzi iruzkina: