TARTEKI: KATIXA AGIRRE_HABITAT

LITERATURA
Juanjo Arrizabalaga Irakurlearen Txokotik

Harrituta utzi gaitu Katixa Agirre idazleak bere “Habitat” liburuarekin. 27 urteko gasteiztarrak badirudi bizitzako eta bikote harremanen zertzelada guztiak probatu edo, hori ez bada, ezagutu, barne-barnetik ezagutzen dituela.

Sei ipuinetan, gero eta luzeagoak ateratzen omen zaizkio, ondo baino hobeto islatu ditu gaur eguneko bizimoduak, harremanak eta elkarbizitzak dituen arazoak, larritasunak eta ezinegonak.

Guztietan, gainera, gelditu zaigu ipuinak aurrera egin ezaren gazi-gozoa. Jarraipena, ordea, norberaren baitan utzi digula zioen. Katixaren arabera, arazoak, hain zintzoak ez diren maitasun istorioak, mudantza etsigarriak, bakardadeak pairatu behar dituzte. Eta batzuk dena galduko dute etxeak ordezkatzen duen ustezko independentzia horren peskizan.

“Habitat” liburuaren azala sofa handi batek betetzen du eta azken ipuinarekin dauka lotura zuzena. Sofa baita egun bikotearekiko intimitatea gordetzen duen lekua. Orduak ematen ditugu sofan eta ondo aukeratutako altzaria behar du izan. Bere esanetan, azkeneko ipuin honekin sentitu da askeen. Irakurleen gozamenerako amaiera zoriontsu edo itxaropentsuena duena ere berau da.

Lehen istorioarekin irabazi zuen Igartza Beka, berari esker lortu zuen epaimahaiaren konfiantza, eta idazle konsagratu izateko bidea. Guk tarteko istorioekin ere gozatu dugu.

PREST! aldizkarian, maiatza 2009


Utzi iruzkina: