Unamuno eta Euskara (II)
Unamuno gure artetik joan zitzaigula 70 urte bete ziren Abenduaren 31an. Urte zahar euritsu eta hotza izango zen ezbairik gabe 1936ko hura.
Ondoren, aurkitu dudan Unamunoren euskarazko testu bakarra dakarzuet:
¡Agur, Arbola bedeinkatube!
Neguban igartuten den arbolie: orrijek jausten dire bere oñetara eta anche
orbelak iñdarrik emoten deutsaz urtengo dirianak udabarrian orri
barriai.
Gorputzarako irudije legez, bardiñ de izpirituarako berbakuntza. Arrapau euskubezan legezarrak, gure bizije ziriala, bañon gorde daigun gure euskaldun arimie eta onetati urtengo jakuz barriro foruak, bai, urtengo dira justiziaren eguzkije argituko danian, betiko udabarriaren egunian.
Euskaraz berbeiten eben gure aitonen aitonak, gizon ayek etorri ziran, eztakigu nundik, narruakaz jantzijek, arrizko azkoriakaz armatubek, pakian lur gogor onetan laneiteko. Ayek baño gero etorri ziran iberotarrak, zeltak, erromarrak eta arabiarrak, ekarri eben bakochak bere berbakuntza, bañon zapaltzun zirian Euskalerriaren kontra. Euskarazko soñu gozoak entzun zirian Terranova-ko errijetan Colonen jayotza baño len.
¡Agur eiten zaitut, arbola zarra, anaijen odolez eta amen negarrez erregatube, bañon Jaungoikoaren eskubagaitik bedeinkatube, arech maitea, ondatuten dituzuzana zure sustraijak lur onetan, gizon prestuben biotzakaz oratube, gorde gaizuk danok zure kerizpean!
¡Agur eiten zaitut, zuri pe bai, Gernika, erri ederrenena, euskaldun danentzako erri santube, zugan arbola santube jarririk dagolako: euskaldunen artian maitatube baliñ bazara, ayek baño nik maitatuen zaitut geijao, eztije baño egun gozuague pasa dot, eta zergaitik emenche nere biotzaren biotzeko abijie dago!
¡Agur eiten zaitubet, zuei pa bai, neure anaija laztanak! Denbora datorrena obie izango da; negu illunaren ondoren udabarri agertu oi dabe!
¡Oraiñ arte esan deutsube! aurrera!; bañan gure arbolie bere buruba gure burnizko mendijek egin zituzan Jaungoikoaren zerua jasoten dabena erakusten deusku zerube esanda legez, gora, beti gora!
Euskalerria amen asi, Zeruan akabauko.
Bilbo'n, 1888.
Ez dela denbora alperrik pasatzen demonio! (edo behin Egañari elkarrizketa batetan entzun nion bezela: denbora pasa ez, gelditu egiten da, eta hori da txarrena, pasa soilik egingo balitz ez legoke gaizki!...).
Ba hori, noizbait Aznar bertsotan.
Iruzkinak
zuri-zuri 2007-01-08 19:50 #1

Testu polita. Gustatzen zait, bai, garai bateko euskalkitan idatzita dauen testuak irakurtzea; nahiz eta batzuetan ulertzeko zailak diren. Geure nortasunaren ondare eta isla dira. Adituek diotenez, gainera, euskara da Europako hizkuntzarik zaharrenetarikoa.

Euskaldunok munduan gutxi bagara ere, ikusi da urteak joan eta urteak etorri erronka berriei aurre egiteko gai izan garela. Egun ez gaude Euskal Herriak amets dezakeen egoera batean; baina orain arte oztopoak gainditu dituen bezalaxe, etorkizunerako ere ateak irekiku ditugulakoan nago.

i eme 2007-01-09 12:22 #2
"Adituek diotenez, gainera, euskara da Europako hizkuntzarik zaharrenetarikoa" dio zuri-zurik. Ez hori bakarrik... beste adituren batek dioenez, Euskaldunak gara Europako lehen biztanleak. Eta aditua ez da Euskalduna... Alemana!

bewater 2007-01-09 13:04 #3

Enekien, eta barkatu nire ezjakintasuna, Unamuno euskalzalea zenik eta are eta gutxiago euskaraz zekienik. Baina nire galdera hurrengoa da, 1950 urtean jaio izan balitz orain euskeraz ala gazteleraz idatziko zukeen?

Gazteleraz idatzi zuena handia izan omen zen (ez dut bere libururik irakurri, barkatu berriro ere), baina zer hautatukoa zuen 1950. urtean jaiotako sortzaile horrek? Azkenean niri berdin zait literatura euskeraz, gazteleraz, txineraz ala ingelesez irakurri (azken bietan nahiko larri) hizkuntza baino garrantzitsuagoa baita esaten dena, baina gustatuko litzaidake jakitea...agian orduan Atxaga Euskal Herriko bigarren idazle onena izango zen soilik...:)

borthuzai 2007-01-09 16:27 #4

Puff! Puto bewater! A ze konpromisotan jarri nauken tio! Izan ere, pentsatuko duzun bezala ni ere ez naiz Unamunokeriatan batere aditua (eta gainera hemen letretakoa zu zara! ezta?). Nik dakidala Unamunok pentsamendu arras desberdin baina guztiak ere interesgarri eta aberatsak izan zituen bere bizitzan zehar. Nik ere ez nekien ez euskaraz jakin zuenik, ezta euskaraz ezer idatzi zuenik ere, eta hortik nire harridura testu hau topatu nuenean. Interneten beste zenbait tokitan ere aipatzen duten testu honen beraren bakantasuna... Dirudienez testu hau gaztetan idatzi zuen Gernika aldizkariarentzat eta ez dakit heldu aroan ordea sekula euskararen aurkakoak esateari utzi zionik.

www.klasikoak.com en dagoen ”Bizitzaren Sentimendu tragikoaz” liburuaren hitzaurrean honela dio Xabier Insaustik:

”(...) Beste puntu bat ere ukitu nahi nuke, laburki bederen. Unamunoren obran euskarak izandako lekua, gai eztabaidagarri bezain korapilatsua berau. Arazo hau bere fase positibistari erabat loturik dago. Unamunok doktorego-tesia positibista baten, Antonio Sánchez Moguelen zuzendaritzapean egin zuen. Haren tesian bi eskema eboluzionista tartekatzen dira. Bata soziologikoa, Spencerrena; eta bestea linguistikoa, Schleicherrena. Lehenaren arabera, gizarte guztiak hiru fasetatik iragaten da: horda, gizarte militar eta industri gizartetik alegia. Bigarrenaren arauz, hizkuntzek ere hiru fase gainditu behar dituzte: silabikoa, eranskaria eta flexiboa. Unamunok eskema biak elkarren gain jarri zituen, eta gizarte mota bakoitzari hizkuntza fase bana esleitzen zion, iragaten ari den mailaren arabera. Euskara baina, bigarren fase horretakoa omen zen, eta eskema horrekin ez luke balioko hirugarrenerako, euskal gizartea jadanik erdiesten ari zenerako. Eta horrexegatik desagertzen zen, Unamunoren ustez.

Luis S. Granjelek (in Retrato de Unamuno) Unamunoren eboluzioa honela interpretatu du: naturaren egoera paradisutarretik (itsasotik eta amagandik), bere “Euskal Herritik”, “neure mundutik, neure egiazko mundutik, neure enbrioizko espirituaren umetokitik” irten, orduan bere “matria”, hizkuntza utzi eta ukatuz, paisaia eta naturarik gabeko Gaztela aurkitzera joateko. Haustura honek Unamuno bere burua birdefinitzera eta egoera berriari lihoakiokeen ni egokia sortzera behartu zuen. Hortik jaioko zen Unamunoren nortasun bikoitza: alde batetik Unamuno publikoa, historikoa, gaztelaua,; barrukoaren, barnehistorikoaren, euskaldunaren aurka jarria. Unamunoren fase positibista bigarren “ni” hori, lehenbizikoaren fabore, itotzeko ahaleginari oso loturik dago (…)”

Eta honela darrai geroxeago:

“(…) Xabier Kintanak kontatzen duenez, behin Jose Mari Uzelaik eta Fernando Regoyosek Unamunori, Hendaian zegoenean, bisita bat egin zioten, eta Bidasoa bazterretik osteratxo bat egin ondoren geldialdi bat egin zuten Biriaturako bidean : “zutik zegoen bada, Unamuno, Bidasoa ondoan, [...]. Bilbotarrak eskua Gipuzkoarantz luzaturik zuen eta honela mintzo:

“Han dira Aiako haitzak, eta haien oinean Oiartzun. Eta Oiartzunen plaza dago. Eta plazan taberna bat. Ez dakizue asko nola gustatuko litzaidakeen gaur Oiartzunen, bertako plazan egon ahal izatea, Isabelitarekin[1] bazkaltzeko, berarekin mintzatzeko... euskaraz. Eta ezin dut!!

[...] Gero, hasperen baten ondoan, boz etsiaz, segitu zuen:

“Salamancako harri urreztatuek, askok bestela uste badute ere, oso ilusio txikia egiten didate, adiskideok, Euskal Herriko zelai berdeak, baserriak, horiexek dira nik egiaz maite ditudanak” (…)”

Eta ondoren (eta azken zita da hau):

“(…) Kintanak honela bukatzen du: “Badirudi Unamunoren ahotik bihotzaren barneko beste bihotza ordura arte hertsatuaren hitzak irten zirela, izar liluragarri baina, bere erdaltasunean, urrunegi baten dirdiraganako amodio etsi eta isilaraziaren boza, urte batzuk lehenago eta toki bertsuan Iparragirreri ere jarioa. Gizonak une gutxi izaten ditu holakorik, arrazoiaren gainetik bihotzari nagusi izaten uztekoak.Minervar mozoloaren itxura ofizialaz beste aldean, kontzientziaz gainera, bizkaitar zozo inkontziente bat ere bazen, segur aski, Beharbada ez ohikoena, baina beste hura ere bera zen; agian gure Unamuno. (…)”

Ba hori, eta honaino iritsi bazara, eta galderaren erantzun bezala ;-), ez dakit, ez dakit Unamunok zein hizkuntzatan idatziko zukeen, ezta gaur egungo gizarte eta abarretaz zer pentsatuko lukeen ere. Auskalo. Ez dut uste gainera inor galdera hori erantzutera ausartuko zaizunik.

Bueno ba, hortxe joan dira Unamunotaz nekizkien apurrak.

Utzi iruzkina: