GKE-ak jomugan
Aste honetan Gobernuz Kanpoko beste Erakunde bat berriro izan dugu albiste, baina zoritxarrez, ez egindako lanagatik, baizik eta Etiopiako umeak gaizki tratatzeagatik eta sexu-abusuagatik salatuta. Global Infantil da erakundearen izena eta bere zuzendaria ikertuko dute, umeek berarengandik tratu txarrak jasan dituztela salatu dutelako bi boluntariok.
Azken bolada honetan ohitu egin gara honelako berriak entzutera: lehenengo ANESVAD, gero INTERVIDA, ondoren EL ARCA DE ZOÈ eta azkena GLOBAL INFANTIL.
Gauza da, hedabideetan albiste diren gertakariak baino ez direla azaltzen eta kasu honetan, horrek kalte handia egiten diela GKE-ei. Miloika GKE daude mundu osoan zehar eta horietan, bizitzako esparru guztietan gertatzen den bezala, era guztietako pertsonak aurki ditzakegu: onak eta txarrak, zintzoak eta aprobetxategiak... Hori sahiestezina da.
Hala ere, ez dut uste hedabideek errua dutenik; hedabideek ezin dute plazaratu munduan gertatzen den guzti guztia eta horregatik albiste dena da jakinarazten digutena. Bestetik, egokia iruditzen zait horiek ikertzea eta irregulartasun guztien berri ematea, azken finean pertsona ugari daudelako GKE-ei dirua ematen eta horiek, gertatzen dena ezagutzeko eskubide osoa dute.
Baina esan behar dizuet kezkatuta nagoela GKE-en irudia asko desegin delako eta jendea mesfidantzaz gainezka dagoelako. Hemendik dei egiten dizuet GKE-engan konfidantza izatera, betiere informazioa eskatuz eta erabat ziurtatuz.
Kontutan izan behar dugu benetan lan egiten duten milaka legezko GKE daudela baita horietan parte hartzen duten bolondres desinteresatu ugari; nik uste dut guzti horiek gure laguntza eta babesa behar dutela, beharrezkoak direlako, gobernuek ezer gutxi egiten baitute. Ezin dugu pentsatu, lau GKE horiek ekintza ustelak aurrera eraman dituztelako gainerakoak berdin jokatuko dutela. Hori bai, orain badakigu, edozein erakundetan sartu baino lehen, oso garrantzitsua dela informazioa eskura izatea eta egiten duten lana ondo ezagutzea.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: