BILBOTIK ZEHAR EUSKARAZ

Maiatzaren 7an Berbalapikoko dozena bat etxebarritar elkartu ginen Bilboko Unamuno Plazan goizeko 11:30ean. Zertarako? Bilbora bisita egiteko. Bisita nahiko berezia. Helburua euskarak Bilbon azken ehun urteotan egin duen ibilbidea ezagutzea izan zen. Bisitaren gidaria Pedro Zuberogoitia zen, “Bertan Bilbo. Bizkaiko hiriburua eta euskara: XX. mendeko istorioa”  liburuaren egileetako bat.

   Ibilbidea Arkeologia Museoan hasi genuen, albo-alboan kokatzen baitzen XIX. mendearen amaieran Bilboko Institutua. Bertan ezarri zen Euskera Katedra 1888an (Azkuek atera zuen plaza) eta hor abiatu zen fruitu asko emango zituen ekimena. Handik atera ginenerako bageneukan mende hasierako testuinguru politiko, ekonomiko eta urbanistikoaren berri eta baita euskararen alde egindako hainbat proiekturena ere.

         Museoan

   Gero beste geldialdi batzuk etorri ziren, batzuk Ibaizabalaren eskuma aldean (Bidebarrieta kalean, Plaza Berrian eta Areatzan) eta besteren bat ezker aldean (Albia). Amaitzeko Antzokia bisitatu genuen eta ondoren solas ederrean murgilduta, Ledesma kaleko giroa dastatu genuen. Guztira bi ordu inguruko ibilbidea baina edukiz bete-betea.

   Aukera baduzue, egizue, ez zaizue damutuko-eta!

argazkiaDSC_0155moztu


Utzi iruzkina: