Ilusioa
Ilusioak bakarrik datoz eta bakarrik doaz. Lurralde amaigabe batetik etorriko bailiran, etengabe agertzen zaizkigu bizitzan zehar. Sentimendu nahaspilak dira, arriskutsuak oso. Ilusioak burua bete dezake, beste edozein pentsamenduri bertan egoteko betarik eman gabe, eta poztu egiten zaitu hasiera batean. Baina engainatzen gaituzte, nahastu, babesgabe utzi. Hodeietara igotzen gaituzte eta goi-goian gaudenean bota egiten gaituzte gupidarik gabe, kolpea mingarria da, beti, kolpea mingarria da, oso.
Nola saiestu, ordea, ilusioak, ilusiorik gabe ez bagara ezer, ilusioak gure ekintzen motorea badira, esperantzaz elikatzen den motorea. Nola ekiditu ilusioa, bera baldin badator gugana, bera sartzen baldin bada gure etxera atean abisatzeko kolperik ere eman gabe, gonbidapenik espero gabe. Nola kontrolatu ilusioak... nola ezagutu ondo sentimenduak...
Zu ezagutzean korapiloa sortu zitzaidan sabelean, ez zintudan ezagutzen, ilusioa omen zen. Alde egin nuenean korapilo bat sortu zitzaidan sabelean, ez nekien zer zetorren, ilusioa omen zen. Egunez egun puztuz nijoan, azkenean norbait edo zerbaitek ziztatu ninduen arte, orduan hutsik geratu nintzen guztiz, haize guztia galdurik, arnastu ezinik, itota. Eta gaur berriro ilusioa dator nire gelara, eta nirekin gelditzen da, mendiak ikusi ditudalako, zu oroitu zaitudalako, maitekor sentitzen naizelako... eta bihar alde egingo du berriro. Ikasten dut, ez nuke ilusionatu behar, badakit. Eta ilusioz betea nagoela, datorrena pentsatzean, hustu egiten naiz... eta amaigabeko zirkulu honetan betiko preso biziko naizela ohartzean, amildegian bera erortzen naiz, lurraren kontra ematen dut kolpea eta berriro hastera...
Iruzkinak
astrozoro 2007-12-08 20:05 #1
ezinegona gurean da, geratzeko etorria da, eta ez dago bera sahiesterik,ez. ez da gaixotasun bat, freudek esan bezala, ezinegona gure baldintza bat da eta berarekin jolasten ikasi behar dugu, bideratu. bada ezinegona aktiboki zuzentzeko modurik, gaixotasuna osasuna bilakatzekorik... bakarrik aurkitu behar dugu. eta orduan, lortuko bagenu, ez litzateke ezinegona desagertuko, baina bai baretu. <br />
Utzi iruzkina: