ERRPRESIORIK EZ!
Euskal preso politikoak agurtzea delitu bilakatu eta EAE ilegalizatzeko baliatu nahi dute gainera
Euskal Herrian bizi dugun defizit demokratikoa oso larria. Esan eta esan ari gara salbuespenezko egoera bizi dugula gure herrian, tamalez, egunero baititugu hori baieztatzen duten erasoak. Azkena Espainiako Auzitegi Nazionalak Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkatearen aurka hartutako erabakia dugu. PSOE euskal independentismoaren aurka daraman errepresio eta eraso zerrenda honetan, beste bat gehiago. Baina, noiz arte jarraituko dugu horrela?
Azken hilabete hauek argazki eta datu ezin argiagoak utzi dizkigute: zerrendak baliogabetu dituzte, herriaren borondatearen aurka osatu dira udaletxeak, batzar nagusiak eta Nafarroako parlamentua, 200dik gora atxiloketa izan dira, zuzendaritza politiko bat espetxeratu dute, 500 urteko espetxe zigorrak ezarri ditu Espainiako Audientzia Nazionalak, euskal independentistak basatiki torturatu ditu Guardia Zibilak, sakabanaketa politika kriminalak beste euskal preso baten senidea hil du, presoak urruntzen eta espetxeetako bizi baldintzak gogortzen ari dira, presoen eskubideen aldeko ekitaldiak debekatu dituzte eta Ertzaintza euskal herritarrak gupidarik gabe kolpatzen ikusi dugu, eta, orain, gure alderdiaren ilegalizazioa ari dira prestatzen. Audientzia Nazionalak adierazpen askatasunaren ariketa egiten ari zen alkate baten hitzak erabiliko ditu EAE-ANV ilegalizatzeko froga gisa. Hau da 77 urteko historia duen alderdi bat ilegalizatzeko froga?
Herri honetako sektore jakin batekiko maitasun eta afektibitate jarrerak adieraztea kriminalizatu egin nahi da. Euskal preso politikoei besarkada bero bat eskaintzea delitu bihurtu nahi dute, eta, gainera, orain horretaz baliatu nahi dira ANV ilegalizatzeko. PSOE delirio errepresibo batean sartuta dago, ez hankarik ez bururik duten akusazio juridikoak egiteraino.
Hau guztia gaixo, demokratikoki oso gaixo eta oso ahul, dagoen Estatu batek baino ezin dugu egin. Ezker abertzalearen aurkako borrokak itsututa ditu poliziak, epaileak, PSOE, PP eta gobernua bera, eta Europaren eta munduaren aurrean erridikulua egitea ere ez zaie inporta, diogun bezala ezker abertzalearekin kosta ala kosta bukatu nahi dutelako.
Ez gaitezen engaina. Marian Beitialarrangoitiaren, eta gure alkate eta hautetsi guztien delitu bakarra, herri honen ordezkari izatea da. Gure delitua independentzia eta sozialismoaren alde erakundeetan lan egitea da. Gure delitua erakundeetan euskararen ordenantzak bultzatzea da, AHTren eta bestelako azpiegitura erraldoian inguruan herri galdeketak antolatzea da, gure delitua herrietan zabor kudeaketa alternatiboak martxan jartzea da edota etxebizitza publikoak bultzatzea. Eta hain zuzen delitu horiengatik lortu genituen iazko maiatzaren 27an ia 200.000 bozka. Marian Beitialarrangoitia bere herriak, Hernanik, legitimoki aukeratu duen alkatea da, ia gehiengo osoa lortu zutelarik.
Baina PSOE eskubide urraketa inoiz pentsa ezin zitekeen muturreraino eramaten ari bada ere, hemengo alderdiek mutu jarraitzen dute. Ez dute ezertxo ere esan. Guri, 200.000 pertsonen babesa dugunoi, hauteskundeetan parte hartzea debekatu nahi diguten arren edota presoei besarkada bat bidaltzeagatik gure alkate bat bi urteko espetxe zigorra jasotzeko arriskuan badago ere, hemengo alderdiek hitz erdirik esan gabe jarraitzen dute, euren koalizioekin kezkatuta soilik. Edota irrikaz noiz urtuko garen azukre koxkor baten gisa. BBBko lehendakari kargua hartu berri duen Andoni Ortuzarren ahotik entzun genuen atzo bertan hori. Ortuzar jauna: nahiz eta zure, eta zure alderdiaren nahia ezker abertzalearekin amaitzea izan, ez duzue lortuko. Ezker abertzalea herri honetan oso sustraituta eta herri honekin oso konprometituta dagoen sektorea da, eta, gainera, 200.000 euskal herritarren babesa duena. Ez izan guregatik hainbesteko kezka, eta begiratu zuen babes sozialari. Izan ere, azukre koxkor baten gisa urtzen ari dena zuen proiektu autonomista da, azken hauteskundeetan 100.000 bozka galdu zituena hain zuzen ere.
Azkenik, dei egin nahi diogu euskal gizarteari PSOEren errepresio uholde honi amaiera emateko. Euskal Herriaren aurka guztiak balio du ideia horri muga jartzeko ordua iritsia da, eta Euskal Herriaren aldeko defentsa egitekoa. Kalera atera behar dugu, eta erantzun egin behar dugu, erasoen aurrean tinko eta tamainako erantzuna emanez.
Oztopoak oztopo, lanean jarraituko dugu. Erasoek ez digute gure bide politikotik ezta milimetro bakar bat ere mugituko, eta martxoaren 9an herri honi independentziaren aukera politikoa bermatuko diogu, EAE-ANV presente egongo delako hurrengo hauteskundeetan ere.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: