Gofinondo

No profile photo antzinakeriak | 2015-09-19 12:37

  Ni bezelako sasijakintsuentzat, filologia arloetan zutoin sendorik ez dugun gehienentzat, mendeetan zehar euskal abizenek egin duten ibilbidea liluragarri gertatzen zaigu.
   Nire buruaren barruan eratzen ditudan eskemetan, -ondo atzizkia daramaten abizenak bi bidetatik datoz: alde batetik gauza baten ondoan dagoena ( Elizondo, Sorondo, Ugartondo) edo arbol mota baten unitatea (Intxaurrondo, Aretxondo,...) Harritzen nauena da zuhaitz batzuen kasuan oso arraroak izatea bukaera hau. Esate baterako ez da Pagondo abizena ikusten, eta bai Pagoaga, Pagatza, Pagadigorria. Gauza bera gertatzen zaie Sagarrondo edo Lizarrondo eraketei.
  Abizen politen artean, badago ulergaitza egiten zaidan ale bat. Gofinondo (edo Gojinondo) ikusi dut behin edo bitan, eta sailkatzeko ezina da nire ezjakintasunarentzat.
   Pentsatzen nuen hasieran Oxinondo, edo Oxirondo zela bere jatorria, eta G "protetikoa" aurretik jarrita ailegatu zitzaigula abizen berria. Nire euskara eskasean Gojin, Goxin edo Gofin zentzurik gabeko hitzak dira.
   Eta jakinmina bultzatuta (edo kuxkuxero hutsa naizelako) hasi nintzen abizenaren jatorriaren bilaketan. Edo jatorria zailegia gerturatzekotan, denboran zehar egindako hitzaren ibilbidea behintzat.
   Bizkaian daude Gofinondo (Gojinondo) abizena daramaten gehienak. Sukarrietan jaioak ziren Gojinondo Urrutxua sendikoak 1877-1891 urteetan zehar. Leku berean lehengo belaunaldia, Gojinondo Ondaro, eta Ibarrangelun aurrekoa, Gojinondo Idoiaga. Hauen aita, Emeterio Gofinondo Urizar,1734gn. urtean jaioa, Bilbotik etorritakoa zen, umea zela, urrengo nebarrebak Ibarrangelun jaioak bait ziren. Emeterioren gurasoek, Gabriel Gofinondo Garagaltza eta Ana Maria Urizar Alday bukatzen dute nire lehen peskiza. Ez dut Gofinondo gehiagorik topatu.
   Baina badago segida. Katebegi galduaren bila, hara non agertzen den Bergaran abizenaren aldaketa batekin, baina pertsona berarena den bataio bat. Tomas Gabriel Gofinon Garagaltza agertzen da 1693gn urtean, Ignacio Gofinon Leatondo aita zuela. Gofinon Leatondo anaiak Bergaran eta Oñatin jaio ziren, Fermin Gofinon Galarzaren seme-alabak eta Juan Gofinon Insaustiren bilobak, azken bi hauek bergararrak zirela.
   Hemen amaitzen da historiaren bigarren zatia. Bide batez, beste aldaketa batzuk izan dira abizenarekin, esate baterako Cofino idatzita agertzen dira familia bereko zati batekoak, Leintz Gatzagan.
   Hemendik atzera jarraitzeko zailtasunak agertzen dira, urte haietan aldakorrak bait ziren abizenen inskripzioak. Hala ere Bergaran daude Lastache/Gofinon/Borgoña abizenak nahasten dituzten familia bateko seme-alabak, belaunaldi aurrekoak, seguruenik. Haien artean Andres eta Diego, eta segidan dator haien semeen bataioetan nola agertzen diren bi anai horik :

1621-05-26   Juan, Lastache Gofinon, Querexaçu :    Andres, Lastache Gofinon (Borgoña), Soroguestoa  eta   Madalena, Querexaçu, Flores
   
1624-04-19   Luys, Gofinon y Borgoña, Yçaguirre :    Diego, Gofinon y Borgoña, Sorogueztoa  eta Domenja, Yçaguirre, Aguirre    
   
1624-10-29   Madalena, Gofinon, Querixaçu Oarriaga :    Andres, Gofinon, Soroguestoa  eta  Madalena, Querixaçu Oarriaga, Flores    

1629-09-15   Pedro, Lastache Gofinon, Querixaçu (Oarriaga) :    Andres, Lastache Gofinon (Borgoña), Sorogueystoa     eta  Madalena, Querixaçu (Oarriaga), Flores

   Eta elizaren ildoa amaituta, ikus ezazue Bergarako Udal Artxiboetan bi anaiak nola dauden :

1604/04/17  1604/04/29       Bergara. Información de hidalguía de Diego y Andrés de Lieja Borgoña, contra el Concejo de Bergara. 
  
   Gofinon ez da ikusten. Ez dakit nondik atera zen. Baina, agian, historia berri eta polit bat zabal dezake nahi duenak. Agian ni neu joango naiz egun batetan Bergarara, paper zahar hori begiratzera. 

   Lieja eta Borgoñatik etorritakoak ziren familiakoak ?


Utzi iruzkina: