Eta etorri zen bezalaxe joan zen. Eguzkiaren antzera, baina kontrara. Agian eguzkia da bera uxatzen duena. Sartu-irten bat egin du, ongi sartu gainera, gauez ordea. Pentsatzen hasia nago ez ote zen izar usoa izango, nigan atentzioa deituz. Alkoholez beteriko gaua eskuan dudan kubatako izotza bezalaxe, neu ere urtzen hasia naiz. Emeki emeki hurbildu da, atzamarrak gainean jartzeraino eta bat-batean, ezpain biek talka egin dute. Barneko sua bizirik da, izotza geroz eta azkarrago ari da urtzen. Gorputz biak elkarturik, larrutan. Eta orduan bai...
Amaiera guztiak berdinak direla diote. Nik, ordea, ez dakit amaiera bat zer den ere. Amaitutzat ematen dugun hori ez duzu uste inoiz itzuliko denik? Eta itzuliko balitz? Jarraipen bat izango balu? Badu amaierarik? Zerk du amaierarik bizi garen mundu honetan? Askok esango dizute bizia egunen batean amaitu egingo dela, baina hori egia ote? Nik uste denak duela jarraipen bat. Norbanakoen bizia amaitzen da baina bizitza ez da amaitzen, oraingoz behintzat. Liburuak irakurtzeaz amaitzen dugu baina liburuak ez dira amaitzen, beti dago berriren bat. Kantuak amaitzen dira baina ez, ordea, musika. ...