13 final... lehenengoa gainditua
Badira bizitza honetan arrazoiarekin azaldu ezin diren gauzak. Horietako bat futbol taldeekiko lotura da. Neure kasuan Errealak zortarazten dizkit emozio irrazional horiek. Irabazten duenean, astea pozik hasten duenetarikoa naiz, eta galtzen duenean aldiz, beste humore batekin hasten dut, ostrukarena eginez, eta partiduaren berririk entzun, ikusi edo irakurri gabe. Zauria ez handitzeagatik agian.
Aurtengo denboraldia depresio jarrai bat izan da. Dagoeneko edozein itxaropen galduta nuen eta taldea bigarren mailan ikusten nuen. Asimilatzen hasia nengoen eta alderdi onak ere ikusten hasi nintzen.
Atzorarte. Taldeak bigarren mailan bukatzeko %95eko aukerak edukitzen jarraitzen du, baina atzo itxaropenari ate bat ireki zioten. Ez bakarrik emaitzagatik. Irudiarengatik baizik. Batez ere azken honengatik.
Erreala ez dira bere jokalariak (batzuk mertzenario hutsak, diruaren koloreak bakarrik mugiarazten dituenak). Erreala sentimendu bat da. Herrialde baten ispilua. Gipuzkoan way of life-aren eredu. Way of life horren alderdi on eta txarrekin. Azken finean, gure idiosinkrasiarekin. Eta eredu horren ezaugarriak galduak zituela zirudien. Atzo hainbat berreskuratu zituen.
Hamairu final genituen. Lehenengoa gainditua. Hamabi gelditzen dira, zein baina zein zailagoa. Mission imposible? Hamaika ikusteko jaioak gaude... Izan dadila izan behar duenak, baina hil gaitezen botak jantzirik!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: