Correos-en zerbitzua salatu dute.

auzoarteko 1456131174395 AUZOARTEKO | 2006-11-10 00:00

Bizilagunek salaketa jarri dute Correos-en Bizkaiko ordezkaritzan.

Busturiko eta inguruetako bizilagunek Correos-ek eskualdean eskaintzen duen zerbitzua txarra dela salatu dute posta zerbitzu horrek Bizkaian duen ordezkaritzan.

Udalak, jende asko kexaka dabilela ikusita, kexa guzti horiek Correos-eko arduradunei jakinarazteko erabakia hartu zuen azken udalbatzarrean.

Correos-eko langileak auzo batzuetatik, gehien jota, astean behin pasatzen direla salatu dute Busturiko bizilagunek. Ondorioz, gutunak hilabete bat baino gehiagoko atzerapenagaz heltzen zaizkiela diote eta, askotan, isunak iraungita hartzen dituztela.

Gainera, postetxearen ordutegia murriztua dela diote. Izan ere, Busturiko Correos publikoarentzat egunean ordu betez baino ez dute zabaltzen: 9:30etik 10:30era, hain zuzen ere. Denbora tarte horretan joaterik ez dutenek, ez dute posta zerbitzua erabiltzeko aukerarik.

Langile falta

Busturiarrek Correos-en zerbitzua hobetzeko langile gehiago beharko liratekeela pentsatzen dute, Busturiko auzoak sakabanatuta daudenez, langileak batetik bestera joateko denbora gehiago behar dutelako. Hori dela eta, Correos-eko Bizkaiko ordezkaritzan aurkeztutako salaketarekin batera, langile gehiago kontratatzea proposatzen dute.

Bestalde, langileek lan asko dutela diote eta urteak pasa ahala, biztanleria gehitzearekin batera lana ere gehitu egiten dela. Arazoa da, lana gehitzen bada, langile gehiago behar direla euren arabera.

Bizkaiko Correos-eko arduradunek argitu dutenez, «azkenaldian, Bizkaia mailan langile berri asko kontratatu dira zerbitzua hobetzeko asmoz. Erdiak baino gehiago berriak dira lanbide honetan eta, beraz, esperientzia falta dute oraindik».º

«Azken egunetan Busturiko postetxeko langile titular bat ez da lanean egon, eta horrek ere arazoak sortu ditu banaketan. Dagoeneko lanean da, beraz, zerbitzuak ondo funtzionatu beharko luke», azaldu dute.

4.000 kontratazio berri

Langileei dagokienez, guztira, 4.000 kontratazio berri egin ditu Correos-ek. Hain zuzen, eskualdean 66 postari dituzte beharrean.

Langile bakoitzak ibilgailu propioa euki behar du, herri desberdinetako auzo eta baserrietatik posta banatu ahal izateko.

Zerbitzua hobetzeko asmoz, postetxe batzuk arratsaldez ere irekiko dituzte. Izan ere, oraingoz, Gernika-Lumoko bulegoa baino ez dago zabalik arratsaldeetan.

Beste alde batetik, Correos-eko arduradunek eskualdea bisitatzeko asmoa dute, zuzenean frogatu ahal izateko banaketa arazorik dagoen edo sortutako eragozpenak puntualak diren.


Utzi iruzkina: