Justizia ekitate gisa

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2010-02-03 16:00


Sarrera

Lan hau Rawlsen Justiziaren teoriaren berrinterpretazio pertsonal bat egiteko saiakera da, betiere kontuan harturik, alde batetik, horrek suposatzen duen atazaren zailtasuna, filosofia politikoko arloan XX. mendeko obrarik garrantzienekotzat har baitaiteke bere A Theory of Justice liburua, lanak suposa dezakeen ondoriozko ausardiarekin. Eta bestalde, Rawlsen obra azaletik soilik ezagutzen dudala esan daitekeelako, eta zalantza izpirik gabe, horrek hanka sartzeko arrisku mordoa dakartzalako. Hala ere, arriskatu egingo naiz, arriskurik gabe interesgarri den gauza eskas baitago ikasteko, eta uste dudalako ondo maneiatutako arriskuaz axola duen ezer gutxi gal daitekeela.

Horrez gain, saiatuko naiz, posible den heinean, Rawls zein erabiltzen dudan beste edozein autore etiketa politikoen pean ez jartzen, izan ere, uste dut jarrera honek are gehiago zailtzen duela teoria politiko bat ongi ulertzeko lana, jada ezer baino lehen irakurlearengan aurreiritziak sortzen direlarik.

Justizia ekitate gisa

Ekitate gisa definituriko justiziaren kontzeptu hau, utilitarismoari kritika zorrotza egin eta alternatiba serio bat emateko asmoarekin batera hasi zen garatzen Rawlsen pentsamenduan. Gehiengoaren printzipioan oinarrituta, utilitarismoak ez du gizabanakoaren balio indibidualean erreparatzen, eta hori, Rawlsen ustez, ez da jarrera etikoki zuzena, are gehiago, injustizia handien iturri ere izan daiteke. Hala ere, ordura arte utilitarismoari egin izan zitzaizkion kritikek ez zuten inolako oinarri sendorik, intuizionismo huts gisa uler zitezkeelarik: “But they failed, I believe, to construct a workable and systematic moral conception to oppose it. The outcome is that we often seem forced to choose between utilitarianism and intuitionism.” (Rawls, 1971: viii). Hori aldatzeko asmoz idatzi zuen, hain zuzen, A theory of Justice eragin handiko liburua. Berton, nolanahi ere, bere buruari meritu osoa kentzen dio originaltasunari dagokionean, izan ere, jadanik existitzen ziren zenbait ideia klasiko ordenatu eta batzuetan sinplifikatu ere besterik egin ez zuela aldarrikatzen du hitzaurrean. Beraz, esan dezakegu ekitate gisako justiziaren terminoa material zaharrez osatutako produktu berria dela. Baina, zertan datza zehazki kontzeptu jaioberri hau?

Justizia ekitate gisa, askatasun indibidualaren eta berdintasun sozialaren arteko oreka bilatzeko saiakeraren emaitza da. Oreka hori modu egoki batean lortu ahal izateko, beharrezkoa da gizarte bateko agente guztiak egoera berdinean egotea, hots, pribilegio edo desabantaila sozialek arrazionalki eta era librean erabakitzeko euren gaitasunean eraginik ez daukatelarik. Horretarako, “jatorrizko posizioa” izeneko gogo-esperimentu bat proposatzen du Rawlsek: “The original position is, one might say, the appropriate initial status quo, and thus the fundamental agreements reached in it are fair. This explains the propriety of the name "justice as fairness": it conveys the idea that the principles of justice are agreed to in an initial situation that is fair”. (Rawls, 1971: 12).

Jatorrizko posizioa eta ezjakintasunaren estalkia

Jatorriko posizioak, Rawlsen teorian, pentsamendu kontraktualista tradizionalean egoera naturalak zuen papera ordezkatzen du. Egoera hipotetiko bat da, zeinak gizarteko indibiduo guztien artean zehaztutako justiziaren kontzepzio zehatz batera eraman behar gaituen. Egoera honen beharrezko ezaugarri da bakoitzak gizartean izango dituen abantaila eta desabantailak ez ezagutzea: egoera sozio-ekonomikoa, talentuak, ongiaren kontzepzioa etab. Ezjakintasun egoera hau honela irudikatzen du Rawlsek: “The principles of justice are chosen behind a veil of ignorance”. (Rawls, 1971: 12). Ezjakintasunaren estalkia beharrezko baldintza da jatorrizko posizioan, izan ere, horri esker hautatuko ditu gizabanako bakoitzak ondoren azalduko ditugun justiziaren printzipioak. Kondizio hori, enpatia berekoi baten bidez zuzentasuna lortzeko ezinbesteko gisa interpreta daiteke. Zer esan nahi dut paradoxikoa dirudien “enpatia berekoia” esamoldearekin? Giza natura kontuan harturik, litekeena da kontratu sozial bat adostu behar duten agente guztien arteko enpatia sortzea erabat ezinezkoa izatea, izan ere, eta ia edozein honetan ados egongo delakoan nago, gizakiak ondokoen interesak babestu baino nahiago izaten du bere buruaren interesen alde jokatu. Esaldi honen egia zalantzagarria balitz ere, edonolako jarrera egoista ekiditen du ezjakintasunaren estalkiak badaezpada. Beharturiko enpatia bat sortzen du nolabait, gizabanakoa bere burua egoera posiblerik txarrenean imajinatzera behartuz eta ziurtatuz, horrela, arrazionalki eta era librean hautatuko dituen justiziaren printzipioak bidezkoak izango direla, bere burua babestea izango baitu beti lehentasun.

Halere, posizio originalaren ideia eta honek inplikatzen duena korronte oso ezberdinetako pentsalariek kritikatua izan da zenbait arrazoirengatik.

Komunitarista gehienen kritika nagusia, beraien arabera Rawlsen jatorrizko posizioak inplikatzen duen pertsonaren kontzepzioa okerra delako ideian datza. Pertsonaren izaeraz arduratzen den kritika metafisiko da hau. Komunitaristak: pertsona eta bere ongiaren kontzepzio komunitateak baldintzatzen du. Komunitaristek diotenez, gizabanakoak bere gizartetik kanpo bere kabuz molda daitekeela onartzen du Rawlsen teoriak. Gizabanakoaren kontzepzio liberal honen kontra agertzen Charles Taylor, Aristotelesen “zoon politikon” termino esanguratsuari helduz: ‘Man is a social animal, indeed a political animal, because he is not self-sufficient alone, and in an important sense is not self-sufficient outside a polis’ (Taylor 1985, 190). Sandel eta MacItyrek ere termino hauetan azaltzen dute bere kritika eta uste dute pertsonaren kontzepzio liberalak gizabanakoaren garapenean bere gizartearen ongiaren kontzepzioek duten eraginari entzungor egiten dio: “¿Quién es esa «persona» indefinida que existe independientemente de los fines que le confieren significado y valor, y que es capaz de escoger libremente esos fines?” (Mulhall & Swift, 1992: 40).

Pertsonaren kritika metafisiko hori, oso interesgarria den arren, nolabait giza naturaz galdetzen duen heinean, ez dut uste jatorrizko posizioari dagokionez ongi planteatuta dagoenik. Esan dugun bezala, jatorrizko posizioa gogo-esperimentu bat baino ez da, alegia, “errealitatearen aspekturen bat edo arrazonamendu bat ulertzen lagunduko digun eszenatoki hipotetiko baten erabilera” (Wikipedia: Esperimento mental – nik itzulia). Zer da baina, horrekin adierazi nahi dudana? Oro har, jatorrizko posizioak ez duela errealitatearekin zertan bat egin. Planteamendu hipotetiko horrek bere ongiaren kontzepzioaz banandu daitekeen pertsonaren irudia inplikatzen badu ere, horrek ez du esan nahi Rawlsek pertsonaren kontzepzio hori defendatzen duenik egiazko gisa. Justiziaren definizio onena emateko saiakeran, logikoa iruditzen zait oso, egoera hipotetiko ideal batera jotzea imajina daitekeen hasiera punturik perfektuenaren bila: justiziaren kontzepzio adostu baten bilaketan, ez al litzateke ezjakintasunaren estalkia baliabide paregabea lehen aipaturiko enpatia berekoiaren kimera lortzeko? Eta ez al da azken hori, aldi berean, justizia era demokratiko, arrazional eta libre batean definitzeko biderik egokiena? Ene ustez, hala da.

Rawlsen posizio originalari egindako beste kritika garrantzitsuak planteamenduaren asmo unibertsalistari dagokio. Komunitaristen arabera liberalismoaren akatsa kultura eta gizarte ezberdinen artean ematen diren berezitasun kultural eta moralak kontutan ez hartzea da. Ematen du, posizio originalak badaukala nolabaiteko kutsu unibertsalista, izan ere, ezjakintasun egoera berdinean egonda gizabanako guztiek printzipio berdinen alde egingo luketelako suposizioak arrazoimenaren izaera unibertsala inplikatzen du, aspektu batean baino ez bada ere, hots, arrazionalki jokatzen duen pertsona orok beti bere eta bere ondokoen ongizatea bilatuko duela baieztatzen duena; bestela nola heldu litezke posizio originalean aurkitzen diren agente guztiak justiziaren printzipio berdinetara? Ezinezkoa litzateke. Halere, gizakion naturari buruzko ohar oinarrizko hau ez dirudi arestian aipatutako akusazioaren objektu izan daitekeenik, oso nota orokorra baita eta, ondo pentsatzen badugu, egia borobila: ontasuna (sentsazio subjektibo gisa) balio intrintsekoa duen balore bakarra, dauzkagun gainerako balore guztiek aurrekoa azken helburu gisa edukitzeagatik baitira baliagarri. Baina, tira, ez gaitezen desbideratu. Jada azaldu dugun bezala, Rawlsen abstrakzioak testuinguru kulturalari entzungor egiten diola da komunitaristen arazoa; baina, oro har, ez al da hau aurretik lehen jorratutako kritika berbera? Alegia, ez al da pertsonaren kontzepzioari egindako krikaren beste aspektu/ondorio bat baino? Hala izanik, erantzunak ere berbera izan behar luke: posizio originala justiziaren definizio adostu bat lortzeko bide gisa erabiltzen dugu eszenatoki hipotetikoa baino ez denez, errealitatearekin zer ikusirik ez dauka zertan izan eta, beraz, testuinguru sozio-kulturala soberan dago berton.

Ezin izan da frogatu, beraz, Rawlsen teoriak asmo unibertsalistarik duenik batere, gizakiari ezaugarri unibertsal zehatz bat esleitzen dion arren: faktua ez litzateke intentzioarekin nahastu behar. Hala ere, argi utzi behar da ezaugarri hori gizaki guztiei dagokien ala ez guztiz eztabaidagarria dela, puntu honetan pertsonalki Rawlsekin bat egiten dudan arren. Ez da ongizatearen bilaketaren izaera unibertsal hau Kantek defendatzen duen arrazoimen praktikoaren irismen unibertsalarekin, kasu honetan obligazio morala baita izaera unibertsala duena eta, horrek, zalantza izpirik gabe, ezberdintasun handia suposatzen du, nire ustez, Rawlsen planteamenduarekiko. Dena den ez da hau hemen eztabaidatzen ari garena eta, beraz, ez zaigu gai honetan gehiago sakontzea batere interesatzen.

Justiziaren printzipioak

Behin jatorrizko posizioa azalduta eta berorri egindako kritikei erantzunda, planteamendu hipotetiko horrek bultzatzen dituen ondorioak, hots, ekitate gisako justiziaren printzipioak, azaldu eta aztertzera ekingo diogu. Rawlsen ustez, jatorrizko egoeran aurkitzen diren pertsonek, zeinak ez diren ongiaren kontzepzio partikularren arabera jokatzen, baizik eta kontzepzio horiek garatzeko gaitasuna babestu eta praktikan jartzeko (Mulhall & Swift, 1992: 36), justiziaren hurrengo bi printzipioak hautatuko lituzkete:

1.“Each person is to have an equal right to the most extensive basic liberty compatible with a similar liberty for others” (Rawls, 1971: 60). Printzipio honi askatasunaren printzipio deritzo eta jatorrizko posizioan norberak bere ongiaren kontzepzio propioak bilatu eta praktikan jartzeko baldintza esentzial gisa ondorioztatzen da (Mulhall & Swift, 1992: 37).

2.“Social and economic inequalities are to be arranged so that they are both (a) reasonably expected to be to everyone's advantage, and (b) attached to positions and offices open to all” (Rawls, 1971: 60). Printzipio honi, bere aldetik, ezberdintasunaren printzipio deritzo eta egoera posiblerik okerrenean minimoa maximizatzeko estrategiatik eratortzen da (Mulhall & Swift, 1992: 37).

Rawlsen arabera, hurrengoak dira hiritarren oinarrizko askatasunak: askatasun politikoa eta horrekin batera adierazpen askatasuna eta biltzeko askatasuna; kontzientzia askatasuna; jabetza pribatua izateko askatasuna eta, azkenik, arbitrarioki atxilotua ez izateko askatasuna. Askatasun hauek guztien artean ezeinek ezin du lehentasunik eduki, aitzitik, denek balio berbera izan behar dute (Rawls, 1971: 61). Askatasunaren printzipioa honi buruz, Rawlsek defendatuko du, jatorrizko posizioan aurkitzen diren pertsonek bere lehentasun lexikoa onartuko dutela bigarren printzipioaren gainean, hau da, askatasunaren printzipioa ezin da ezberdintasunaren printzipioaren alde urratu, izan ere, aurretik jada azaldu dugun bezala, oinarrizko askatasunak gainerako printzipio guztiak hautatzeko beharrezko baldintza dira: askatasuna, beraz, beste ezer baino lehenago dator.

Rawlsek defendaturiko justiziaren printzipioa hauek kritika ugari jaso dituzte alde guztietatik, komunitarista, marxista zein liberalek zalantzan jarriak izan direlarik. Denak azaltzea ezinezkoa ataza da eta, uste dut, azkarrago bukatuko eta hobeto ulertuko zaidala printzipioen defentsa zuzenean egiten badut.

1.Askatasunaren printzipioa: arrazoi osoa du Rawlsek askatasunaren beharrezkotasuna eta lehentasuna aldarrikatzen dituenean, izan ere, argi dago batere askatasunik gabe ezin dela edozein motatako beste erabakirik hartu, hala nola, ondasunen banaketa, printzipio moral pertsonalak etab. Gizabanakoak ezin du ideiarik garatu horretarako askatasunik ez baldin badauka. Honek baina, ez du askatasun mugagabearen defentsa suposatzen, aitzitik, Rawlsek argi aski uzten du zein askatasun diren oinarrizkoak. Robert Nozick bezalako libertarioen pentsamoldearen kontra zera defendatzen dut: elkarrekikotasun absentzia dela eta ezin da zilegi izan gizartetik hartu eta gizarteari ezer ez ematea, alegia, gizabanako orok komunitatean parte hartuz horri abantaila ateratzen dion momentu berean, komunitatearekiko konpromiso edo betebeharra sortzen da. Komunitatea pertsona multzoa da, eta hala izanik, pertsona bakoitzak zer edo zer ematen die komunitatea osatzen duten gainerako pertsonei; beraz, komunitateak ematen dituen abantailak aprobetxatzea eta komunitate kideen ongizateari entzungor egitea ondoren, nolabait, lapurreta gisa uler liteke.

2.Desberdintasunaren printzipioa: jatorrizko posizioak ezjakintasunaren estalkia dela eta etorkizuneko gizartearen estruktura ezagutzen ez dugularik, egokia da desberdintasunak egon daitezkeela suposatzea, betiere flotagailu gisa, soilik badaezpada. Wolffek status quoaren apologia egiteaz kritikatzen du Rawls, baina, izatez, ez du ematen horrelako ezer dagoenik Rawlsen planteamenduan. Ezberdintasunak egotekotan (instituzioen aldetik) horiek desabantailan aurkitzen direnen aldekoak izan beharko dutela aldarrikatzea ez da justiziaren kontzepzio marxistarengandik gehiegi urruntzen: bakoitzarengandik bere aukeren arabera eskatzea eta bakoitzari bere beharren arabera ematea aldarrikatzen duena, hain zuzen.

Desberdintasunaren printzipioari egindako beste kritiketako bat Wolffen pentsamenduaren antipodetan aurkitzen den Nozickek egiten du berriro ere. Bere ustez, ondasunen banaketa positiboa da betiere gizabanakoen onespena jasotzen badu, hau da, eman behar duenak boluntarioki ematen badu. Dionez, banaketa baimenik gabe egitea gizabanakoak instrumentu gisa tratatzea da. Ordea, gehiago daukanak nola lortu du gehiago izatea? Ez al du gizarteaz probetxu hartu? Publizitatearen moduko trikimailuek merkatu askeko gizartean erosleak instrumentu gisa baimentzen du, are bultzatu ere, esango nuke nik.

Jabetza pribatua izatearen askatasunari objekzio umila: ideologia deklarazio bat

Nire iritziari dagokionez, uste dut Rawlsen sistema justiziaren kontzeptu inpartzial eta adostua lortzeko orain arte egindako saiakerarik serioena da, onena ere izateaz gain (nire ezjakintasun historikoa betiere presente dudalarik). Ez zait otutzen bide hoberik giza berekoikeria alde batera uzteko errealista den aldi berean. Teoriaren irismen moral txikiak baimentzen du hori, hau da, gizarteko batek ongi funtzionatu dezan beharrezkoak diren baldintzak baino ez ditu bilatu Rawlsek, inora ez doazen asmoak alderatuz, hots, abortua, zerbitzu militarra, eta antzeko gaiak, izan ere, horiek tratatzeko jada pertsona bakoitzaren ongiaren kontzepzioa sartzen da tartean eta horrek beti dakar konpon ezineko iritzi ezberdintasunak, eta nola ez, horiek dakartzaten ondoriozko gatazkak.

Dena den, badago, Rawlsen teorian onartzen ez dudan aspektu bat. Uste dut gainerakoak ongi eratorriak daudela jatorrizko posiziotik, hau ordea ez. Berau jabetza pribatua izateko askatasunaren alde egiten duen ideia da. Agian logikoa edo behintzat intuitiboa iruditu dezake jatorrizko posizioan dagoen gizabanakoak nahiago lukeela jabetza pribatu minimoa ziurtatu gertatuko dena ez dakielako. Baina hobeto aztertuta ikusiko dugu ez dela horrela. Esan dugu lehenago, jatorrizko posizioan egonda, norberak, egoera posiblerik txarrena egokitu dakiokeela jakinda, minimoa ahal denik eta gehien maximizatzea, eta hori ondasunen banaketa berdina eginez lor daiteke soilik. Ados gaude puntu honetan: baina egoera horretan jabetza pribatua mantentzen bada kontrolatzeko zaila izango den merkatua martxan jarri eta, segituan jaioko dira berriro ezberdintasun sozio-ekonomikoak. Hau ekiditeko biderik onena jabetza kolektiboa da. Ondasunak interesatuen talde/komunitate/estatuak kudeatzen baditu (eta honek esan nahi du komunitate horren parte diren gizabanako guztiek banatuko dutela ondasunen kudeaketaren ardura), ez dago modurik desberdintasun sozio-ekonomikoak berriz azaleratzeko eta gainerako oinarrizko askatasun guztiez ukitu gabe jarraituko dute, bermaturik. Hau da nire ustez, Rawls ezkertiar izatetik “libratzen” duen faktore eta hori da hain zuzen, lanaren hasieran etiketak ez erabiltzearen garrantzia azpimarratzeko arrazoia. Liberal hitza oso anbiguoa da eta, liberala askatasunaren alde dagoena baldin bada, niri ere liberala naizela esan dezaket, hori bai, ezkertiarra.

Bibliografia

- BELL, D., 2009: “Communitarianism”, Stanford Encyclopedia of Philosophy, Edward N. Zalta (ed.). [http://plato.stanford.edu/entries/communitarianism]

- COLABORADORES DE WIKIPEDIA: “Experimento mental” [en linea], Wikipedia, la enciclopedia libre. [http://es.wikipedia.org/w/index.php?title=Experimento_mental&oldid=32177499] (Última revisión: Última revisión: 13 de diciembre del 2009, 05:43 UTC).

- COLABORADORES DE WIKIPEDIA: “Robert Nozick” [en linea], Wikipedia, la enciclopedia libre. [http://es.wikipedia.org/w/index.php?title=Robert_Nozick&oldid=32949480] (Última revisión: 12 de enero del 2010, 11:13 UTC)

- MULHALL & SWIFT, 1992: El individuo frente a la comunidad. El debate entre liberales y comunitaristas, Temas de Hoy, Madrid, 1996.

- RAWLS, J., 1971: A theory of Justice, Cambridge, Massachusetts: Belknap Press of Harvard University Press, 1971.

- RAWLS, J., 1982: "The Basic Liberties and Their Priority", In Sterling M. McMurrin, ed., The Tanner Lectures on Human Values, III (1982), pp. 1–87. Salt Lake City: University of Utah Press; Cambridge: Cambridge University Press, 1982.

- WIKIPEDIA CONTRIBUTORS: “Original Position” [internet], Wikipedia, the free encyclopedia. [http://en.wikipedia.org/w/index.php?title=Original_position&oldid=339317902] (Date of last revision: 22 January 2010 09:27 UTC)

- WIKIPEDIA CONTRIBUTORS: “A theory of justice” [internet], Wikipedia, the free encyclopedia. [http://en.wikipedia.org/w/index.php?title=A_Theory_of_Justice&oldid=339560990] (Date of last revision: 23 January 2010 17:21 UTC)


Utzi iruzkina: