Kezkatuta daude Presapeko etxebizitza sozialen atzerapenaz.

auzoarteko 1456131174395 AUZOARTEKO | 2006-12-06 00:00

Busturiarrok izenpean bildu dira 40 bizilagun, udaletxeari «etxebizitzen inguruan uneoro informatzea eskatuz».

Busturiko bizilagun talde bat Busturiarrok izenpean bildu da, Presape auzoko etxebizitza sozialen eraikuntzaren atzerapena dela eta, udaletxean arrazoiak eskatzeko asmoz. Eta laster elkarte bat sortu gura dute euren eskubideak aldarrikatu ahal izateko.

Aurreko astean Udaleko osoko bilera aprobetxatu zuten Busturiarrok taldekoek Udalari «Presapeko etxebizitzen inguruan uneoro informatzea» eskatuz. Izan ere, etxebizitza horien eraikuntzaren atzerapenaz kezkatuta daude herritarrak. Ondorioz, atzerapen horren zergatiak ezagutu gura dituzte eta hori da, hain zuzen ere, udalbatzan eskatu zutena.

«Etxebizitza duin bat»

Sortu berri den Busturiarrok taldeko kideek «etxebizitza duin bat» eskatzen dute. «Ez dugu gura jendeak ezelako talde politikoagaz lotzea. Adin eta izaera desberdinetako jendea bildu gara, gure eskubide bat defendatzeko», adierazi zuten Udaleko azken bileran.

40 lagunek osatu dute Busturiarrok izeneko taldea eta guztiak hurbildu ziren udaletxera. Besteak beste, Murueta eta Busturiren arteko gatazkaren nondik norakoak azaltzea eskatu zuten herritarrek. Azken finean, herri bien artean sortu diren arazoengatik atzeratu baita etxebizitza horien eraikuntza. Bestalde, 2007. urte amaierarako obrak hasiko direla azaldu zuten udaletxeko arduradunek.

Kondizio hobeak

Etxebizitza sozialak egiteko aukeratutako lekuagaz ere herritarrak ez daude konforme. «Alde batean erreka dago eta bestean gas bonbonen biltegi bat. Kondizio hobeak dituen partzelaren bat seguru dagoela herrian».

Busturiarrok-ek herriko beste lursail batzuk proposatzen ditu Babeseko etxebizitzak egiteko. Baina udal arduradunek ezinezkotzat jotzen dituzte. «90 etxebizitza egiteko moduko beste partzelarik ez dago herrian. Presape aukeratu dugu, etxebizitza horiek egiteko leku aproposena dela uste dugulako».

Eztabaidak luzaroan iraun zuen. Baina, dirudienez, Busturiko bizilagunak ez ziren gustura gelditu han esandakoagaz eta datozen egunetan mobilizazioak egiteko asmoa dute.


Utzi iruzkina: