Ahotsak.com webguneaz, hitz bi
Ahotsak.com-en aurkezpena
Gaur aurkeztu da ahotsak.com webgunea Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Aurkezpena eta proiektuari buruz, Sustatun eta beste hainbat tokitan kontatzen dira detaileak, eta ez ditut nik hemen errepikatuko. Bi kontutxo baino ez, gaurkoaz:- Badiharduguren proiektuaren ezaugarri batzuk benetan egiten zaizkit interesgarri: grabazioak helburu, proiektu irekia, sareratu-publikatu bukatu gabeko materiala, kolaborazioa bilatu. Ez dira proiektu guztietan puntu horiek horren garbi markatzen.
- Toki ederrean eta konpainia are ederragoan egin dugu bazkaria gero. Proiektua ez da bukatu, baina fase bat behintzat bai. Eskerrik asko Badihardugukoei.
- Koldo Mitxelenako aretoko ekitaldi guztiak zuzenean ematen dira Internetez. Ekitaldia bideoz grabatu da (edo zitekeen), beraz. Baina, ezin ote dira grabaziook ere publikoki eskaini? Apustu jende gehiagok ikusiko lituzkeela ekitaldion grabatuta, zuzenean baino.
URL edo helbideak
Proiektua hasi aurretik, webgunearen URL edo helbideak ordenatu eta zerrendatu genituen: zer informazio herriaren azpian, zer kanpoan, fitxen kokapena... Izan genituen geure zalantzak, dirudiena baino lan zailagoa da-eta. Baina, azkenean, logika txukuna geratu zaigulakoan nago:- ahotsak.com/
- ahotsak.com/info
- ahotsak.com/eskoriatza
- ahotsak.com/eskoriatza/hizlaria/842
- ahotsak.com/eskoriatza/pasartea/14296
- ahotsak.com/eskoriatza/gaia/
- ahotsak.com/eskoriatza/gaia/01.01.07
- ahotsak.com/gaia
- ahotsak.com/gaia/01.01.07
- ahotsak.com/proiektua
- ahotsak.com/proiektua/41

Sortu zitzaigun -eta oraindik badugu- zalantza bat, halere, helbide hauei dagokionean. Zer URL edo helbide da hobea, "a" edo "b"?
- a) /eskoriatza/hizlaria/842
- b) /eskoriatza/hizlaria/cruz-abarrategi-leaniz-barrutia
Google eta bestelako bilatzaileentzat, dudarik gabe, "b" egokiagoa da: helbidean bertan dago orriaren informazioa, badakigu zertaz doan orri hori. Hori ere indexatzen du robotak, eta nolabait esateko, puntu positiboak dira bere algoritmoan. Cruz Abarrategi bilatuz gero, "b" orria lehenago agertuko da Googlen "a" baino. Hori esaten du SEO kriterioak.
Hori ikusirik gero eta webgune gehiagotan -blogetan, sare sozialetan, periodikuetan...- ikusiko duzue helbidean orriaren informazioa sartzeko joera hori, blogak.com honetan bertan kasu.
Halere, horrek oso helbide luzeak sortzea ekartzen du askotan; beraz, konplikatuak. Eta, ni nekatzen hasia nago helbide luze hoiekin. Izan ere, egokiagoa da "a" lotura e-postaz bidaltzeko, lagun bati telefonoz esateko, paperean apuntatzeko...
Horregatik ditut zalantzak, oraindik.
Ahotsak.com-en "a" motatako loturak jarri ditugu, momentuz. Momentuz, diot, balitekeelako "b" aukera hobestea hurrengo bertsiorako. Proiektu bizia da hau, esan dut lehenago.
Bilaketa sistema
Datu-Base bat online jartzen dugun bakoitzean, bilaketa egiteko modua jarri behar izaten da txokoren batean, noski. Horren harira, bezeroak, beti eskatzen ditu bilaketa lehio sinple bat, eta bilaketa aurreratua egiteko aukera bikoitza. Bilaketa lehio sinplea edozer di-da batean bilatzeko; aurreratua, datu-baseko eremu guztietan zerbait sartu eta kriterio konbinaketa horren arabera bilaketak egiteko.Normala da bi aukerok eskatzea, badakit, baina asko diskutitu ohi dut bezeroekin hori dela-eta, pereza ematen baitit hori programatzen hasteak. Batetik, aitor dezadan, lana delako; bestetik, eta batez ere, oso gutxi erabiltzen direlako bilatzaile "aurreratuok". Lortzen den emaitzak gutxitan justifikatzen du egindako esfortzua.
Zenbat aldiz erabili duzue zuek bilaketa aurreratua Googlen?
Webgunearen egileari oso inportantea iruditzen zaio aukera hori izatea: oso barneratuta ditu datu-baseko eremuak eta bakoitzaren ezaugarriak, zer non sartu zehaztea inportantea da berarentzat... eta, esango dizu, gauzak zehatz-mehatz bilatzeko modu bakarra horixe dela. Eta arrazoia du.
Baina, ohiko erabiltzaileak ez daki datu-basearen berri. Pereza emango dio eremu bat baino gehiagoko formularioa betetzeak, nahastu egingo da kontua konplikatzen hasten bada. Eta, egon seguru, lehenengo bilaketa sinplearekin saiatuko da. Eta hortxe dago gakoa: bilaketa sinplea egin behar da ondo! Nago, hor inbertitu behar direla bilaketa aurreratua egiteko beharko genituzkeen orduak.
Ez da hau beti aplikatzeko erregela, garbi daukat, baina kasu asko eta askotan, bai.
Halaxe egin dugu ahotsak.com-en: bilaketa sinplea soilik programatu. Ez dago bilaketa aurreraturik. "Abarrateg" bilatzen baduzu aterako zaizkizu emaitza batzuk, era jakin batean antolatuta... eta kitto.
Hobetu daiteke, badakit: kontestua, ordenatzeko modua, helbidea bera... Baina, uste dut, horixe dela bidea. Eta ez bost-sei eremutako bilaketa formulario konplexuak ipintzea.
Iruzkinak
Mikel L. 2008-04-17 09:29 #1
URL-etan nik bigarrena aukeratzen diat. URL-a motza izatearena... ez zidak gehiegi esaten.

Eta
arazoa hori badek, hire bigarren gaiarekin lotzen diat: bilaketa. Eta
baita Sustatun kode grafikoak dela eta esaten dena: nere webgunean
sartzeko jarri "ezdakitzer" bilatzailean.

Horretarako bilatzailea landu behar, ezta? Baina bertsio normala, ez aurreratua.
Utzi iruzkina: