Berriz ere zu
Hitzaurrea: Berriz ere zu. Azkenean hodeiek aurkitu dute beren (zure) bidea.
I
Mozart musikaria izateko jaio zen. Picasso artista izateko. Newton zientzialaria izateko. Indurain bizikleta gainean ibiltzeko. Argi zuten. Ez zegoen zer esan handiegirik. Eta zu, zu berriz niri min emateko sortua zara maitia. Argi dago.
Baina ez aipatu ditudanak bezala. Ez, ez, beste era batetan baizik. Ez era zuzen eta argi batetan, kausa-efekto lerro motz, zorrotz batetan, ez, ez, zeharkako bide baten bitartez baizik. Zeharka diot bai, zeharka, zuk zenion bezala aterkiak azken batetan jendeari begietan jotzeko sortuak diren bezalaxe, eta udaberriko liliak, nik erantzuten nizun, parke infinituetan galdutako, gurasoak banatzear dituzten umeei, arratsalde amaiezin horietan konpainia egiteko sortuak diren bezalaxe, eta elurra, elurra berriz maitia, jainkoek lurra goxoki, astiro, laztantzeko, orrazteko sortua den bezalaxe. Zeharka diot, zeharka, autobideetako ordaintokietako kolak geroz eta azkarrago doan bizitza honetan atseden bat hartzera behartu, eta hodeien artetik zeharkatzen diren argi-hari singleei begiratzeko sortuak diren bezalaxe, zuk euria nahiago zenuen ordea eta ezetz, autobideetako ordaintokietako kolak besoa autotik atera eta hodeietatik ihesik datozen euri tantak azalean sentitzeko direla zenioen. Zeharka diot berriz ere, zeharka, Grezia klasikoko eskulturak, itsasontziz estatu batuetara garraiatzen zituzten bitartean ekaitz indartsu bategatik itsas azpian ondoratu, eta korronte beroen bila noraezean dabiltzan milaka koloreetako arrainek beraiekin jolas egin dezaten sortu zituzten bezalaxe; jainkoek mundua oraindik bakarrikago sentitzearren sortu zuten bezalaxe. Zeharka, tabako beltza, new york-eko suburbioetako kale kantoietan gau euritsuetan dauden emakumeen karminarekin nahastu, eta beraien aho zaporea aldatzeko sortua den bezalaxe. Eta zeharka diot berriz ere, urdin kolorea zu are eta ederrago bihurtzeko sortu zen bezalaxe eta beltza berriz, (Grace, oh Grace) zure hilearen usain goxoa babesteko maitia. Zeharka, zeharka beste behin eta azkenik, ordenagailuetako pantailak zure izena (Grace! oh! Grace!!) bertan idatzia izateko sortuak diren bezalaxe eta “aujourd’hui” hitza zure bularraren mugimendu leunaz sortu eta mingain gainetik irrist egin ostean hortzak inguratu eta zure ezpain haragitsuak lizunki laztanduz etengabe ahoskatua izateko sortu zen bezala bezalaxe, eta “diru gabe baina izarrak gurekin daude, piano baten soinuaz” espresioa edo “Beijing-eko hiri debekatuko suzko dragoien dantzak Vesubio bolkana lehertu baino instant bat lehenago musukatu ziren bikote gaztea ekartzen dit burura” espresioa zure izter barrenen leuntasuna eta berotasuna deskribatzeko sortu ziren bezalaxe, eta itsasoko ur gardena maitia, itsasoko ur gardena noizbait zure gorputz biluziaren goxoa bertan igeri, erabat aske sentitzeko sortu zen bezalaxe.
Era horretan zaude zu sortua niri min emateko maitia. Argi dago. Horregaitik desagertzen zara emeki nire bizitzatik, lainoartean galdua bezala adio edo geroarterik gabe (urruntzen ikusten zaitut) eta agertzen ustekabean edozein bazterretan edonori musuka nire aurrean.
Zu, zu niri min emateko sortua zara maitia.
Eta orain ez zaude hemen nire ondoan. Zertarako piztu argia.
Ilun dago.
caer y levantarte
levantarte en el mismo agujero
caer y levantarte
cómo es que aún trato de levantarme?

no hay nadie en este papel en blanco
no hay nadie
pero llamo en este papel
pongo unas palabras en este papel
y espero
Oteiza
Iruzkinak
Amuitz 2007-01-26 18:21 #1
Ederra hitzaurre hau, ederra mina?

borthuzai 2007-01-26 19:19 #2
Ups! Barkatu amuitz, hitzaurrea berez beste behin idatzitako post-a zen. Hau lehenengo (azkenengo?) kapitulua. Lehen, esteka jartzea ahaztu zait eta zu sartu zarenean post-a gaizki zegoen hortaz, amaitu gabe. Sentitzen dut gaizkiulertua.

Jarraituz... Bai, beno, badakizu maiteMINA nolakoa den...

Utzi iruzkina: