BERBALAGUNA MARTXAN

Poliki poliki bada ere, Berbalagunak hartu du berriz bere martxa. Aurkezpena oraindik egin gabe dugun hontan, jadanik eraturik dira 8 talde, gutxi gorabehera 40 bat pertsona biltzen dituztenak. Tartean badira hiztunak, euskaldungaiak, hitzontziak, euskaldunosoak, hitz gutxikoak, jario errazekoak eta besteren bat ere bai. Ohi bezala, denetik.

Estrainekoz sortu ditugu bi talde Deustuko Ikastolako gurasoen artean, bertako Guraso Elkartearekin elkarlanean. Ea bide hau jorratuz, Santutxuko bidea eredu, egitasmoak indar eta esparru berriak hartzen dituen.

Lehen aldiz ere sortu dugu bizkaiera landuko duen berbalagun taldea, euskaldungai eta osoz baino, bizkaieradungai eta osoz osatua. Arrakastaz osatu ere, 7-8 laguneko multzoa batzen delako ostiralero  bizkaierari gogoz heltzea helburu. Ez dugu astakeririk botako laister talde honetatik beste bi sortuko direla esaten badugu, bakoitzak bizkaiera aldaera zehatz bat landuko duena.

Oraindik egitasmoan izena emateko aukera erabat zabalik dago, eta zehaztapenak datorren astean etorriko badira ere, aurrera dezakegu aurkezpen ofiziala azaroak 9, ostiralez izango dela. Jadanik euskaldun osoen faltan gaude, beste bi talde osatzeko adinako euskaldungaiak egon baitaude, hau da, 8 bat pertsona taldea sortu zain baitaude itxaron zerrendan! Beraz, badakizu, euskaraz normaltasunez aritzen bazara, eta astean ordubete libre baduzu euskararanzko bidean daudenekin elkartrukatzeko, jarri gurekin harremanetan beldurrik gabe eta egin zaitez berbalaguna!

                        


Utzi iruzkina: