Jaien bueltan

Pasa dira jaiak eta balorazioak egin baino, hobe argazki gutxi batzurekin pasatakoak gogoratzea. Lehenik eta behin hementxe lehen larunbateko paella txapelketako herri bazkaria. Giro aparta, jende asko eta sabelak beterik. Dudarik ez, gure paella izan zen guztietan onena nahiz eta epaileek ez onartu. Bazkalostean, jandakoa jaisteko, dantzarako aukera gogoangarria erritmo eta monitore xelebreekin.

Lehen asteburua jendez lepo eta ezustekorik gabe pasa eta zurrunbiloa agertu zen igande gauez. Gure txosna gaixoak justu-justu iraun zuen zutik ibaizabaleko haize-boladen erasopean. Ez dakigu hurakanetik zerbait eduki zuen, baina txosna guztia hankaz gora utzi eta goikaldea zurrupatu zigun. Hala ere, ostiralerako txukun-txukun genuen berriz ere dena prest.

Ostiral gauez baina, zurrunbiloak eurijasa eta hotzari egin zion tarte eta txosnagunea hutsik utzi zuen. Txandakideak eta halakoetan zaildutako lauzpabost akabaezin besterik ez zituen utzi giro desatseginak. Baziren larunbaterako desastrea espero zutenak, baina zorionez zerua ireki eta txosnagunean argazkian ikus daitekeen giro ederra gozatu ahal izan genuen azken egunean. Datorren urtean gehiago eta hobeto!

                     


Utzi iruzkina: