Gudari eguna 2014, egia bide askatasuna amets
1975eko irailaren 27an Francoren erregimenak Juan Paredes Manot, Txiki, eta Angel Otaegi ETAkideak eta FRAPeko hiru kide hil zituen. Harrez geroztik Txiki eta Otaegi ez ezik, euskal herritarrok urtero irailaren 27an Euskal Herriaren askatasunaren alde dena eman zuten gainontzeko lagun guztiak ere gogoan izanda, borrokak honaino ekarri eta bakarrik borrokak askatasunera eramango gaituela argi eta ozen adierazten dugu.
Hogeita hemeretzi urteotan baliabide guztiak erabili dituzte estatuek gatazkaren oinarri politikoak ukatzeko eta Euskal Herria asimilatzeko. Baina ez dute lortu. Euskal Herriak oraindik bizirik dirau. Ez gaituzte Herri gisa asimilatu, milaka emakume eta gizonek borroka egin zutelako, borroka egiten dugulako. Argi eta garbi dugu, hamarkadetan zehar borroka bizirik mantendu duten haiek gabe, gu ez geundekeela hemen.
Azken urteetan Ezker Abertzalearen estrategia aldaketak nazio askapen prozesua aurrera eramateko baldintza berriak sortu ditu, Euskal Herrian bertan eta nazioartean ate eta leiho berriak irekiz. Gauza asko aldatu da Euskal Herrian, baina Espainia eta Frantziaren jarrera berbera izaten jarraitzen du: ukazioa, errepresioa eta inposizioa. Hori da historikoki gure herriarekiko Madril eta Parisek mantendu duten jarrera eta ezin dezakegu espero aurrerantzean jarrera hori aldatuko denik.
Estatu espainiarraren jarrera agerian geratzen da herri kataluniarraren determinazio demokratikoaren aurrean bere erantzuna mehatxua, ukazioa eta inposizio besterik ez denean. Eskoziako adibidetik urruti.
Horrela bada, guri dagokigu gure geroaren jabe egitea. Gu gara gure erabakien jabe. Aldebakartasunez, Herri gisa ukatzen eta zapaltzen gaituzten Estatuekiko menpekotasun harreman oro desagertu arte borrokan jarraitzea da gure erabakia. Borroka moldeak egokituz eta berrituz, baina ez Estatuei begira, gure Herriari begira baizik.
Nazio askapen prozesua bururaino eramateko gehiengo politiko eta sozialak artikulatu behar ditugu. Hori da garaipenaren funtsa. Horretan gaude eta horretan jarraituko dugu.
Azken hogeita hemeretzi urteetan bezala, aspaldian bezala, borrokan galdutako lagun guztiak gogoan, Euskal Herria askatu arte antolakuntza eta borrokan jardungo dugu. Gure ondoren etorriko direnek esan dezaten haiek gabe gu ez ginatekeela Euskal Herri askean bizi izango.