Euskal Herria Zuzenean 2.007
Beste behin ere, ezin galdu urteroko hitzordua Euskal Herria Zuzenean festibalarekin. Badira gutxienez 5 urte bertara asteburu pasa goazela eta gogoak ez zaizkigu ahitu, ez horixe! Aurten ekainaren 29, 30 eta uztailaren 1ean izango da Idauze Mendin. Arrosatik bertara eman zuen saltoa festibalak, eta urrutiago egon arren, eta jende aldetik oraindik Arrosako kopuruetara heldu ez den arren, guri oso leku aproposa iruditzen zaigu Idauze Mendi. Azken finean musikaz gozatu, euskarazko doinu urrunagokoak hurbiletik entzun, egokitzen zaizkigun txandak egin eta gure barne mugak apurtzen joateko leku ezin aproposagoa da festibala, dagoen herrian egonda. Iaz hegoaldeko 70 bat gazte laguntzaile bildu zituen guztira Euskara Elkarteen Topaguneak, hortaz, aurten ezin hutsik egin.
Maskarada eta Pastoraletik haratago, errugbizale, artzai, txosnero, kantari, laborari... diren gazte zuberotarrak ezagutu nahi badituzu, hona zure aukera! Ekainak 9a baino lehen eman izena lokalean bertan edo e-posta bidalita.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: