Busturialdeko presoen eta bere senitartekoen aldeko mozioa.
Asteburuero, busturialdeko preso politikoen senide eta lagunek ehundaka kilometrotako bidaia nekagarriak egiten dituzte beraiekin 40 minututako bisitak edukitzearren. Jaen, Paris, Madrid, Valladolid, Badajoz, Castelló, Alakante edo Lugo bezalako toki urrunetara joan beharra izaten dute, guztira asteburuero milaka kilometro eginez.
Sakabanaketak hil egiten du. Hau ez da esate hutsa, benetako egia baino. Senideek, lagunek eta pertsona solidarioek euskal presoei beraien elkartasuna erakusteko asteburu guztietan hartzen dute sakabanaketaren bidea. Sakabanaketak hiltzen duenik ezin da ukatu, kopuruak hor daudelako. Kopuruak eta hilak ere bai: 19 euskal preso eta 15 senide eta lagun hilak, ehundaka zaurituak eta milaka miloiko galera ekonomikoak.
Presoen senide eta lagunek asteburuero jartzen dute beraien bizitza jokoan errepideetan, fisiko eta psikikoki nekagarriak diren eta ekonomikoki galbidera daramaten bidaietan. Delitu bakarra, oso sinplea: Preso politikoen senide edo lagun izatea.
Dagoeneko 37 dira 2004. urtean, euskal preso politikoek jasaten duten sakabanaketa politikaren ondorioz gertaturiko istripu larriak, ehun inguru direlarik istripu hauetan zaurituriko presoen senide eta lagunak. Azkenetarikoa dugu busturitar eta mundakar neska gazte bik ehundaka kilometro burutu eta gero, bide erdian aurkitu zuten gurpil baten erruz jasandako istripua, Galizian preso dauden beraien bikoteak bisitatzetik bueltan zetozela.
Zoritxarrez, soberan dakigu hau ez dela azkenengo istripua, sakabanaketa politika abian jarri zutenek argi eta garbi jakin arazi bait dute ez dutela politika hiltzaile honi bukaera emateko asmorik.
Gaur egun, 688 euskal preso politiko dira sei estatu desberdinetako 80 espetxetan preso daudenak. Espainiar estatuan espetxeraturiko 536 presoak Euskal Herritik 600 kilometrotik gorako batazbesteko distantzia batetara aurkitzen diren bitartean, 848 kilometroko promedio batetara daude frantziar estatuan espetxeraturiko 142 euskal preso politikoak. Horrez gain, bi preso politiko dira Belgikan atxilotuta daudenak, bat Alemanian, beste bat Ingalaterran eta sei Mexikon. Ia zazpirehun euskal presoetatik, hamaika bakarrik dira Euskal Herrian kokaturiko gartzeletan preso daudenak.
Bitartean euskal instituzio eta talde politikoek beste alde batetara begira jarraitzen dute, ez bait dute sufrimendu honekin bukatzeko ausardia ezta borondaterik ere, edo behintzat ez dute frogatu. Asko botata, elkartasun apur bat azaldu, ia betiko isiltasunaren aurrean beraien lotsaria justifikatzeko. Noizik behin aipamen txiki bat presoen egoerari buruz, eurenganako elkartasuna dutela erakusteko. Eta gero... ezer ere ez. Adierazpen instituzional bat hortik, erabakiren bat hemendik, baina, azkenean, isiltasuna bakarrik.
Euskal gizarteak behin eta berriro aldarrikatu du presoak Euskal Herrian nahi dituela, horregatik, hitzek bakarrik ez dute balio. Euskal alderdi politikoek konpromiso serioa hartu behar dute sakabanaketarekin bukatzearren.
Horregatik eskatzen dugu:
1. Espainiar eta Frantziar estatuei, sufrimendua areagotu besterik egiten ez duen sakabanaketa politika genozida eta koldar horri bukaera ematea.
2. Euskal instituzio eta talde politikoek hitzetatik haratago joan eta sakabanaketarekin bukatuko duten ekimenak martxan jartzea.
3. Sakabanaketarekin bukatu arteko lanaren konpromesua hartzea.
4. Euskal preso politikoen senide eta lagunenganako elkartasuna erakustea.
Busturian, 2004ko Irailaren 30ean.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: