Irakurlearen Txokoa: "Zulo bat uretan"

"Zulo bat uretan", Iñigo Aranbarri. Urriaren 8an Deustun.

(...) Nobela hau Imanol Arellano kazetariaren inguruan osatutako kontakizuna da, ia kasualitatez Itoizko herrian urtegia dela-eta egiten ari diren hobi hustuketen inguruan ikertzen ari den kazetariarena. Dena den, liburua horretara mugatzea aski injustua da, kontakizun honetan hamaika istorio gurutzatzen baitira, zeinak sarritan elkarren artean lotura agerikorik ez baitute. Aranbarrik bat egiten du Koldo Izagirrek maiz aipatu izan dituen ideiekin. Irakurlea ez inozotzat hartzea, gehiegizko esplikazioak baztertzea (ikus, esaterako, pertsonaiak ez dituela ia sekula aurkezten), elipsi famatuaren erabilera etab. Idazkera etena, zuloduna, bada. Aranbarrik, ordea, paragrafo nahiko kriptikoen ondoren esaldi zuzen eta zorrotzak erabiltzen ditu askotan —”Hamar urte daramat Estirekin. Ez dakit beste bat egingo dugun. Ez gabiltza ongi”—, narrazioaren erritmoa ezustean hautsi eta balizko irakurle erdi-lokartua esnarazten dutenak. Idazketa era honek eragiten du arestian aipatu istorioen multiplikazioa, kontatutakoak ez kontatutakoak bezainbateko garrantzia duelako —”Eta hitzak ez datoz”— eta ebazten ez diren istorio ugari iradokitzen direlako. Hilotzen istorioaz aparte, hor daude Graf Spee korazatuarena, Oscar eta Maiterena, Imanol eta Estirena, erredakzioko sabotajearena… (...)

Berria egunkarian argitaratutakoa (Beñat Sarasola).


Utzi iruzkina: