Panelak ezin mantendu.

auzoarteko 1456131174395 AUZOARTEKO | 2006-09-17 00:00

Urdaibaiko txoko eta interesguneen inguruko informazioa azaltzen duten hiru panel hautsita aurkitu dituzte.

Urdaibaiko Biosfera Erreserban hainbat txoko liluragarri daude. Interesgarriak direnak, beste horrenbeste. Horietako hainbatetan informazio panelak daude, kanpotik datozenei argibideak eskaintzeko. Kanpokoei, eta oraindik gauza asko ez dakiten bertokoei.

Busturian, hiru panel apurtu dituzte. Horietako bat, gainera, aurretik ere apurtu egin zuten, eta eraberritu ostean, ez du iraun ezta hiru aste ere: oso-osorik eraitsi dute.

Kurtziganeko karegilearen funtzionamenduaren inguruko informazioa eskaintzen zuena da aipatutako panel hori. Udaberrian ipini zuten, aurretik apurtutakoa konpontzeko. Hiru aste, eta desagertu.

Negutik apurtuta

Beste biak neguan apurtu zituzten. Bat, Abiña inguruko zelaietan dago, eta Landazabal Atlantiarra zelakoa den azaltzen zien bisitariei, nola eragiten zuen landa eremuak paisaian.

Bestea, Marismari buruzko informazioa zuena da. San Kristobalerantz jaitsita aurki daiteke, Urkitzan, eta hori ere, antza denez, ez dute osorik ikusi gura izan batzuek.

Hiru panelak ibilbide bateko sailekoak dira, Itxasbegitik San Kristobalera doan Txakolinaren itzalean ibiliz deituriko bidekoak. Ibilbidea sarritan bisitatzen dute askok, erraz iritsi baitaiteke bertara, eta paseo ederra baita.


Utzi iruzkina: